Live

Eli Pagola

«Tenperatura igoeragatik iristen diren espezieak habitat bat sortzeko gai badira, gaitz erdi»

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura igo egin da eta horrek badu eragina bertan bizi diren izakietan. Baina zein? EHUko Bentos taldeak ondorioztatu du euskal kostaldeko ur hotzeko espezieak gero eta urriagoak direla. Aldiz, ur beroko espezie txikiak ugaritu egin dira.

Audio_placeholder

«Tenperatura igoeragatik iristen diren espezieak habitat bat sortzeko gai badira, gaitz erdi»

Loading player...
EHUko Olatz Arriaga eta Nahiara Mugerza ikerlariak Arrigunagako hondartzan
EHUko Olatz Arriaga eta Nahiara Mugerza ikerlariak Arrigunagako hondartzan (Mikel Martinez de Trespuentes | FOKU)

Giza-jardueren, eta, batez ere, erregai fosilen errekuntzaren ondorioz, atmosferako tenperatura asko igo da azken hamarkadetan. Tenperatura energiaren aldaera bat denez gero, gorputzen artean transferitu daiteke oreka egoera batera heldu arte. Kontuak horrela, atmosferako tenperatura igoera horren % 90-tik gora ozeanoek xurgatu dute. Aldagai horrek sekulako eragina du EHUko Itsas Bentos ikerketa taldearen ikergaian, makroalgak. Bentos ikerketa taldeko kideak dira Olatz Arriaga eta Nahiara Mugerza, eta Gelditu Makinak saiora gonbidatu ditugu.

Itsas Bentos taldeko ikerlariek, besteak beste,  ur azaletik 10-15 metrotan kokatzen diren alga egituratzaileak ikertzen dituzte  «izaki begetalak dira eta fotosintesia egiten dute, beraz, eguzki-argia behar dute», azaldu du Mugerzak. Alga egituratzaileak deitzen dira, modu sinple batean azalduta, haien inguruan habitat bat sortu eta mantentzeko gaitasuna dutelako. Hobeto ulertzeko baso batekin egin du konparaketa: «Demagun pagadi bateko pago bat. Pago horrek funtzio batzuk betetzen ditu, funtzio egituratzaileak: bere azpian itzala dago, beraz, tenperatura txikiagoa izango da, azpian zein gainean espezie batzuk sortuko dira. Berdin adarretan, espezieren batek hostoak jango ditu, txoriek ere habia jarriko dute....» eta hori bera gertatzen da itsas azpian ere, «Euskal Herrian zuhaitz funtzio hori betetzen duten bi alga ditugu: Gelidium corneum (alga gorria) eta Gongolaria barbata (alga arrea).», azaldu du Mugerzak.

Bi aditu hauen arabera, informazio ugari lor daitekeen esparrua da makroalgena, eremu batean finko daudelako eta funtzio ekosistemikoak bermatzearen erantzule direlako. «Itsatsita bizi dira eta inguruan gertatzen denaren ondorio dira. Komunitate horiek ikertuta informazio asko jaso dezakegu, klima-aldaketaren, kutsaduraren edo bestelako aldaketen inguruan. Ondorio askotarako bidea ematen du», dio Arriagak.

40 urteko ibilbidea duen ikerketa taldea da Bentos eta azken ikerketetan klima-aldaketaren eragina aztertzea indartu dute. Lehorrean bezala, ur azpian ere, «aldaketa batzuk pixkanaka ematen dira eta beste batzuk era bortitzagoan», azaldu du Arriagak. Euskal kostaldeko bi makroalga egituratzaileen kasua ekarri digute, aurretik aipatu ditugun Gelidium corneum (alga gorria) eta Gongolaria barbata (alga arrea). Biek ala biek, jaitsiera nabarmena izan zuten. Tarteka aldaketak egoten dira, esaterako, 2007-2008 inguruan euren egoerak hobera egin zuen, baina alga hauek ez dute duela 35 urte zuten ugaritasuna berreskuratu. Beraien tendentzia beheranzkoa da». Baina hau ez da soilik Euskal Herrian gertatzen,  beherakadak izaera globala duela ohartarazi du Mugerzak: «egituratzaileen galera mundu mailakoa da eta hori da 3 dimentsioko espazio batetik 2 dimentsioko batera pasatzea bezala. Espezieak morfologikoki desberdinak dira. Ondorioz ez dira betetzen funtzio guztiak eta beraiek ematen dituzten zerbitzuak ere ez».

2014-2020 susperraldia

Arriagak azpimarratu du atmosferako tenperaturaren tendentzia gorakorra dela, baina puntualki baliteke apur bat moteltzea joera hori. «2014-2020 tartean, gure ikerketa eremu zehatzean tenperatura epelagoak erregistratu genituen eta baldintza horiek aukera eman zien  algei erresilientzia garatzeko eta suspertzeko. Ordea, 2021, 2022 eta 2023 urteak oso beroak izan dira, errekor asko hautsi dira eta uste dugu hurrengo laginketetan antzemango dela bentosean».

Tenperatura da gehien aipatzen den faktorea baina bi ikerlariek argi azaldu dute auzi «multifaktoriala» dela, ez dela tenperaturarekiko kausa-efektu zuzena. Mugerzaren arabera, «tenperatura da garrantzitsuena baina sinergia bat da, faktore asko daude. Zaila da ondorio garbiak ateratzea eta egin daitekeena da tendentzia ikusi eta horren gaineko irakurketa egin». Tenperaturaren nagusitasuna dela eta, 'babesleku klimatikoak' izendatu dituzte baldintza egokiak eskaintzen dituzten eremuak eta lehentasunen artean jarri dute horiek ikertzea eta mantentzea, «klima-babeslekuak funtsezkoak dira klima-aldaketaren ondorioak arintzeko. Babesleku hauek zaintzeari eta lehengoratzeari lehentasuna eman behar zaio erresilientzia sustatzeko eta biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko etorkizuneko belaunaldientzat».



Arriagaren hitzetan, egungo ekosistemaren mehatxuaren atzean tenperatura igoera dagoenez eta epe laburrera igoera gelditu ezingo denez, «gertatu daiteke guregana heltzea afinitate beroagoko espezieak, agian, egituratzaileak. Oraingoz, guregana heldu diren afinitate beroko espezieak oso txikiak dira, morfologikoki oso sinpleak  eta ezin dituzte bete egituratzaileek betetzen zituzten funtzio ekosistemikoak. Baina, helduko balitz alga handi bat, bilakaera ikusi beharko genuke eta epe luzera zer eragin duen. Egituratzaileak etorriko balira, gaitz erdi, aldaketak aldaketa, behintzat funtzio horiek beteko lituzketelako». Mugerzak ere bat egiten du etorkizuneko irakurketa horrekin, «40 urte geologikoki ez da ezer, baina aldaketa handiak eman dira. Beraz, ez dakigu itsas ekosistema 10 edo 20 urte barru nola egongo den edo zer gerta daitekeen. Orain egoera larria da egituratzaileak galtzen ari direlako».

Adituen arabera, tenperaturarena arazo globala da, beraz, hartu behar diren neurriak zorrotzak eta mundu mailakoak dira. Epe laburrera, helburua da tenperaturaren gorako tendentzia geratzea, jaistea zail ikusten dute eta. Tenperatura gehiago ez berotzea eta denbora da eskatzen dutena, «ekosistemari denbora eman behar diogu, aldaketak oso azkar ari dira ematen eta espezieak ez dira gai erantzun bat emateko hain denbora laburrean».

Jaurlaritza Logoa