Live
«Iazko esperientzia badugu, jada ez da gauza berria»
Beti Onakek denboraldiari amaiera borobila eman nahi dio Kopan beste behin ere maila ona erakutsita. Nafarrak egungo txapeldunordeak dira, eta aurten ere garaikurraren lehian egotea dute helburu. Laida Urbitarte jokalariaren hitzetan, «iazko esperientzia badugu, jada ez da gauza berria».
«Iazko esperientzia badugu, jada ez da gauza berria»

Ligako play-offetatik kanpo geratu ostean, Kopan dute arreta jarrita Beti Onakeko jokalariek. Erronka berri bati egingo diote aurre, eta helburua argia da: garaikurra irabazteko lehian egotea. Iaz txapeldunorde izan ziren nafarrak, Bera Beraren aurka galduta finalean, eta aurten ere pauso bat harago eman nahi dute. Urbitartek azaldu duenez, «iazko esperientzia badugu, jada ez da gauza berria».
Ligako garaikurra eskuratzeko aukerarik gabe geratu zarete Malagan. Pentsatzen dut kolpe gogorra izan dela, nola gertatu den ikusita: kanporaketako itzuliko partida luzapenera eramateko aukera zazpi metroetatik izan zenuten, eta azkenean, ezta hori ere.
Ba bai. Egia esanda, nahiko zapuztuta gaude partida ia guztian kanporaketa gurea izan zelako, nahiz eta tarteka berdinduta edo gol batez azpitik joan. Baina azkeneko bost minutuetan beraiek eskarmentua erakutsi zuten eta hortxe geratu ginen.
Zapuztuta zaudetela esan duzu. Ez dakit taldea oraindik kolpetxo horrekin dagoen oraindik ala buelta emanda, Kopara begira zaudeten.
Gaur arte –asteartea– jai eduko dugu eta atzokoa atseden hartzeko eman ziguten, Malagatik nahiko berandu iritsi ginelako. Arratsalde honetan espero dut talde osoa gogotsu joatea entrenatzera eta burua Kopan edukitzea, lehiaketa hauxe bakarrik geratzen zaigu-eta.
Ostiralean abiatuko da Kopa. Beste aukera bat taldearentzat garaikur baten borrokan egoteko. Erronka eder bat duzue aurrean.
Hala da eta gogotsu heltzen diogu. Ligarekin alderatuta guztiz ezberdina da Kopa eta iazko esperientzia hor daukagunez, ez da gauza berria eta ilusio handia sortzen digu.
Kopako erronkak laguntzen al dizue joan den asteburuan gertatu zenari buelta gehiegi ez emateko?
Hori da. Ongi etorriko zaigu sentsazio onekin bukatzeko behintzat denboraldia.
Zu oriotarra izanda, Kopa Donostian izatea etxean jokatzea da. Beti Onakentzat, agian etxean ez da, baina bai oso gertu.
Halaxe da. Nik uste iaz Granollerseraino jende asko joan bazen gu ikustera eta animoak ematera, aurten Donostiara oraindik eta gehiago etortzea espero dugu. Etxekoak, lagunak eta ezagunak ere gerturatuko direla espero dut eta nik uste nahikoa etxean sentituko garela gu ere.
Ligan play-offetan kanpoan geratu bazarete ere, Ligan maila ona ematetik zatozte eta denboraldia oso txukun joan zaizue. Iaz Kopako txapeldunorde izan zinetelarik, honek konfiantza emango dizue datorrenari begira?
Hori da, bai. Gu Kopan izatea ez da nobedadea ez ezer berria, baina esperientzia horrekin jokatzen jakingo dugula espero dut. Aukeran urduritasun gutxixeagorekin arituko al gara, baina egia da baita ere urduritasuna beti hor dagoela halako zerbait jokatzen duzunean, baina nik uste iazko esperientzia horrek lagunduko digula.
Urduritasun hori, baina, normala eta beharrezkoa ez al da?
Bai, bai! (Barrez) Urduritasun hori ona da eta behar da.
Lehenengo urratsa ostiralean bertan Atletico Guardesen aurka izango duzue. Fase Erregularrean etxean irabazi egin zenioten eta etxetik kanpo, galdu. Niolako aurkaria espero duzu? Antzik izango al du Fase Erregularreko partidekin alderatuta?
Partida berdindua izango dela uste dut eta zentzu horretan, Ligako neurketekiko antzik izango du, baina bestela ez du antzekotasun handirik izango. Beste lehiaketa bati buruz ari gara eta guztiz aldatzen da dena. Edozer gertatu liteke.
Adibidez, iaz guk kanporatu genituen final-laurdenetan eta nik uste guri irabazteko gogotsu etorriko direla (Irribarrez), errebantxa bila. Baina hain justu horregatik, guk are eta gogo handiagoz jokatuko dugu, beraien aurka irabazteko aukerak ikusten ditugun aurkaria baita.
Zerk pisatuko du hor gehiago: Guardesen errebantxa gogoak ala zuek beraiei irabazteko gai zaretela ikusteak?
Azken txirrinak jotzen duen arte, ezingo dugu jakin. (Barrez)
Bajaren bat edo beste baduzue taldean, ezta?
Bai. Epe luzerako bajak Estitxu –Rodriguez– eta Maialen –Orbañanos– ditugu, eta orain Elsak –Ventura– ere min hartu du eta azken jardunaldietan jokatu ezinik geratu da. Egia esanda, ez gaude gure momentu onenean, baina egia da denboraldi hionetan lesioekin ez dugula zorte handirik izan eta gainera epe luzekoak izan dira lesio hauek. Hala ere, aurre egiteko gai izan gara eta orain ere horrela egitea espero dugu.
Denboraldi hasieran komeriak izan genituen, baina puntu batzuek atera genituen eta orain, alderatuta, hobeto gaude, eta tira!
Bera Beraren aurka jokatuz gero agian ez, baina bestela esan liteke zuek ere etxean jokatuko duzuela. Jendea inguratuko zaizue animoak ematera.
Hori da, bai. Azkenean talde ezberdinetan hemendik gertuko jokalari asko daude eta horrek jende gehiago etortzea bultzatuko du ere. Baina guri dagokigunez, garbi daukat etxean sentituko garela. Iaz Granollersen gurekin izan zen jendea ikusita, eta aintzat hartuta aurten Atarrabiatik ordubetera gaudela, jende asko etorriko dela espero dut eta, beraz, «marea berde» hori oso handia izatea.
Datorren urtera begira baja ziur batzuek badituzue: Aileen Ripa, Kelly Fonkeng eta Maria Brasil, baina gainontzean askok ere kontratua berritu duzue, tartean zuk zeuk ere bai. Gustura beraz?
Laugarren urtearen bila, oso gustura ere! Etxetik gertu nago eta bestela ere etxean sentiarazten zaituzte... Ezin naiz kexatu eta hori zorte handia izatea da.
Miguel Etxeberria entrenatzaileak ere jarraituko du. Pentsatzen dut proiektuak jarraipena izan dezan berri ona dela.
Hori da. Seinale ona da beti blokea mantentzea. Urtez urte elkar gehiago eta hobeto ezagutzen dugu, konfiantza gehiago dugu elkarrekiko eta horrek beti laguntzen du.
Taldea Lehenengo Mailan egonkortu dela esan liteke, gorenera iritsi zenetik erakutsi duen bilakaerarekin.
Nik uste aurten aurpegia atera dugula, bai. Iaztik hona jauzi handi bat egin du taldeak. Jokatzeko moduan eta esperientziari dagokionez, nik uste aldea dagoela iaztik hona, eta datorren urtean oraindik eta hobea izatea espero dut. Eta hobeto bukatzea (irribarrez).
Zuk ere taldea 2022an gorenera igo zenetik barrutik ezagutu duzu taldearen bilakaera. Nola baloratuko zenuke orain arte egindakoa?
Taldeak gorenean egin zuen aurreneko urtean ni ez nengoen, baizik eta 2023tik aurrera. Lehenengo nire urte horretan bai sufritu genuen pixka bat. Iazkoa, 2024/25 denboraldia, ongi hasi genuen baina azkenerako denboraldia gogorra egin zitzaigun, Gabonetatik buelta bururik altxa ezinik ibili ginelako eta azkeneko partidara arte ez genekien play-downa –jaitsiera saihesteko fasea– jokatuko genuen ala ez, baina salbatu ginen behintzat.
Aurten, berriz, dezenteko jauzia egin dugu. Partida gehiago jokatu ditugu Europan ere aritu garelako, eta horrek azkenerako, nik uste, asko irakatsi digula.
Europan debuta, Kopan txapeldunorde, aurten ere Koparako sailkatuta, Superkopan eta Ligarako borrokan... Taldea handiago egiteko irakaspenak dira, ezta?
Bai, bai! Guztiz! Zenbat eta gehiago jokatu zure burua gehiago ezagutzen duzu eta badakizu zertara jokatu behar duzun eta hori azkenerako oso ona da taldearentzat.



