Live
«Talde berri batean lagundu nahi duzu, eta frustrazioa sentitzen nuen, ezin nuelako lagundu»
Iazko ia urte osoa lehiatu gabe egon ostean, Kataluniako Volta korritu du Naia Amondarain Laboral Kutxako txirrindulariak. «Buruhauste eta galdera asko» izan ditu, «frustrazioa» ere bai, baina eman du lehen pausoa, «txirrindulari sentitzearena». Larunbat honetan Espainiako Txapelketa du.
«Talde berri batean lagundu nahi duzu, eta frustrazioa sentitzen nuen, ezin nuelako lagundu»
Bizikletan ateratzen den bakoitzean, bueltan, etxerako bidean, bi kilometro pasatxoko aldapa igo behar du Naia Amondarainek (Ibarra, 2001) Izaskunera ailegatzeko (Ibarra). Bereziki entrenamendu gogorren ostean pentsatu izan du zergatik bizi ote den hor. «Ez dut gezurrik esango, tarteka kotxean ere igotzen naiz», aitortu du barrez ibartarrak. Goian bizitzeak ere badu gauza on bat: mendia gertu duela. Familian oso mendizaleak dira, eta tarteka, bereziki denboraldiaurrean, gustatzen zaio ibiltzea: «Beharbada ez Uzturreraino, baina hemendik buelta bat ematen dut».
Argia ikusi du tunelaren amaieran Amondarainek. Orain dela bi aste Kataluniako Volta korritu zuen: «Sufrimenduaren gainetik, gozatu egin nuen». Iazko otsailean korritu zuen lehen lasterketa ez zuen amaitu, minbera zuelako aldakan, eta geroztik urte osoa korritu gabe egon da. Hilabete gogorrenean, «buruhauste eta galdera asko» izan zituen, ez baitzekien seguru zer zuen. Iraila amaieran ebakuntza egin zuen, eta hortik aurrera pixkanaka joan da «eguneroko gauzei garrantzia ematen».
Kataluniako Voltan emozio eta pentsamendu asko etorri zitzaizkizun burura?
Beharbada lasterketa baino lehenago bai. Kataluniara iritsi ginen egunetan, taldearekin entrenatzera atera, ibilbidea ikusi... Hor urduri sentitzen nintzen, emozio askorekin ere bai. Baina lasterketa egunean dena azkar pasatu zen. Iritsi ginen, gauzak prestatu, eta konturatu orduko irteeran geunden. Oso pozik nago berriro ere korritzen hasi naizelako.
Zer sentsazio izan zenituen bizikleta gainean? Molestiarik ez?
Ez, molestiarik ez. Alde horretatik oso pozik nago. Azken egunean giharretan mina nabaritu nuen, baina bestela ez. Bero dezente izan genuen lehen etapan, gainera arratsaldeko hiruretan hasi ginen, eta egia esan egun hori nahiko gogorra izan zen. Gero, buelta ematea kostatu zitzaidan pixka bat.
Gozatu zenuen?
Sufritu agian gehiago, baina sufrimendu horren gainetik gozatu nuen. Maila handiko lasterketa izan zen, tenperaturek ez zuten asko erraztu kontua, baina disfrutatu nuen.
«Berriro ere dortsala jarri nahi nuen, tropelean aurkitu eta txirrindulari sentitu»
Nola ikusi zenuen zure burua tropel nagusiarekiko?
Erritmo falta asko nabaritu nuen. Saiatu nintzen, behintzat, indarra nuenean aurrean egoten edo taldeari ahalik gehien laguntzen. Alde horretatik, pozik nago. Uste nuen agian tropelean joateko momentu horretan pixka bat gehiago atzera egingo nuela. Hala ere, azken egunean, tentsioa zegoen unean, agian ez nuen nire lekua topatu. Baina lasterketak korritu ahala joango naiz martxa hartzen.
Balio handia emango diozu lehiatzen hasteari. Lehen pausoa eman duzu, korritzearena, txirrindulari sentitzearena...
Bai, hilabete hauetan guztietan hori esaten nuen. Berriro ere dortsala jarri nahi nuela, tropelean izan eta txirrindulari sentitu.
Nola joan zen iazko urtea?
Urte gogorra izan zen. Pixka bat kostatu zitzaigun aurkitzea zer zen, edo izen bat jartzea, eta gehienbat hilabete horiek izan ziren okerrenak. Minarekin nengoen, baina ez nekien oraindik seguru zer nuen, eta hor buruhauste eta galdera asko izan nituen. Gero, behin jakinda zer nuen, hasi ginen aukera desberdinak martxan jartzen konponbide bat emateko. Irailaren bukaeran ebakuntza egin zidaten, eta hortik aurrera, errehabilitazio prozesua egin dut. Pixkanaka joan naiz.
Urte zaila zuretzat: lehiatu gabe, jakin gabe hasiera batean zer zenuen zehazki, fitxatu berri…
Bai, hori zen pixka bat esaten nuena. Talde berri batera iritsi, egia da jende asko ezagutzen nuela, eta horrek lasaitzen ninduen, baina azkenean talde berri bat da, dinamika berri bat, eta jende berri asko ere sartu zen. Leku berri batera iristen zarenean, zure lekua bilatzeko prozesu horretan, sentitu izan nuen pixka bat aparte nengoela... Azkenean, lasterketa bakarra egin nuen, eta pixka bat galduta nengoen alde horretatik. Frustrazioa sentitzen nuen. Talde berri batean egonda, lagundu egin nahi duzu ahalik gehien, eta pixka bat sentitzen nuen ezin niola taldeari lagundu.
Atzera begira, zer ikasi duzu horretaz guztiaz?
Gehienbat ikasi dut momentuan momentuko horretan arreta jartzen, egin dezakezun horretan, alegia. Nahi duzun leku horretara iristeko eguneroko gauzei garrantzia ematen ikasi dut.
Halakoetan gertukoez inguratzen gara. Nor izan duzu edo izan dituzu helduleku?
Urte honek horretarako ere balio izan dit. Zorteduna sentitzen naiz, oso zaindua sentitu naiz, gehienbat nire etxekoengandik, gurasoak eta ahizpa. Beraiekin pasatu ditut momentu eta ordu gehien etxean, eta denok hor erakusten dugu benetan nolakoak garen, gero kanpora begira askotan zailagoa izaten delako. Familiaz gain, lagunak, bizikletako taldekideak, bizikleta munduko beste guztiak... Oso zainduta sentitu naiz.
Argi izpi bat ikusi duzu, baina oraindik ere gaurko egunaren pareko eguzkia, dir-dir egiten duen horietakoa, ikusteko, bidea duzu egiteko, ezta?
Bai, pixkanaka joango naiz. Beti dituzu ametsak eta ilusioak. Saiatzen ari naiz egunero gauzak ahalik hoberen egiten. Ikusi behar dut nora iristeko gai naizen. Dortsala jada jarri dut, eta datozen lasterketetan ea zer moduz sentitzen naizen. Taldeari zerbait ematerik badut, hobeto.
Aurrera begira, zertan ibiliko zara buru-belarri?
Aste honetan Espainiako Txapelketa dugu, taldearentzat lasterketa garrantzitsua da. Joan den asteburuan, bai Usoak [Ostolazak], bai Yuranik [Blancok] erakutsi zuten Pirinioetako Tourrean oso maila onean daudela. Ane [Santesteban] ere, entrenamendu on batzuk egin eta gero, uste dut maila oso onean egongo dela. Eta gainerakoak ere motibatuta gaude lasterketa on bat egiteko. Orain, lehen asteburu hau dut buruan. Taldekide batzuk lehenago joango dira, erlojupekoa egitera, eta gainerakoak beranduago. Larunbatean korrituko dugu lasterketa. Ea zer moduz ateratzen den.
«Lehiatzerako garaian talde bezala aurrerapausoa eman dugu, nahiz eta agian emaitzak momenturen batean ez lortu»
Yurani Blancok lortu du aurtengo lehen garaipena Eibarren. Usoa Ostolaza, gainera, bigarren geratu zen. Eta Pirinioetako Tourrean ere zarauztarrak bigarren etapa irabazi zuen, eta sailkapen orokorreko maillot horia eraman zuen etxera.
Urtetik urtera talde bezala pauso txiki edo handiak ematen ari gara. Aurten urtea oso ondo hasi zuten, eta gero hor egon da momentu bat, zeinetan agian gauzak ez diren atera, gehienbat emaitza aldetik. Izan ere, uste dut lasterketetan ikusi dela aurrerapauso bat eman dugula talde bezala, nahiz eta agian emaitzak momenturen batean ez lortu. Gero beti emaitzak iritsi dira. Eibarko garaipena sekulakoa izan zen. Emozionatuta geunden. Sekulako lasterketa egin zuten denek. Talde osoa egon zen hor ihesaldi guztietan sartzen, erasoei erantzuten. Gainera, Eibarren; etxeko lasterketa izanda, gu motibatzeko emaitza izan zen, lanean jarraitzeko gogoa piztu zigun. Joan den asteburuan egin dutena ere izugarria izan da. Taldea gero eta animatuago dago, ikusten ari gara emaitzak iristen ari direla.
Denboraldiaren lehen erdia osatuta, balorazioa baikorra da, ezta?
Aurrerapausoa eman dugu, eta dinamika aldatu da; jada ez da bakarrik lasterketetan irteera marran egotea, baita hor gaudela demostratzea ere, eta benetan lehiatzen ari garela. Uste dut lehiakor sentitze horrek ematen digula motibazioa lasterketetan erakusteko talde bezala indartsuak garela. Orokorrean balorazioa baikorra da.
Espainiako Txapelketaren ondoren, sasoiko bi hitzordurik garrantzitsuenak: Giroa lehenik eta Tourra ondoren.
Taldearentzat izugarria da horrelako bi itzuli handietan egotea. Espainiakoa pasatu zen, eta Giroan eta Tourrean gonbidapena izatea sekulakoa da. Taldea gogotsu dago, etxetik animatuko ditugu.
Espainiako Txapelketa korritu ostean, non ikusiko zaitugu?
Oraindik ez dakigu. Lehenengo Giroa dator, eta hara Giroko taldea joango da. Ondoren klasiko batzuk ditugu Frantzian, eta dena ondo bada, hor egongo naiz. Baina ez dago baieztatuta.