Live

Interview
Iñigo Etxarri eta Lide Hernando
Bele taldeko ekoizlea eta sortzailea

«Ez dut oso ondo ulertzen zergatik Euskal Herrian ez daukagun musika honekiko pasiorik»

Musika beltzaren mundua aspalditik miresten du Lide Hernando Muñozek (Donostia, 1991) eta erabat horretara bideratu du berak abiatutako Bele proiektua. Ondoan hartu du horretarako ekoizle gisan Iñigo Etxarri Sistiaga (Pasai Donibane, 1989). ‘Herrari’ diskoan barna bidaiatu dugu haien eskutik.

Audio_placeholder

«Ez dut oso ondo ulertzen zergatik Euskal Herrian ez daukagun musika honekiko pasiorik»

Loading player...
Lide Hernando eta Iñigo Etxarri egon dira burubelarri Beleren ‘Herrari’ diskoaren sorkuntzan.
Lide Hernando eta Iñigo Etxarri egon dira burubelarri Beleren ‘Herrari’ diskoaren sorkuntzan. (BIZKAIMUSIC)

Hilabete luzeetako lana izan da diskoarena.

Lide Hernando: Pentsatzen jarri nintzen eta 15 hilabeteko lana izan da diskoarena, 2022ko abenduan hasi ginen honetan.

Iñigo Etxarri: Izatez, hasi, hasi, pandemian hasi ginen.

Orain arte egiten ari zineten horretatik txip aldaketa egiteko tarte laburra izan duzue oso, beraz.

L.H.: Txipa aldatzen zihoan aurretik. Entzule bezala, gozatze hutsagatik, r&b-a, musika beltza, pop-a, entzuten lehendabizi, eta, gero, pandemia ostean, kontsumitzen nuen dagoeneko gauzak nola egiten ziren eta abar ondo aztertuz.

Ekoizlea zu izan zara Iñigo, kasko hauetatik ondo entzuten da?

I.E.: Bueno… kar-kar. Bai, bai.

Diot, beti esaten duzulako kaskoetatik entzun behar dela musika.

I.E.: Kontua da zuk erabiltzen dituzun kasko horiek ondo ezagutzea, edo entzuteko erabiltzen duzun gailua beti bera izan dadila. Gero, ahalik eta txukunena bada, hobeto. Estudioan oso garestiak diren kasko batzuk baditut, baina azken entzunaldia, beti-beti, 20 euroko kasko batzuekin egiten dut, haiek baitira nire gogokoenak.

L.H.: Niretzat ere kasko horietan ondo entzuten bada, nire oniritzia du.

Diskoaren sarrerara goazen. Ahotsak sekulako protagonismoa du, r&b estiloan, baina, niretzat, musika zuria da eta ez beltza.

L.H.: Niretzat gospela dago hor. Ea, txuria da ni txuria naizelako, baina irudikatzen dut melodia hori beltz batek abestuta. Baina ulertzen dut esan nahi duzuna. Kantu honek, adibidez, badu ukitu Disney bat eta horrek txurira eramaten du halabeharrez.

Leherketarekin eta soinu aldaketarekin, «baso ilun» esaten duzu eta bagoaz baso ilunera zuzenean.

I.E.: Sorginaren bidera ezta?

L.H.: Kasu honetan letra aurretik idatzi nuen, hasieran naifa zen oso, bizitzan galduta nintzela ez nekiela nora noan eta halakoak aipatuz eta baso ilunaren ideiak musika ere horretara bideratzera eraman zuen. Etxarri geruzak sortzen ari zen bitartean, diskoaren trailerra bezala irudikatzen genuen abestia.

Zaratatxo batzuen artean, kate soinua entzun dudala esango nuke.

I.E.: Katearen soinua dago, whatsapparena, instagramarena…

L.H.: Kate zaharrak eta berriak. Diskoko bigarren kantuak ‘working song’ moduko bat dela iradokitzen du, hau da, esklabu afroamerikarrek sortutako musika estilora goaz Louisianara. Kateak halabeharrez daude haien musikan. ‘Herrari’ hitza asko erabiltzen da gospel munduan, amestutako hiri horretara bidean aurrera goazela noraezean esateko erabiltzen da asko, eta hortik dator kontzeptua. Horregatik entzuten dira kateak eta kate modernoak.

Sortzailearen krisiaz ari zara edo zure bizitzako etapa batean bizitzen ari zaren krisiaz?

L.H.: Bizitzako krisiaz. Askotan dudan krisia da. Garai honetan, adibidez, gauza gehiegi egiten ari naizenaren sentsazioa dut, zer erakutsi nahi ote dudan galdetzen diot nire buruari. Baina ez nago sekula gustora ‘hemen’. Galderak eta galderak nire buruari.

Koroetan, zenbat geruza sartu dituzue hasieratik?

I.E.: Buf, ez dakit. Bataz bestekoa hamarrekoa edo izango dira, lauzpabost ezkerrean eta beste hainbeste eskuinean. Hamar Lide batera, pareta soniko baten moduan.

«‘Herrari’ hitza asko erabiltzen da gospel munduan, amestutako hiri horretara bidean aurrera goazela noraezean esateko, eta hortik dator kontzeptua»

Aurrez pentsatuak ziren edota estudioan jolasean sortuak?

L.H.: Justu horiek aurretik pentsatuak ziren, baina beste batzuk momentuan sortuak izan ziren. Kantu hori buruan nuen eta armonizazio horrekin, gainera.

Harmoniak sortzeko gailurik erabiltzeko tentaziorik izan zenuten?

I.E.: Bai, eta erabili ere erabili ditugu. Erosi genuen halako harmonizatzeko gailu bat, baina ez zuen guk nahi genuen gisan lan egiten. Hortaz, batzuetan hobea da ahotsak modu organikoan sortzea kasu honetan bezalaxe.

L.H.: Baina arrazoi kontzeptualek ere eragiten zuten halako erabakiak hartzea, eta, kantu honetan, organikoak behar zuten argi eta garbi.

Bigarren tokian dator ‘Zerua irabazi’ eta lehen notak bat egiten du aurreko abestiaren azkenarekin.

L.H.: Nik argi neukan diskoko bigarren abestia izatea nahi nuela eta, konturatu ginenean tonu berean zeudela, guztia ahalik eta hobekien findu genuen.

Xehetasunez jositako disko bat dela ikusita, ekoizpen lan handia duela ikusita… martxan jarri zinetenean hainbesteko lana izango zenik aurreikusten zenuten?

L.H.: Keba, gogoratzen zara disko minimalista bat egin nahi genuela esaten genuela?

I.E.: Egia da minimalistatik hasten zarela eta elementu gutxirekin. Sukaldean hasi eta elementuak gehitzen doan pertsona hori bezala ibili naiz. Gero etorri dira komeriak, zuzenekoetara eraman behar delako eta oreka bilatu behar delako estudioaren eta zuzenekoaren artean. Baina, masterra iritsi zenean, orekatu zen guztia niretzat. Ez da minimalista, baina konplexuago egin zitekeen.

Geruza asko dituen abesti bat da ‘Zerua irabazi’, gainera.

I.E.: Bai, bai, eta artisau erara sortuak asko. Eskuz idatzitako MIDI asko daude eta soinuak ere ez dira aurrez prestatutakoak, sortu egin ditugu eskuz. Sintetizagailu bat hartu, pedal batetik pasa, berriz nik ez dakit nora bidali eta emaitza eman arte. Eta horrela hamarnaka geruza daude.

L.H.: Nik uste dut soinu urbano batzuk imitatuz ibili garela hainbat momentutan. Baina soinu urbanoetan Ableton programa erabiltzen da askotan, bukleak eta berak ematen dizkizunak, eta, gure kasuan, Iñigok sortu ditu.

I.E.: Bateriaren kasuan, esaterako, abesti bakoitzak du bere kutxa propioa, bonbo propioa… Bonbo bat agian ez da bakarra, agian hiru dira… Eta hor nire buruarekin izan nuen gatazka bat, abesti bakoitzak soinu desberdina zuelako eta estiloa ere hala zelako. Baina uste dut nahiko kohesionatua geratu dela guztia.

Azken singlea izan den ‘Inork ez du behar’ kantuan, ‘Coyote Ugly’ pelikulako une bat etorri zait burura, sintearen soinuagatik. Baina, batez ere, unisonoko momentua da oso ederra. Noren ideia da?

L.H.: Nirea dela esango nuke.

I.E.: Dagoeneko ez dut ezertxo ere gogoratzen nik, kar-kar.

L.H.: Bai, gogoratzen dut Iñigo erotu nuela, erritmoa markatuz, ahotsarekin egiten niola zer nahi nuen eta baxuarekin eta nola ibili zen grabatzen. Dibertigarria izan zen.

(Iratxe ETXEANDIA)

Nola egiten da abesti anti-erromantiko bat gozoa izanda?

L.H.: Bada, ez dakit. Baina hasieran melodia sortu genuen eta bada halako maketa bat halamoduz eginda. R&b musikan maitasun erromantikoaren gaia alde guztietatik agertzen da, pentsa, gure teknikariak, Ander Barriusok, «negros amorosos» esaten dio r&b musikari, eta arrazoi du! Hortaz, hori kritikatzen saiatu nintzen. Pisu handirik ez duen letra, izatez.

Pisu handia duen letra ‘Epel’ kantuarena da. Oso politikoa iruditzen zait. Baina kantua oso sensuala iruditu zait, diskoteka iluna baina tropikala ikusten dut hemen.

L.H.: Miami.

I.E.: GTAko diskoteka hori. Beno, ‘Scarface’ pelikulako diskoteka dela.

Harmonia bai, baina kantuaren baxua sekulakoa da.

L.H.: Oso dibertigarria izan da kantu hau sortzea, gero nahastea asko kostatu zaigun arren.

I.E.: Eta esango nuke hartualdi bakarrean grabatu genuela. Ez naiz Flea, oso sinplea da. Geruza gutxiago ditu eta ez da hain erreza izan nahi genuen soinura iristea. Baxuak sekulako pisua duelako eta elementuak erakutsi eta ezkutatzearen jolasa gustatzen zaidalako. Hortaz, elementu gutxirekin hori egitea zailagoa da.

L.H.: Oso elementu organikoak eta oso elektronikoak nahastea erabaki genuen. Natalia Lafourcaderen ‘María la curandera’ kunbia izan genuen erreferentzia moduan.

Mezu politikoa duela esan dut, «mundu honek nahi gaitu epel» horretatik eraikitzen delako kantua, ezta?

L.H.: Hori da. Zerbait ona bezala ikusten da, ezta? Zerbait neurtua, moderatua… Eta niretzat ez dago ezer okerragorik hori baino. Eta, batez ere Donostian, ezta? Esango nuke hor dagoela horren epizentroa. Gainera abesti latino, epel eta zikina nahi nuen sortu mezu hori emateko. Epelkeriaren kontra joateko abestia.

R&b klasikoenera goaz ‘Oilo ipurdia’ kantuarekin.

L.H.: Esango nuke 70etako soul musikara goazela. «Doinu zahar horrek» sorgindu ninduenean, soula deskubritzen dudan uneaz ari naiz. Sekulakoa izan zen hori niretzat. Eta ez dut oso ondo ulertzen zergatik Euskal Herrian ez daukagun musika honekiko pasiorik, sentimenduak mugitzen dituen estiloa dela uste dudalako. Baina, tira, hori da dagoena.

Soularen ukitu horrekin Amy Winehousen mundua etortzen da burura. Zuek orkestra zuen modura simulatu duzue.

I.E.: Egia esanda, ez nago oso harro.

«Parte bisualari Liherren baino garrantzia handiagoa eman nahi izan diogu agian, baina hemen beste lengoaia bat eta beste unibertso bat lantzen delako da»

Aurrekontu kontuak dira. Ura Bere Bidean bezalako proiektu batetarako oso aproposa den abestia da.

L.H.: Eskerrik asko! Liherren abestiren batekin edo besterekin ere badut sentsazio bera, baina bai, hau halaxe da. Oxala proiektu horretarako egunen batean deitzea, nahiko nuke. Orkestra sinfoniko batekin abesteak sekulakoa izan behar du. Aiora Renteria Zea Maysen ‘Elektrizitatea’ abesten entzun nuenetik flipatu egin nuen. Erreferentzia moduan Amy Winehouse baino, Adele ikusten dut nik. Britsoul bezala etiketatu izan dute hori, zuria delako.

Umetan r&b musika entzuten zenuen?

L.H.: Noski baietz. Alicia Keys, Anastacia, Mariah Carey, Christina Aguilera… Izugarri entzun ditut.

Eta haien ahotsa imitatzen saiatu izan zara?

L.H.: Noski baietz. Nik uste dut, gainera, Christina Aguilera eta Mariah Carey gajoek asko sufritu behar izan dutela estereotipizatu izana. Erridikulura eraman nahi izan dituzte, eta, gero, Mariah Careyk hori baliatu eta meme bihurtu du bere burua, baina historiako ahotsik onenetako bat dela ezin da ahaztu.

Ekoizpenean murgiltzeko, dokumentalak eta halakoak ikusi dituzue elkarrekin?

I.E.: Ez da horrela izan, hau da, diskoagatik ez, berez ikusten ditugu.

L.H.: Bera frikiagoa da ni baino gauza horietarako. Gauza asko jakin nahi ditut, baina jakiteko prozesu horrek nagi pixka bat sortzen dit.

Edizio fisikorik egongo da?

L.H.: Momentuz ez, zerbait oso berezia egitearen ideia badaukagu, baina momentuz digitalean soilik egongo da diskoa eskuragarri.

Zuzenekoak martxan dituzue.

L.H.: Tope ibili ginen entseatzen, elementu desberdinak txertatu nahi izan ditugulako. Momentu desberdinak sortzea nahi dugu, kantuek hori eskatzen digutelako; banda momentuak, momentu performatiboak…

Berrogei minutu ditu diskoak. Zuzenekoak zenbat irauten du?

L.H.: Ordubete. Abesti batzuk luzatu egiten dira zuzenean, abestien arten hitz egiteko ere aprobetxatuko dugu, bertsioren bat edo beste bada, arnasa hartu eta ura edan…

Dantza egingo delako diozu hori?

L.H.: Bai, noski. Ez dakit Liherrekin adina izerdituko dugun edo ez, baina dantza behintzat ziur asko egingo dugula. Horrez gainera estilismoa asko zainduko dugu eta zuzenekoetarako argi diseinua ere hasieratik pentsatu dugun zerbait izan da. Gure xumetasunean eta proiektu baten hasierak baimentzen dueneraino, baina hor gabiltza. Dirurik izango bagenu, handinahikeria ere neurrikoa izango zen, hori bai.

I.E.: Bost irabazten baditugu lau eta erdi gastatu egiten ditugu. Parte bisualari Liherren baina garrantzia handiagoa eman nahi izan diogu agian, baina hemen beste lengoia bat eta beste unibertso bat lantzen delako da.

Martxoaren 17an hasi zineten Oñatin eta apirilaren 12an Dabadaban izan zineten orain badatoz gehiago.

L.H.: Oso pozik gaude izan dugun hasierarekin, lehenengoan akaso ez, baina Donostiakoan jendea dantzan eta abesten sumatu genuen eta hori ederra da. Orain, maiatzaren 2an Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean; 4an, Tolosan; 12an, Senperen, Herri Urratsen; 18an, Orion eta maiatzaren 26an, Getxon. Gogotsu gaude datorren guzti horretarako.

Jaurlaritza Logoa