IRRATIA

Baratzeetara joateko debekuak ezinegona sortu du erabiltzaile eta nekazarien artean

Orain bai, orain ez. Baratzetarako baimenak eta debekuak bata bestearen atzetik iritsi dira koronabirusaren inguruko alarma egoeran. Foruzaingoaren azken argipenak biziraupenerako ez den kasu guztietan debekatzen du baratzerako joan-etorria. Mikel Agirre (Uliako Lore baratzak) eta Imanol Ibero (EHNEko Nafarroako lehendakaria) izan dira NAIZ Irratian. 

Baratza.

This browser does not support the audio element.


Nafarroako Foruzaingoak argitaratutako ohar horren arabera, Espainiako Barne Ministerioak momentuz guztiz debekatu die herritarrei euren baratzetara joatea. Mikel Agirre Uliako Lore Baratzak-eko kidea da eta nahiko haserre mintzatu da erabaki honen inguruan. Adierazi du oso erlatiboa iruditzen zaiola erabakia. Gainera ohar horretan irakur daiteke baratzetara joateko salbuespena baratzeko produktu horiek nagusiaren biziraupenerako ezinbestekoak izatea da.«Nola neurtuko dute hori? Zer hasiko dira jendeari galdezka, ea gosez hilko diren?».

Mikel Agirrek gaineratu du baratzetara joan ahal izateko egiten duten eskaera ez dela gaurko uzta jasotzeko. «Hilabete klabea da datorren uda osoari begira». Agirrek azaldu du urteko hilabeterik garrantzitsuenak direla lurra landu eta udan zehar jakiak jasotzeko. Haserre mintzatu da, eta gaineratu du arau horiek ezartzen ari denak ez duela gaiaren inguruko argibiderik. Agirrek dio osasun erabiltzen direla gauza batzuk erabakitzeko, eta ez du ulertzen baratzeekiko jarritako debekua. Bere hitzetan ez du zentzurik norbere lanketako produktuak ereitea debekatzea eta gero herritarrak supermerkatura joatera behartzea erosketak egitera, kutsatzeko arriskua altuagoa denean. «Osasuna hain garrantzitsua den momentuan zer hobeto bakoitzak bere baratzetik hartzen dituen jakiak baino».

EHNE sindikatuak ez zuen horrelako neurririk espero

Imanol Ibero, Nafarroako EHNEko presidentea da eta azaldu du sindikatuak ez zuela horrelako neurririk espero bere esanetan «hain segurua den jardun baterako». Espainiar estatuan ezarritako neurriak autonomia erkidegoetan aldatu daitezkeen galdetutakoan, Iberok azaldu du ez dakitela oso ondo nola funtzionatzen duen horrek. Badaki ordea estatuan hartutako erabakiak ez direla homogeneoak erkidego guztietan.

Une honetan, Nafarroan ezarri dituzten neurrien arabera astean bitan joan daiteke herritar bat bere baratzea lantzera, esan bezala, beti ere bere biziraupenerako ezinbestekoa bada. «Zure lurren erregistroa erakutsi behar duzu eskatzen badizute». Iberok azaldu du nola polizia agenteren bat hurbilduz gero, lurra lantzen ari den horrek bere lurren erregistroa erakutsi behar diela agenteei.«Gainera baratzera joan den pertsonak erakutsi behar du bere biziraupenerako beharrezkoa dela».

Iberok azaldu du balore monetarioetatik harago, herritarrak norbere elikadura kontsumo bideetatik lortzera behartzea gehiegizkoa dela.