Live
Xbox taldeari buruz gauza gutxi esan ditugu azkenaldian, baina euren frankizia mitikoenetakoa berpizteko lanean hasi direla iragarri dute. Halo Studios taldea osatu da, eta Haloren hainbat proiektu ditu esku artean.
Tira, ez da talde berria, 343 Industries zaharraren izen berria baino. Hala ere, Master Chief heroiaren etapa berriari ekin diotela adierazi nahi izan dute; hirugarrenari, hain zuzen ere. Horretarako, garapen motorez aldatuko du Halok: Unreal Engine 5 ezaguna erabilita, aipatutako bideojoko desberdinak bizkorrago garatzea dute helburu. Halo Foundry ezagutzera eman dute: hasitako ibilbidearen lehen pausoa suposatzen duen proiektua.
Game Erauntsian errealitate birtuala asko gustatzen zaigu, eta mundu honetan barneratzeko azken gailuei begira jarri gara. Meta enpresak Quest 3S kaskoak aurkeztu ditu: Quest 3 arrakastatsuen bertsio ekonomikoa. Hala ere, oso itxura ona daukate, eta hainbatentzat VRan lehen pausoak emateko aproposak izango dira.
Nintendo izan dugu hizpide beste behin; izan ere, Ryujinx Switch kontsolaren emulatzailearen proiektua bertan behera uztea lortu dute. Antza denez, emulatzailearen arduradun nagusiarekin akordioa adostu dute, eta honek Ryujinxen taldea utzi du. Horrez gain, Youtuben aurki daitezkeen emulazioari zuzendutako kateen aurka egiten hasi da N handia —berriz—.
Albiste pozgarriagoekin bukatu behar genuenez, Tony Hawk’s Pro Skater mitikoaren 25. urteurrena ekarri dugu gurera… berri zoragarriarekin, gainera: skater ezagunaren arabera, Activision bideojoko berria prestatzen ari da.