Live

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Interview
Juantxo Agirre
Aranzadiko Zientzia Elkarteko idazkari nagusia

«Idazki ofizialetan agertzen ez diren errealitateak argitzen lagunduko du Larraheko aldareak»

Ia 2.000 urte izan ditzake Larunbeko Arriaundi mendian topatutako aldareak. Larrahe euskal jainkosari eskainitakoa da eta Valeria Vitella izeneko emakume batek eskainitakoa da. Aurkikuntzaren garrantziaren berri eman du Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Idazki ofizialetan agertzen ez diren errealitateak argitzen lagunduko du Larraheko aldareak»

Loading player...
Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari orokorra
Juantxo Agirre Mauleon, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari orokorra (Naiz Irratia)

Larrahe euskal jainkosari eskainitako aldare baten berri eman zuen asteburuan Aranzadi zientzia elkarteak. Erromatarren garaian, jainko baskoi bati eskainitako pieza da topatutakoa. Hori bada bitxia edo esanguratsua, baina Arriaundin egindako ikerkuntzak nabarmentzeko elementu gehiago ere baditu. Tartean, 40 kilometro iparraldera mugitzen dituela antzinako euskararen arrastoak. Juantxo Agirre, Aranzadiko idazkari nagusia, NAIZ Irratian izan da.

Zientziak bere bidea egingo du, baina topatutako piezaren garrantziarekin pozik agertu da Agirre. «Larunbe herri txikia da eta bertako komunitatearentzat oso berri pozgarria da». Nabarmendu duenez, aurkikuntzarako bidea «auzolanez eta zientzialariekin elkarlanean» egin dute Larunbeko herritarrek eta «bere iragana aztertuz, bere sustraietara iritsi dira». «Oso pozik daude eta Aranzadirentzat hori da poz handiena», gaineratu du.

Azaldu duenez, herriak deitu zuen Aranzadira eta lekura iristerakoan Arriaundiko mendiak «baldintza guztiak betetzen zituela» ikusi zuten. «Iruñea zaharra ikusten zen, Sakanako sarbide guztia eta hegoaldean amildegi handi bat zuen babes bezala eta mendi txapal bat. Baita harresi txiki batzuk, XVII. mendekoak», kontatu du Agirrek.

Harresi horren inguruan hasi zituzten indusketak eta haien «sorpresarako» XI. mendeko monastegi zahar bat azaldu zen, «hiru absiderekin, Aralarko San Migel zaharra bezalakoa».

2022ko abuztuaren 27an, lurrezko zoruen azpitik eraikitako ur putzu bat agertu zen, metro bateko diametrokoa. Aurkikuntzak berak badauka istorio berezi propioa. «Urtero egiten dugu festa bat eta herria elkartzen da, kanpoko aditu bat ekarriz. Abuztuaren 27 hartan Joseba Asiron, egun Iruñeko alkatea, han zegoen, historialari gisa. Lana bukatu ostean 50 lagun eseri egin ginen paella jatera eta aditua entzutera. Paella berandutu egin zen eta Pello ur putzu barruan sartu zen eta lurra kenduz Patxik harri bitxi bat ikusi zuen. Altxatu nintzen eta segituan ikusi nuen erromatar garaikoa zela. Eta idatzita zegoen. Oso momentu berezia izan zen, denok batera egin genuen, unea gozatzeko. Gauza asko topatzen ditugu, baina duela 1.900 urte emakume batek idatzitako gauza bat izatea... oso informazio handia da eta berezia».

Baskoi hizkuntzaren mugak 40 kilometro gora egiten du aurkikuntza honekin. «Harrizko epigrafe hauekin mapak egiten ditugu. Badakigu Pirinioen mugen azpitik, badagoela duela 2.000 urteko errealitate bat. Larrahek lurralde hori zabaldu du froga objektibo batekin. Orain euskal arkeologo gazteekin ari gara muga artifizial hori gainditzen ikusteko zer gertatzen den Zuberoan eta Baxe Nafarroan eta zientziaren bidetik gure iragana irakurriko dugu».

Zer egiten zuen ur putzu horretan? «Ez dakigu», erantzun du Agirrek, baina hainbat hipotesirekin lanean ari dira. «Ongi jarrita zegoen, ez zegoen botata. Utzi zuten kontu pixka batekin. Idatzitakoa behera begira zegoen. XI. mendea baino lehenago, lurraren bi datazio egin ditugu. Agian bota zuten. "Kontuz orain beste sinesmen batzuk ditugu, baina badaezpada kontuz" esanez... "Ez dugu botako amildegitik". Edo "ez, honek ez balio, bota dezagun ur putzura"».

Baina Agirrerentzako garrantzi berezia duela nabarmena da. «Mendi puntan dago eta mendi puntak Euskal Herrian beti izan dira nahiko sakratuak. Mendiak badauka bere funtzio erlijiosoa. Sinesmen jarraipen horrek egiten du Arriaundi oso leku berezi. Harresiak, lubakiak agertzen dira eta Larraheren harrizko aldarea ez da isolatuta egongo. Testuinguru hori argituko dugu».

Jaurlaritza Logoa