Live

NAIZ Irratia

«Kanpo-migrazioa hasi zenean, fenomeno berria izanik, behatoki bat sortzeko beharra ikusi zen»

Ikuspegik ‘Dos décadas de reflexión sobre migración y asilo en Euskadi’ liburua argitaratu berri du, migrazio fenomenoari buruzko hainbat datu eta gogoeta helaraziz. EAEko azken hogei urteetako migrazioaren joan-etorriez hitz egiteko Julia Shershnerva, Ikuspegiko zuzendaria, izan da NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Kanpo-migrazioa hasi zenean, fenomeno berria izanik, behatoki bat sortzeko beharra ikusi zen»

Loading player...
Julia Shershneva Ikuspegiren liburuaren aurkezpenean
Julia Shershneva Ikuspegiren liburuaren aurkezpenean (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Inmigrazioaren Euskal Behatokia da Ikuspegi eta Julia Shershnerva haren zuzendaria. Migrazioek eta aniztasunak Euskadin duten eragina ezagutu, aztertu eta balioesteko helburuarekin sortu zen erakundea 2004. urtean. Julia Shershnervak, Ikuspegiko zuzendariak, azaldu du behatokiaren sortze urteetan EAEn «batez ere barne-inmigrazioa» nagusitzen zela, baina atzerriko inmigrazioa «justu» garai hartzen hasi zela, beraz «fenomeno berria izanik, behatoki bat sortzeko beharra ikusi zen, inmigrazioa hazi egingo zela ikusten baitzen».

Bere ikerketa jardueraren eta migrazio fenomenoari buruzko gogoetak eskaintzen dituen ‘Dos décas de reflexión sobre migración y asilo en Euskadi’ liburua argitaratu berri dute, ikuspegi desberdinak dituzten 20 profesionalen laguntzaz. Bertan, EAEko migrazioa etapa ezberdinetan banatu dute.

Lehenengoa, 2003 eta 2006 urteetan kokatu dute, krisia heldu artekoa, EAEko migrazio etapa garaikidearen hasiera. Sei urtetan EAEn erroldatutako atzerritar jatorriko 67.000 pertsonatik 142.000ra igaro zen. Ikuspegiko zuzendariaren hitzetan, «lehenengo etapa honek estatuan egondako boom ekonomikoarekin kointziditu zuen. Jendea etortzen zen lan asko zegoelako, bai EAEn, eta baita Estatuan orokorrean».

Bigarren fasea 2008ko krisi ekonomikoarekin eta haren ondorioekin batera kokatzen dute. Aldi horretan, krisia gorabehera, erroldatutako atzerritar jatorriko pertsonen kopuruak gora egiten jarraitu zuen 2012ra arte, eta 183.772 pertsona zeuden erroldatuta. «EAEn krisia beranduxeago nabaritu zen. Fluxuetan batez ere 2013 eta 2014 urteetan ikusi genuen eragina», azaldu du Shershnevak. Garai horretan «saldoak negatiboak» zirela eta jendea «etorri ez eta, gainera, joan egiten» zela azpimarratu du, jatorrizko herrialdeetara bueltatuz edo beste herrialde batzuetara.

Hirugarren faseak susperraldi ekonomikoaren urteak hartzen ditu, Covid-19a sartu arte. 2015 eta 2020 artean, erroldatutako atzerritar jatorriko pertsonen kopurua 57.572 pertsonatan hazi zen, 2020an 241.724ra iritsi arte. Garai horretatik gaur arte, gurera etorri diren migratzaileak batez ere zerbitzuetan kokatu direla azaldu du Julia Shershnevak, baina profilak «oso anitzak» direla. «Zerbitzuen baitan ere profilaren arabera kasu ezberdinak ikusten dira. Emakumeen kasuan, batez ere emakume latinoamerikarrak, zainketa zerbitzuetan kokatzen dira. Afrikarren kasuan eraikuntzan eta nekazaritzan egiten dute gehienek lan».

Laugarren faseak aldiz, 2021etik 2023ra bitarteko urteak hartzen ditu eta Covid-19aren krisiaren garaia irudikatzen du, baita ekonomiaren eta gizartearen ongizatearen gain eragina duten gainerako krisiak ere, hala nola Ukrainako gerra, energia-krisia edo inflazioa. Fase honetan, beste krisietan bezala, atzerritar jatorriko biztanleriaren hazkundeak behera egin du berriro ere, eta 2023an, krisitik irten eta hazkunde ekonomikoa areagotu egin da, eta berriro ere gora egin du. «Covidaren garaia kenduta grafikotik, kurba hazten doa. Tendentzia mantendu egiten da, ez da aldatzen. Argi dago ekonomiaren zikloaren arabera aldatzen dela. Ekonomia ondo badoa, etorri egiten dira; eta kontrara, krisi edo inflaziorik badago, ez dira hainbeste etorriko».

Hizkuntza

Migratzeko garaian eragin handia duen elementua izanik, Euskarari dagokionez ere aztertu dute egokitzapena nolakoa den eta zer nolako joerak egon diren azken 20 urteetan. Horretarako Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta bat erabiltzen dute, non euskarazko zer nolako maila duten galdetzen den. Orokorrean «joera positiboa» dela nabarmendu du Ikuspegiko zuzendariak: «Geroz eta jende gehiagok hitz egiten duela euskara ikusi dugu inkesta horien emaitzetan. Orain dela 15 urte ia ez zegoen euskaraz zekien atzerritarrik. Egoera aldatu egin da, batez ere gazteen eta umeen artean nabaritzen da gehien, baina helduen arten ere maila ez da hain baxua aurreko hamarkadekin alderatuz gero».

Hizkuntzaren joera errotze sentimenduarekin lotuta egon daitekeela uste du, «Proiekzioa epe motzerako bakarrik baldin bada ez dute izaten motibazio nahikorik euskara ikasteko edo hurbilketa hori emateko. Errotzen direnean, umeak adibidez eskoletan edo helduak bertoko jendearekin harremantzeko asmo gehiago izaten dute. Beraz, modu natural batean ere ikasten dute zerbait».

Joera arrazistek behera

20 urte hauetan lurraldea aldatu den bezala aldatu dira joerak ere. Joera arrazisten kasuan «irekitasuna eta tolerantzia maila igo» egin dela aipatu du zuzendariak. Dena dela, azpimarratu nahi izan du «horrek ez du esan nahi diskriminaziorik edo xenofobiarik ez dagoenik gure gizartean». Hala ere, azaldu du orokorrean «jendeak gero eta hobeto» ikusten duela inmigrazioa, «ulertzen du fenomeno estrukturala dela eta gero eta gehiago haziko dela».


Jaurlaritza Logoa