Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Interview
Ybes Mongabure
Kuartz taldeko abeslaria eta gitarra-jotzailea

«Tresnak aldatzen doaz eta zuzenean soinu bera lortzen ahal dugu»

Kuartz taldeak ‘III’ lana kaleratu berri du, beren ibilbideko hirugarren lan luzea. Oihan Delavigne eta Ybes Mongabure dira Kuartz eta bikoa izan eta disko borobilak egiteagatik dira ezagun. Rockaren bueltan dabiltza eta Bonberenea Ekintzak zigiluarekin atera dute lan berria.

Audio_placeholder

«Tresnak aldatzen doaz eta zuzenean soinu bera lortzen ahal dugu»

Loading player...
Ybes Mongabure eta Oihan Delavigne dira Kuartz eta ‘III’ diskoa atera dute udazken honetan.
Ybes Mongabure eta Oihan Delavigne dira Kuartz eta ‘III’ diskoa atera dute udazken honetan. (Aritz LARREA ARRIZABALAGA | BEGIPUNTUAN)

Kaixo Ybes, zer moduz?

Ondo eta zu? 

Pozik, lehenengoz elkarrizketa aurrez-aurre egiten ari garelako. Nolatan hautatu duzue astelehen bat diskoa kaleratzeko?

Diskoa duela urtebete grabatu genuen eta tartean saiatzen gara hainbat gauza egiten. Lehen kontzertuak urrian izango dira eta pentsatu genuen bi aste lehenago kaleratzearena.

‘Alta’ kantua single moduan etorri zen. Mezu indartsua duen abestia, bizirik sentitzeko beharraz hitz egiten du?

Bai, hala da. Ebidentzia bezala zerbait gertatzen denean eta ez dugularik so egin nahi parez-pare, behar dela bizi izan. Hori da hastapenean eman nahi genuen mezua.

Zu Suhuskunen bizi zara eta bertako mendietara igo zarete bideoklip puska hau egiteko.

Bai, etxetik ez sobera urrun, aski gertu eta lagunekin. Hori zen desafio handiena, jendea biltzea bi egunez, eta horra.

Piroteknia efektu ugari ikusten dira eta denak benetan egindakoak dira, hau da, ez dagoela postprodukzioan txertatutakorik. Apustu serio bat da hori, baina aurretik ere hala egin izan duzue bideoklipetan.

Bai, hala da, behar bada gehiegi batzuetan, lan asko galdegiten digulako, nahiz eta emaitzarekin gero pozik gauden. Kuartzen beste fase batean sartzen garenez, filmatxo bat behar dugu sortu. Saiatzen gara halako istorioetan murgiltzen.

«Kuartzen beste fase batean sartzen garenez, filmatxo bat behar dugu sortu. Saiatzen gara halako istorioetan murgiltzen»

Zenbat pertsona izan dira dama-jolaseko partida horretan?

Bada, lagunak hogei edo izan dira gutxi-gorabehera. Batzuk lehen egunean soilik, besteak bietan… Lagunak, inguruko jendea, familiak janaria prestatzeko… Diruz ordaindu ezin direnak beste modu batetara ordaintzen dira.

Kantu honetan argi eta garbi ikusten da zuen musikan riff on batek duen garrantzia.

Bai. Riff on baten bilatzea eta hori eskuratzen duzunean ongi da, baina biziki fite behar da lotura egin riff horrekin zer behar den. Ideia bat eduki dezakezulako, riff bikain bat… baina zaila atzematen dugu askotan gauzak elkarrekin lotzea. Buruan ideia asko ditugu eta horiek errealitate bihurtzea izaten da erronka handienetako bat.

Elementu berri bat agertu da disko honetan eta hori izan daiteke berrikuntza nabarmenena. Sinteak agertu direlako.

Bai, hala da, justu abesti horretan agertzen dira eta ez dira ainitz gero. Abestia landu genuen etxean Oihanekin eta, batzuetan, inspirazio falta izaten dudanean, jotzen ditut akordeak teklatuarekin Garageband edo dena delakoan eta horrela asmatzen ditugu gauzak. Gero Zestoan, estudioan, Eñaut Gaztañagari berriz ere proposatu eta bere makinekin ondo atera zen zerbait sortu genuen.

Zergatik aukeratu zenuten Eñaut?

Pixka bat modan delako ere bai, egia esateko. Baina ateratzen dituen lanen biziki fanak gara eta emaitza ona ateratzen du, beraz, gure estiloaz hurbiltzen den ekoizle bezala ikusten dugunez, berarengana jo genuen.

‘Titanicaren sindromea’ kantua dator atzetik. Zer sindrometaz ari gara zehazki?

Titanic pelikulan ikusten denez, itsasontzia hondoratzen ari den bitartean musikariek jotzen jarraitzen dute. Metafora hori da abiapuntua. Egoera klimatikoari begira dagoen kantua da. Bibolin-jotzaileak gara gu, badakigu egoera ez dela ona, baina hondoratzen jarraitzen dugu zerbait aldatzen saiatu beharrean. Titanica Lur planeta izango litzateke kasu honetan eta bertako biztanleok bibolin-jotzaileak. Bada zer pentsatu.

«Akabantza» esan eta leherketa bat dator, bat egiten du denak.

Ez dakit zuek hegoaldean akabantza hitza erabiltzen duzuen edo ez, baina iduriz bai. Tira, espainiarretik datorren hitza da eta guk munduaren bukaera aipatzeko soilik erabiltzen dugu. Hau da, ez da edozein bukaerarentzat erabiltzen, soilik munduaren bukaerarentzat. Ez da usu erabiltzen, beharrik, baina etxean hori ikasi dut behintzat.

«Ez dakit zuek hegoaldean akabantza hitza erabiltzen duzuen edo ez, baina iduriz bai. Tira, espainiarretik datorren hitza da eta guk munduaren bukaera aipatzeko soilik erabiltzen dugu. Hau da, ez da edozein bukaerarentzat erabiltzen, soilik munduaren bukaerarentzat»

Gitarra garbi gutxi entzuten da diskoan, distortsiorik gabe sortzea kosta egiten zaizu?

Azkenean nik diskoa mugarik gabe ikusten dut eta diskoak horrela entzutea maite dut. Esan nahi dut, estilo berean entzuten baduzu hamar kantuz zerbait, behar bada nazkatzen zara. Ez dakit. Bi gareno, ez dugu aukera ainitz eta batzuetan egin izan ditugu distortsiorik kantu bat edo bi. Mugarik gabe aritzen gara sortzen.

Eñaut Gaztañagaren eskua nabaritzen da bateriaren soinuan.

Eta egun bakarrean dago grabatuta. Normalean, orain arten, Oihanek bi egun eman ditu bateriak grabatzen eta Eñautek esan zion egun bakarrean egingo zituela. Hala gertatu zen. Gero berak hobetu zituen guztiak niri bidaltzeko eta nik haien gainean grabatzeko. Beraz, biziki azkar ibili zen. Gerora gehitu ziren shakerrak eta gainerako elementuak.

Shakerraren magia gertatuko zen, ezta? Hau da, kantua behin elementu hori gehitu eta gero ezin zela beste modu batetara entzun.

Oihanek pentsatzen ditu aurretik halako elementuak eta perkusio orokorrak. Nahiz eta nik ere sortzen ditudan halako elementu batzuk kantuak etxean lantzen ari naizen bitartean.

Zu zer moduz Eñautekin? Gitarra bakarra, xehetasunak asko zaindu behar dira, estudio horretan aukera asko eta asko daude…

Ez ditut gauza asko gehitu, nik gailu numeriko bat dudalako eta ez dudalako beste ezer ere erabiltzen. Prozesua aski interesgarria izan da, uste dut Eñautentzat ere baietz. Soinu bat xekatu genuen estudioan arratsalde batez. Nik nire ideiak eraman nituen, berak bereak. Hark fuzz gehiago erabiltzeko proposamenak egin zituen eta nik bestelako gauzak. Fuzza ez dut asko maite jotzeko, bai entzuteko, baina ulertu ginen, Eñaut pertsona ona zen hor asteko. Lau anplifikagailuren arteko soinu bat lortu behar genuela ohartu ginen; bi numerikoak eta bi egiazkoak. Horretarako, nire pedalarekin soinu fisikoak kopiatzeko aukera nuen eta nirekin etxera eraman nitzakeen. Hortaz, etxekolan asko eraman nituen, soinu asko eraman nituelako etxera eta gitarra guztiak etxean grabatu.

Hortaz, soinu bakarra duela esan daiteke disko honek, ez dagoela imitatzerik edo kopiatzerik?

Bai, hala da. Tresnak denborarekin aldatzen doaz eta erraten ahal nuke zuzenean ere soinu bera lortu dezakeedala, nahiz eta jakin behar den beti gauza bera ez egiten. Tresnek hori baimentzen dute.

‘Harribeltzeko erregina’ kantuan naturarekin konexioa topa dezakegu berriz ere, pertsonaia horrek munduan tokia segurtatuko digula esaten baituzue.

Harribeltza bada Suhuskuneko tontor bat, klipa grabatu genueneko inguru batean eta pertsonaia hori sortu genuen.

Zerbaitetan sinistu behar dugulako?

Garai horretan erleak ziren etxean eta liztor asko ere bai. Liztorrak erleak jaten hasi ziren orduan, ez dakit ikusi duzun espektakulu hori, baina so egiten duzu, ez duzu fitsik egiten ahal, mozten diete liztorrek erleei burua eta biziki bortitza da.

Mundua ulertzeko modu bat ere bada. Honek era badu ‘Titanic-aren sindrometik’. Elkarrizketa aurretik tigre-eltxoaren afera ere aipatu didazu, ingurunea asko aldatu da dena?

Tigre-eltxoak eta liztorrak duela bost urte ez genituen ikusten eta, bapatean, badira tromilka. Aldaketa klimatikoaren ondorioak dira, ez dugu sentitzen, baina halako gauzekin nabaritzen dugu.

Diskoa CD eta biniloan etorriko da eta zuzenekoetan eskuratzeko aukera izaten da. Izan ere, zuzenekoak ere badatoz.

Urrian hasiko dira eta horietatik lehena Oletan, Lapurdin izan zen. Oñatin izango gara 25ean, Gernikan 26an, azaroan Tolosan Bonberenean, Baigorrin ere arituko gara… Aterako dugu zerrenda sare sozialetan.

Gozatu.

Mila esker.

Jaurlaritza Logoa