Live
«Osasun sistema publikoa indartzea da gure helburua»
Osasun Itunaren inplementazio eta jarraipen prozesua abian da Osakidetzan, eta bere egoera zein erronkak azaldu ditu Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak NAIZ Irratian izandako elkarrizketan: «Osasun Itunaren helburua izan da, eta jarraitzen du izaten, osasun sistema publikoa indartzea».
«Osasun sistema publikoa indartzea da gure helburua»

Bilbaok gogorarazi du Osasun Ituna 2024ko irailean abiatu zela, 30 eragile baino gehiagoren parte-hartzearekin. «Diagnostikoa, printzipioak eta balioak eta 24 lerro estrategiko landu dira», azaldu du, eta egun, «165 helburu, 350 ekintza eta 160 adierazleren» egituraketa zehatzagoan ari direla lanean. Helburua ekintza bakoitzari arduraduna eta egutegia ezartzea da.
Herritarren kezka nagusietako bat lehen arretaren egoera dela nabarmendu du Bilbaok: «Gaur egun kezka nagusia lehen arreta da; mediku falta gehien arlo horretan dugu». Haren esanetan, herri txikietako kontsultategietan ordutegiak betetzea zaila da eta hitzorduak atzerapenez ematen dira. Hori arintzeko, web bidezko zerbitzuak eta harrera-prozesuak hobetzeko konpromisoa adierazi du: «Guk nahi duguna da egoera horri buelta ematea».
Pazienteen parte-hartzeari dagokionez, Osasun Itunak jauzi kualitatiboa ekarri duela dio: «Gure kezka nagusietako bat izan da pazienteak nola integratu erabaki-guneetan». Horretarako dekretu berri bat prestatzen ari dira, pazienteen elkarteen erregistro ofiziala sortzeko.
Publiko-pribatuaren harremana eta anbulantzien etorkizuna
Itunaren eztabaida handietako bat izan da osasun publikoaren eta pribatuaren arteko oreka. Bilbaoren esanetan, «oreka bat mantendu behar da, kolaborazio publiko-pribatua onuragarria delako», nahiz eta azaldu duen azken urteetan «tendentzia aldatzen» ari dela eta publifikazio prozesuak bideratzen ari direla, hala nola Gipuzkoako anbulantzia medikalizatuen kasuan.
Euskal Autonomia Erkidegoan Nafarroak ezarritako ereduko anbulantzia-sozietate publikoa ezartzearen inguruan, Bilbaok adierazi du oraindik ebaluazio fasean daudela: «Aztertzen ari gara nola ari den bilakatzen zerbitzua beste autonomia erkidegoetan; pausoz pauso joango gara».
Tolosako ospitale berria, Donostiarekin lotuta
Proiektu estrategikoetako bat Tolosako ospitale berria da. Bilbaok argitu du ez dela eskualdeko ospitale autonomo bat izango: «Ez da izango eskualdeko ospitalea; Donostiako Ospitalearen menpe egongo da eta handik joango dira profesionalak».
Asuncion klinikako langileen subrogazio eskaerari buruz, argi mintzatu da: «Subrogazioa ez da aplikagarria kasu honetan». Hala ere, langile horien lan-egoera errazteko plan bat mahai sektorialean aurkeztuko dutela iragarri du.
Psikologoen inguruko polemikaz ere mintzatu da. Proiektu pilotua martxan dago eta kritikak jaso baditu ere, Bilbaok defendatu du eredua: «Psikologiako gradua eta masterra izatea nahikoa dela uste dugu lehen arretarako». Bederatzi plaza betetzeko deialdia egin dute eta «1000 eskaera baino gehiago» jaso dituzte.
Zailak diren lanpostuak eta mediku-falta
OPE bereziaren ondoren beteko ez diren lanpostuen inguruan, Bilbaok azaldu du zailtasun handiak daudela arratsaldeko txandetan, herri txikietako kontsultetan eta lan biren arteko konbinazioak eskatzen dituzten lanpostuetan: «Benetan zailak dira lanpostu horiek; betetzeko zailak suertatzen ari dira».
Herrian formatutako medikuei konpromisoak eskatzeaz galdetuta, zailtasunak nabarmendu ditu: «Ikasleei konpromisoa eskatzea zaila da». Hala ere, datu baikorrak eman ditu: «MIR plazen %70 baino gehiago hemen gelditzen dira, eta aurten 100 profesional baino gehiago etorri dira beste erkidego batzuetatik».
Euskara eta medikuen eskasia
Euskararen erabilera bermatzeko erronkaz, argi mintzatu da: «Gure lehentasuna da pazienteak bere hizkuntzan artatzea». Hala ere, mediku-faltaren testuinguruan malgutasuna behar dela aitortu du: «Euskalduna izatea hobeto, baina gaur egungo kezka medikuak izatea da; hori da premiazkoena».



