Live
Bideratuak daude Nafarroako aurrekontuak. Laura Aznal EH Bilduko eledunak NAIZ Irratian nabarmendu du alderdiak «konpromisoa hartu» duela 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legea onartzea ahalbidetzeko, abstentzio bidez. Edonola ere, azpimarratu du aurten «zailagoa» izan dela abstentzio hori hitzartu arteko negoziazio prozesua.
Aurrekontuetan lehentasunak ezartzeko garaian, argi utzi du EH Bildutik ez dutela marra gorriez hitz egiten; bai, ordea, jaso beharreko ezinbesteko elementuez.
Besteak beste, gutxieneko pentsioak 1.035 euro arte orekatuko dira. Frogatua gelditu da egingarria dela, baina pentsiodunen aldarria 1.080 eurokoa da.
45 euro gehiago horiek lortu ez izanaren arrazoi nagusia arazo teknikoak izan direla azaldu du Aznalek, «zifra hori bermatzeko bidean arriskua zegoelako pentsiodunen artean diskriminazio fiskala izateko». Edonola ere, garrantzitsutzat hartu du aurrerapauso hori.
Gaineratu du pentsio duinak bermatuta egongo direla 2025ean eta, pentsiodunen aldarrikapenak partekatzen dituzten heinean, lanean jarraituko dutela.
«Negoziazio mahaian geratuko dira hainbat gai»
Euskara arloari dagokionez, A1 mailaren irakaskuntza doakoa izango da. PSNk proposamen horrekiko agertutako posizioari buruz galdetzean, esan du Aznalek indar politiko desberdinak diren aldetik desadostasunak ere izan dituztela eta hori «ukaezina» dela. Agerikoena fiskalitate eredua izan badaiteke ere, euskararen inguruan beti izan dituzte zailtasunak eta «ez da erraza» horiek bideratzea; zonifikazioaren bukaerarekin gertatzen da, kasu. Hala ere, «pausoak emanaraztea» lortzen ari direla esan du, eta «joera aldaketa» bat ere izan dela euren arteko harremanean.
Hemendik aurrera, hamar aurreproiektutan geratuko da eskuina kanpo, inolako eraginik gabe. Ildo horretan, nabarmendu du EH Bilduko eledunak ez daudela duela hamar urte bezala, Nafarroa aldatu egin dela eta alor sozialean, ekonomikoan eta demokrazian aurrera egiteko garaian norabidea finkatu dutela. Horretarako, EH Bilduren epe luzerako begirada eta papera «erabakigarria» ari da izaten, haren esanetan.
Despopulazio arriskuari buruz, dio Aznalek hainbat proposamen egin izan dituztela eta onartu egin direla; esaterako, alokairu poltsa landa eremuaren beharretara egokituko da. Hala ere, aurrekontuak ez dira dena, eta gogorarazi du alor horretan lege esanguratsuak etorriko direla. Besteak beste, despopulazioaren kontrakoa, industriarena edo osasungintzakoa, pertsonen beharrak erdigunean jartzea abiapuntu.
Akordio horretan baserrien inguruko proposamena ere jasotzen da, eraikin handiak zatitu eta bizilagunak errotzeko. Etxebizitzaren eta tentsio guneen inguruan berriki eman diren urratsak landa eremura ere eramatearen garrantzian jarri du azpimarra, eta errepikatu du aurrekontuen ostean legea etorriko dela erronka horiei aurre egiteko.
Beste puntuetako bat eliza katolikoaren biktimen ingurukoa da. EH Bilduko ordezkariak esan du beti jo dutela funtsezkotzat, eta aurrerapausoak eman izan direla, baina harago joan beharra dutela, anbizio gehiago tarteko. Biktima horientzako justizia, egia eta erreparazioa lortzea litzateke jomuga.
Hezkuntza publikoari dagokionez ere hainbat lorpen izan dituztela kontatu digu. Besteak beste, D eredurako protokolo sendo batean ari dira uneotan lanean, baina hezkuntzako langileen aldarrikapenak ahaztu gabe. Azken horri buruz, garbi utzi du bere taldearen jarrera: «guk gehiago nahi genuen, baina negoziazio mahaian geratuko dira hainbat gai».
Kolore ugariko mahaia
PSN, Contigo-Zurekin eta Geroa Bai gobernukideekin izandako negoziaketara itzulita, Aznalek dio euren asmoa beti izan dela interlokuzio bakarra izatea gobernuaren partez. Alegia, gobernu bakar batekin hitz egiten dute, jakinda horren barnean ere desadostasunak daudela noizbehinka. «Haiek ere indar politiko desberdinak dira, eta batzuetan gatazkak izaten dituzte euren artean», adierazi du.
Deigarria da seigarren urtez akordioa eskuratu izana, baina abstentzio bidez bideratuko dira aurrekontuak, eta ez baiezko batekin. Zentzu horretan, berriro nabarmendu du indar politiko desberdinak direla eta desadostasunak egon badaudela. Hori dela eta, oraingoz abstentzioaren jarrera mantenduko dute.