Live
Hitz-joko bezala ulertu daiteke Kaskezur taldearen disko berriaren izena. Izan ere ‘Deus’ euskaraz ezereza bada, beste hizkuntzaren batean jainkoari erreferentzia egiteko erabiltzen da. Eta ez, ez dira jainkotu, nahiz eta diskoak duen kalitateak horretarako aitzakia ere eman diezaiokeen talde baztandarrari.
Berako Atala estudioan grabatu dute, Iñigo Irazokirekin, eta Usopop zigiluarekin editatu, Larrunen bueltan guztia, beraz. Gainera, Malmö estudiokoek egin diete azala, hauek ere taldea bezalaxe Baztanen dute sorburua. Hartara, zero kilometro filosofiarekin eginda dagoela esan daiteke.
Zortzi abesti ondu dituzte Iñigo Belzunegi ‘Iturria’, Ion Mindegia, Mikel Santxez eta Imanol Zubietak eta denetariko kontuak aipatu. Inakzioan jaustearen ondorioak, gerra hotsak, bizitzaren zati handi bat pasa izanaren sentsazioa, kontsumismoa, beldurraren diktadura, musikariaren bidea… eta gauza gehiago ere kontatu dizkigute kantuetan. Noski, bakoitzak bere irakurketa egiteko aukerarekin.
Musikari dagokionez, berriz, fin aritu dira beste behin. Rock progresiboaren zertzeladak, hustasunarekin jolastea, spoken worda, disonantziak edota Madame Birrotseko lagunekin egindako koral ederra topatu ditzakegu abestien artean. Konposizio landuak eta soinu berezitua, musikari bakoitzak bere iturritik egindako ekarpenarekin.
Zuzenekoak ere asteburuan abiatuko dituzte. Azaroaren 29an Tolosako Bonberenean izango dira Keia taldekoekin batera, eta, 30ean, Zubietan, Nafarroan. Abenduaren 13an Arizkunen joko dute eta biharamunean Donibane Garazira joango dira. Otsailean, berriz, Beran, Gernikan, Gasteizen eta Hondarribian aurkeztuko dute ‘Deus’ diskoa.
Bitartean, MusikHaria saioan Ion Mindegiarekin izan genuen elkarrizketaz eta diskoaz gozatzeko aukera duzue.