IRRATIA

Den-dena prest Tourreko etapa guztien zuzeneko jarraipena egiteko

Covid-19aren pandemia dela eta, uztailean beharrean, abuztu eta irailean lehiatuko da 2020ko Frantziako Tourra. Larunbatean abiatuko da tropela Nizatik eta 21 etapa egin ostean (irailak 20) iritsiko da Parisera. Guztira, 3.470 kilometro, tartean Alpeak eta Pirinioak, jakina, eta Naiz Irratiak zuzenean eskainiko ditu etapa guzti-guztiak. Iñigo Asensio kirol kazetariak gidatuko du saioa eta hainbat aditu izango ditu ondoan.

Iñigo Asensio izango da Tourreko kontakizunaren gidari

This browser does not support the audio element.


Iazko bideari jarraiki, aurten ere Iñigo Asensio kirol kazetariak egingo du Frantziako Tourraren kontaketa Naiz Irratian. Pasa den edizioan, birako azken 10 etapetan zuzeneko emisioa egin zen eta aurten, aldiz, lasterketa osoarena. Asensiok aditu kolaboratzaile talde bat izango du lagun: Ainhoa Artolazabal txirrindulari ohia eta egun entrenatzailea, Iñaki Arratibel kirol medikua, Leire Olaberria eta Asier Maeztu txirrindulariak, Joseba Iturria GARAko kazetaria, eta Tropela Elkarteko Egoitz Lizaso.

Tropela Elkarteak ere parte hartze berezia izango du eta, besteak beste, egunero egingo da bere kinielen errepasoa. Aurtengo ez-ohiko egoera delarik, Naiz Tour jokorik ez da egongo, bai ordea Tropelako lehiaketa hau gertutik jarraitu eta berarekin gozatzeko aukera.

Pandemiak behartuta ere, iaz bezala etapak Zurriolako Naiz Gunean ikustea guztiz ezinezkoa izango da. Irratiak, ordea, lana biderkatuko du. Etapa lauak direnean 16:00etan hasiko da kontakizuna. Gainerakoetan, 15:30etik aurrera.

Txirrindularitza etapak kontatzeko esatari lanetan eskarmentu handia du Asensiok. Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa…«Izugarri gustatzen zait estetikoki txirrindularitza kontakizuna» esan du tolosarrak Naiz Irratian. Euskal Herrian zaletasun handia dagoela eta jendeak kirol honetaz asko dakiela aurretik jarrita, «ez da nahikoa beste herrialde batzuetan bezala kontatzea», adierazi du esatariak.

Horretan sakonduz, «zaletuarekin konektatu egin behar da eta ahalegina eskatzen du horrek. Informazio pila bat eduki behar da momentuan eta ordenatuta. Baina lan hori egitea asko gustatzen zait. Speaker lanetan ez bezala, zorionez, irratian ordenagailuaren babesa daukagu. Kontua da hemen ez dela nahikoa gutxi gorabeherako kontakizun bat egitea. Zuk arnasa hartzerako zaletuek ikusi baitute xehetasunik txikiena ere».

Naiz Irratiko zuzenekoak 10 etapa izatetik 21 izatera pasatzeaz gain, Tropelaren parte hartzea da aurtengo berritasun nabarmenenetako bat. «Tropelakoak gurekin izatea luxua izango da, saioari indarra emango dio eta gainera Tropelako zaletuekin konektatzeko aukera emango digu», nabarmendu du Asensiok.

Euskal txirrindulariek izango duten presentziari buruz galdetuta Asensiok argi du: «Dir-dir egiten ikustea ez da erraza, normalean morrontza lanetan ikusten ditugu». Hala ere, «Tourra arraroa izango da», ohartarazi du, «aurreikuspenak egiteko zailena». Aurtengoa «gozatzeko modukoa» izango dela ez du zalantzan jartzen.

Frantziako Tourra FM eta streaming bidez jarraitu ahal izango da Naiz Irratian. FM bidez: Bilbo 92.2, Urola 91.8, Goierri 102.2 , Donostia 93.8, Leitza 95.1, Durango 97.4, Gasteiz 91.5, Bortziriak 103.1. Streaming bidez: irratia.naiz.eus.