IRRATIA

Foro Soziala: «Presoen gaia benetan mahai gainean jartzen ari da»

Foro Sozialeko Teresa Todarekin euskal presoek jasaten duten espetxe politika aldatzeko dauden aukeren inguruan aritu gara

Joseba Azkarraga,Rosa Rodero, Gemma Zabaleta y Teresa Toda. (FOKU)

This browser does not support the audio element.


Jonan Fernandez Lakuako gobernuko bizikidetza idazkariak euskal presoen inguruan Espainiako gobernuari proposamen eguneratu bat aurkeztuko diotela iragarri ostean, Foro Sozialeko Teresa Todak azaldu digu eragile honek ez dituela beste eragileen adierazpenak baloratzen, bere lana Euskal Herriko gatazkaren ondorioak konpontzeko ezberdinen arteko akordioak lortzea dela eta horretarako diskrezioz jokatzen duela.

Fernandezen adierazpenen harira, Todak nabarmendu duena da nabaritzen dela «presoen gaia benetan mahai gainean jartzen ari dela» eta «hori oso inportantea da guretzat», baieztatu du. Azken aldian presoen inguruan izan diren adierazpen ugariak eta Bilbo eta Baionako manifestazioak kontuan hartuta, «ikusten da euskal gizartean badagoela borondatea, gogoa eta beharra behingoz presoen garaiari eta haien senideen egoera latzari bukaera emateko eta gauzak beste modu batean egiteko», dio.

Foro Sozialeko ordezkariak gaineratu du gatazkaren ondorioak konpontzeko korapilo nagusiak hiru direla. Presoena batetik eta horrekin batera «biktima guztiei eskubide guztiak aitortzea». Hirugarren korapiloa, oraindik lantzeke dagoela azaldu du, gai konplexua dela baieztatuz. «Memoria kritiko eta inklusibo baten eraikuntzan aritu beharko gara momentu batean, baina oraindik gai konplikatua da, alderdien artean tirabirarako erabiltzen da». Hain justu, presoen gaian alderdikeria baztertu behar dela defendatu du. Gaur gaurkoz, presoak eta biktimak dira, Todaren esanetan, «konponbiderako, elkarbizitza demokratikorako funtsezko bi korapiloak».

Euskal Herrian, instituzio ezberdinetan, presoen gerturatzearen eta larri gaixo daudenen kaleratzearen inguruko adostasuna zabala dela gogoratu du. Bada elementu berri bat, edonola, Todaren esanetan; «hasieran planteamendu hauek orokorrean nahiko humanitarioak ziren orain pausu bat eman da, jada ez da bakarrik ikuspegi horretatik lantzen, ikusten da prozesu guztia elkarbizitza demokratikorako pausu garrantzitsua izango dela. Aldaketa garrantzitsua da guretzat, gaia egon behar den tokian kokatzen du».

Azken hilabeteetan, Pedro Sanchez Espainiako gobernuaren buru izan den 18 hilabeteetan «pausu txiki batzuk» eman direla baieztatu du Todak eta une honetan badagoela giro «positiboago» bat. Ordea, erabakiak behar direla gogoratu du. «Ikusi behar da ea benetan orain zerbait etortzen den Madriletik eta gauzak mugitzen hasten diren, ez tantaz tanta, modu konstante batean baizik».