IRRATIA

Tropelako kiniela, txirrindularitza eta euskara 15 urtez bultzatzen

Naiz Irratiak saio honetan egunero Tropelako kinielen berri emateaz gain, etapa garrantzitsuenetan Naiz gunean izanen dira Tropelakoak, gainerako adituekin batera.

Taldeen aurkezpena gaur egingo dute Frantziako Tourrean.

This browser does not support the audio element.


Egoitz Lizaso Tropelako ordezkaria Naiz Irratian izan da. Beraientzat Frantziako Tourra urteko momenturik garrantzitsuena dela aitortu du, nahiz eta «egutegi xelebreak uztailean behar zuena abuztu bukaerara eraman duen».

Txirrindularitza kinielak egiten ditu Tropela Elkarteak. World Tour mailako lehiaketak egiten dituen arren, bestelako itzulietara begira ere egoten dira elkarteko kideak. Baina Frantziako Tourra gorriz dute markatuta egutegian: «Langa 20.000 kinieletan egon da, ea aurtengoan hori gainditzea lortzen dugun».

Tropelaren erabiltzaile gehienak Euskal Herrikoak direla dio Egoitz Lizasok, eta gero atzetik espainiarrak leudeke. Baina «Hego Amerikan gorakada bat izan dugu, batez ere, Kolonbiako txirrindulariek eraginda», azaldu du Lizasok Naiz Irratian. Euskal Herriko parte hartzeari dagokionez, herri batzuk parte hartze handia dutela aipatu du: Oñati, Azkoitia, Arrasate, Zarautz…

«Zaletu bereziak edota kinielak egiten artea duten asko daude herri horietan», azaldu du Tropelako kideak Naiz Irratian. Kinielak asmatzeko gakoa zein den galdetuta, argi du Lizasok: «Ez da bereziki asko jakitea, baizik eta kinielak ondo egiten jakitea, lasterketa bakoitza guztiz desberdina delako».

Tropela aldatzen joan da kinielak egiteko moduan «geroz eta espezializatuagoa» izaten ari baita txirrindulariak aukeratzea. «15 urte pasa dira jolas honekin hasi zirenetik. Euskara eta txirrindularitza uztartzea eta euskara mundu horretan sustatzea ziren helburuak. Garai hartan ez zegoen ez mugikor ez tabletarik Internetera konektatzen zenik eta gaur egun informazioaren eta konektibitatearen aroan gaude. Hartara, ahalik jende gehienak parte hartzea izan da gure helburua».

Edukiak euskaraz sortzeko bide horretan, 2010. urtean podcast-ak egiten hasi ziren eta hala jarraitzen dute gaur egun ere. «Maiztasunak, gaiak eta abar aldatzen joan dira», ekarri du gogora Egoitz Lizasok. Tourraren inguruan sortutako podcast-ak Naiz Irratian entzun ahal izango dira, halaber.

«Nahikoa gardenak garela esango nuke eta arriskuak hartzen ditugu. Gero etortzen dira deskalabruak. Izan ere, guk ere akatsak egiten ditugu!», erantsi du Tropelako kideak.

«Sailkapenak egiteak ez du hainbesteko lana ematen. Akaso hori da lanik errazena. Etapa bakoitzean 20 lehenek ematen dituzte puntuak eta sailkapen nagusiko lehen seiek. Hartara, ez dira hainbeste datu sartu behar. Behin horiek sartuta, botoi bati ematea da. Programazio ona daukagu zorionez gure webgunean eta erraz egiten da. Adi egotea da kontua». Anekdota modura, «azken Dauphinen Tony Martin 40 minutu berandu iritsi zen, hartara puntuak eman genizkion, baina gero kontrolez kanpo sartu zela esan ziguten eta berriz ere puntu horiek kendu behar izan genizkion. Eskerrak jarraitzaile finak ditugun eta haiek ere informazioa ematen diguten!».