Estitxu Pinatxo: «Beratarrok, musika elkarbanatuz aberastu ditugu gure fonotekak»
Musika ikasketetan murgilduta eman zituen urteak Estitxu Pinatxok. Egun, irakaskuntza eta musika uztartzen ditu bere egunerokoan. Ibilbide horretan jasotako influentziekin osatuko ditu apirileko astelehenetan 'Beste Bat' saioak.
This browser does not support the audio element.
Zentsura izan du ardatz Estitxu Pinatxok (Bera, 1987) Naiz Irratiko bere lehenengo 'Beste Bat' saioan. Datorrenetan 'emakumeak eta bluesa' gaiari helduko dio, musikaren historian egindako bertsioak eta 2020ko kantuen errepasoa egingo du.
Berako herria musikari oso lotua dagoen herria izan da beti, horren isla bertan sortu diren abeslari eta taldeak: Joseba Irazoki, Borrokan, Joseba B.Lenoir, Petti, Iñigo Telletxea, Estitxu, Igor Telletxea, Sexty Sexers... Horren inguruan galdetu eta horrela esan digu Estitxuk: «badago halako giro musikal bat Beran. Ez da erraza azaltzeko, baina herrian dituzun erreferenteek erakartzen zaituzte. Musika eskolak badu horretan zerikusirik, baina baita ere Udalak eta herriko ostatuek ere».
15 urterekin musika profesionalerako saltoa eman zuen eta beste hainbeste urte pasa behar izan dira bere lehen diskoa kaleratzeko. Bere buruari jarritako esijentzia maila tarteko.
Ibilbide luze horretan izandako musika iturriaren tanta batzuk ekarriko dizkigu, astelehenero-astelehenero 'Beste Bat' saioetara.