Live

Maite Bidarte

«Hau. Simon de Beauvoirren ‘El segundo sexo’. Liburutegi honetan erregistratu zen bigarrena»

Madrileko Emakumearen Institutuak egindako 400 liburuko donazio batekin abiatu zuen bere ibilbidea Iruñeko Silvia Fernandez Viguera dokumentazio zentro-emakume liburutegiak. Egun, ia liburu eta ikus-entzunezkoen 20.000 ale ditu erregistratuak. Izan fikzio, saiakera edo poesia denetan dago emakumea.

Audio_placeholder

«Hau. Simon de Beauvoirren ‘El segundo sexo’. Liburutegi honetan erregistratu zen bigarrena»

Loading player...
 Silvia Fernandez Viguera dokumentazio zentroa eta emakume liburutegia
Silvia Fernandez Viguera dokumentazio zentroa eta emakume liburutegia (NAIZ irratia)

Badago Iruñean emakumean espezializatutako liburutegi eta dokumentazio gune bat. Aoiz kaleko 5. zenbakian dago. Emakumearen Etxea eraikineko bigarren solairura igotzen bazara kristalezko ate bikoitz batekin egingo duzu topo,  IPES Fundazioko Silvia Fernandez Viguera dokumentazio zentroa eta emakume liburutegia da. Amaia Zufia bertako kidea da, eta liburu artean galdu gara berarekin.

Aurrera segitu aitzin, azalpen motz bat: IPES siglen atzean Instituto de Promoción de Estudios Sociales izena ezkutatzen da. «Hasieran, ikuspegi kritiko eta sozial batetik egindako ikerketan eta formazioan oinarritzen zen IPES, hori dago gure herentzian» Baina, gaur egun, IPES Fundazioaren eragite esparrua zabaldu egin da eta sentsibilizazioan ere eragiten du, literatura eta zinearen bidez; eta noski, dena feminismoaren guardasolaren babesean.  Hala, dokumentazio zentroaz gain, feminismo eskola antolatzen dute eta zine jaialdi bi. Horietako bat estatu espainiarrean aitzindari da: ‘Zinemaren eta Emakumearen Erakusketa internazionala’ 1987an egin zen lehen aldiz.

Jarrai dezagun dokumentazio zentroaren bisitarekin. Zuetako askok bueltaka izanen du galdera buruan: Zergatik Silvia Fernandez Viguera? Ba omenaldi kutsua du izenak. 2022an egoitza lekuz aldatzen zela baliatuta -lehen alde zaharrean zegoen-, izena ere berritu zioten duela bi urte dokumentazio zentroari.

Viguera 2018an zendu zen 60 urterekin. Iruñeko mugimendu feministaren aitzindari izan zen, batez ere, ikerketa arloan. Berak bultzatu zuen IPES eta bere dokumentazio zentroa.  «Oso alaia eta ekintzailea izan zen Silvia eta Iruñean oso ezaguna zen mugimendu feministan zein mugimendu sozialetan egin zuen ekarpenagatik. Beti zegoen prest liburutegi honetan  aholkularitza lana egiteko, formatzeko. Feminismo eskolan ere irakasle izan zen eta erabaki genuen bere izena behar zuela izan gune honek» dio Zufiak.

Egoitzan sartu eta berehala egin dugu topo liburu aukeraketa batekin. Txukun daude mahai gainean paratuta, batzuk etzanda, bertze batzuk zutik. «Guretzat inportantea da hau ez izatea biltegi bat. Funts bibliografikoari bizitza bat eman nahi diogu, horregatik hainbat erakusketa egiten ditugu: batzuk nobedadeekin, beste batzuk tematikoak». NAIZ irratiaren bisitaren egunean dolua da liburu aukeraketaren ildo eta atentzioa eman digu egileen artean denak direla emakumeak. Hala azaldu du Zufiak: «Hemen dugun gehiengoa emakumeek idatzitako liburuak dira. Emakumea guk oso modu irekian ulertzen dugu, ez modu binarioan». Horrela, hiru ardatzen bueltan biltzen dituzte liburuak:  «feminismoa, genero ikerketa eta emakumeen sorkuntza». Azken horretan sartzen dira, fikzioa, poesia, komikia... Eta, hor bai, denak dira emakume egileak.  Beste sailetan gerta liteke gizon batek idatzitako libururen bat izatea, baldin eta gaiak bat egiten duen dokumentazio zentroaren lan arloekin.

Liburutegiari bizitza emateko intentzioz ere, ikasturte honetan hiru literatur talde dituzte martxan, ‘Malestar Milenial’ gazteei zuzendua, Euskal Literaturari buruzkoa bigarrena, eta poesiari lotutakoa, hirugarrena. Hori gutxi ez, eta hitzaldiak zein liburu aurkezpenak egiten dituzte tarteka. Berriki izan dira bertan Karmele Jaio eta Elisa Victoria ‘Maitasun Kapitala' eta 'Otaberria' liburuak aurkezten, hurrenez hurren.

Zorutik ia sabaira iristen diren apal zurietan lan arloaren arabera sailkatuak daude liburuak. Sail bakoitzean, egilearen abizenaren arabera daude ordenatuak, alfabetikoki. Bertan dauden ale gehienak eraman daitezke etxera 3 astez; baina baimena berritzeko aukera dago beste bi astez. Liburu antolaketan, gometsek ere badute bere garrantzia.

Gomets gorria dutenak soilik bertan kontsultatu daitezke. Adibidez, ‘La mujer interrumpe en la historia’ liburua: «713. erregistro zenbakia du honek. Segur aski deskatalogatua egonen da, eta balore historiko handia du». Amaiz Zufiari galdegin diogu ea badagoen beste harribitxirik, eta bitan pentsatu gabe hurbildu da baldara eta makurtu. «Hau. Simon de Beauvoirren ‘El segundo sexo’. Liburutegi honetan erregistratu zen bigarren liburua da».

Gometsa berdea dutenak euskaraz dira, «gero eta gehiago idazten da feminismoaz euskaraz, noski; eta badaude bilduma bereziak, Lisipe edo Eskafrandrakoa, adibidez. Baina oraindik ezin gara %50eko kopurura iritsi. Hori bai, euskaraz kaleratzen den dena hemen izaten saiatzen gara».


Dokumentazio zentroaren izen aldaketa ez da Silvia Fernandezi egindako omenaldi bakarra. Liburuz betetako apalen artean, badago koadro bat bisitariari atentzioa emango diona. Koadro karratu bat da eta gainean lupa bat du. Koadroan, emakume baten aurpegia lehen planoan, plastiko gogor garden batean itsatsita. Silvia Fernadez Vigueras da. Baina ez hori bakarrik. Irudia albo batera mugituz gero, argituko da sekretua: miniaturan egindako apalategi bat, liburuz betea. «Hau Silvia Fernandezen etxeko liburutegia zen, eta zendu zenean, kide batek erreplika hau egin zuen miniaturan». Apalean dauden liburuen titulu denak irakur daitezke lupari esker, eta tartean dago ‘Ellas’, «IPESek kaleratutako liburua da, Iruñeko emakumeen azterketa historian».

Garaian Silvia Fernandez zenduak aholkularitza eskaintzen zuen bezala, liburutegira hurbiltzen denak aukera izanen du bertakoen gomendioak jasotzeko. Zufiaren arabera erabiltzaile oso ezberdinak daude IPESen, «bada doktoretza tesia egiteko oso espezifikoa den zerbaiten bila datozenak» eta, bestetik, bada ere plazer literarioa bilatzen duena.

Jaurlaritza Logoa