IRRATIA

«Belar hockeyko liga guztiak bertan behera geratu dira»

Belar hockeyan erabakia hartuta dagoeneko, liga guztiak bertan behera uztea erabaki du federazioak. Planteamendua guztiz aldatu behar izan dute Realeko hockey taldeko neskek, izan ere, aurredenboraldi moduko bat egitea zen aurreikuspena, baina egoera ikusita taldean bilduko dira erabakirik aproposena hartzeko asmotan. Naiz Irratian izan da Ane Erguin Realko belar hockey jokalaria.

Ane Erguin Realeko belar hockey taldeko jokalaria.

This browser does not support the audio element.


Hasi dira federazioetatik erabakiak hartzen eta belar hockeyaren kasuan liga denak bertan behera uzteko erabakia hartu da. Gurean izan dugu Ane Erguin Realeko hockey taldeko jokalaria eta berak eman digu egoeraren berri: «orain arte aurredenboraldi moduko bat planteatzea aurreikusten genuen, baina gaur bertan esan digute federaziotik liga bertan behera geratzen dela, beraz bihar bilduko gara egoera honen aurrean zer egin planteatzeko». 

Dagoeneko kirolari profesional batzuk beraien instalazioetan entrenatzeko aukera izaten ari dira, baina Erguinek esan bezala «gu kirol federatuak gara, beraz ez dugu instalazioetan entrenatzeko aukera hori. Bestek guztiek bezala baimendutako ordutegi horien barruan dugu aukera hori». Gaineratu du bi hilabete geldirik egon ostean, «pixkanaka» hasi direla orain lanean. 

Federazioak hartutako erabakiari dagokionez «bi igoera egongo dira eta jaitsierarik ez, beraz datorren denboraldian 10 beharrean 12 talde izango gara. Aldiz, hurrengo denboraldian 3 talde jaitsiko dira berriro ere normaltasunera itzultzeko» dio Erguinek. Eta nabarmendu  du beraientzako «oso garrantzitsua» zela hartutako erabakia,  kontutan eduki behar da jaitsiera postuetan kokatzen zen Reala une honetan. 

Bestetik, generoaren ikuspegitik Erguinek kontatu digu Euskal Herri mailan emakume talde asko daudela hockeyan. «Espainia mailan, gizonezkoak gehiago dira, baina Euskal Herrian neska talde ugari ditugu. Honek ere laguntzen digu mediatikoki oihartzun zertxobait gehiago izaten» dio Realeko jokalariak. Beraien kasuan, Reala izanda, agian erraztasun gehiago dutela hedabideetan oihartzuna izate horretan.

Erguinek kontatu digu gazte ugari dabiltzala hockeyan, «bai mutil, bai neska gazte mordo bat. Aurten lehenengo urtez gelditu behar izan ditugu inskripzioak, ez bai ginen zelaian sartzen» dio Realeko jokalariak.