Live
Txikitatik ezagutzen dute elkar Mirail taldekoek, baina sekulan ere ez zuten ezertxo ere kaleratu. Taldekideek beren bideak egin eta zituzten proiektuak utzi ostean berriz ere elkartu dira lan bat publikatzeraino. Martin Barrientos, Jon Iturbe, Iñigo Labat, Jon Sanchez eta Julen Sarasuak osatzen dute taldea, bakoitzak bere alea batuz Mirailen unibertsoari.
Zazpi abesti publikatu ditu Urnietako taldeak, eta lanaren titulutik zerbait adierazi nahi dutela argi dago. Indartsu hasten dute lana ‘Amildu arren’ kantuarekin eta garai bateko metalaren eragina eta gaur egungo tendentzien uztarketa entzungo dugula argi eta garbi geratzen zaigu.
Hiru abesti grabatzera joan ziren hasiera batean Zarauzko Noise estudiora Oihan Lizasoren gidaritzapean, baina bateria prest zegoela aprobetxatuz, zituzten demoak grabatu zituzten etorkizunerako. Bada, azkenean zazpi kantuak grabatuz bukatu zuten. Sokak etxean grabatu dituzte eta baita koroak ere. «Pausoka joan gara guztia egiten. Bateriak grabatzera joan ginen, baina kantuak bukatu gabe ziren. Lokalera itzuli eta gitarrak txukun jarri eta aurrera. Artisau lana izan da, pausoka egiten joan garena, eta une batez esan genion gure buruari ea nahiago genuen bidea edo bideaz nazkatzen ari ote ginen, kar-kar», kontatu digu Julen Sarasua taldekideak.
Zuzenekoak eskainiz hasi dira, herrian bertan, baina gehiago ere etorriko dira laster, adi haien sareei.



