Live

Peli Lekuona
Interview
Eneko Andueza
PSEko lehendakarigaia

«Independentziak EH Bilduren lehentasuna izateari uzten badio, agian bidean elkartuko gara»

Ezkerreko politikak erdigunean jarri nahi ditu Eneko Andueza lehendakarigaiak. Azken legegintzaldietako sozialisten lana jarri du balioan, etxebizitza-politikak horren isla direla dio, eta ezkerreko alderdiek PSE etsaitzat izatea kritikatu du, Sumar eta Elkarrekin Podemosi erreferentzia eginez.

Audio_placeholder

«Independentziak EH Bilduren lehentasuna izateari uzten badio, agian bidean elkartuko gara»

Loading player...
Eneko Andueza euskal sozialisten hautagaia, NAIZ irratiko estudioetan
Eneko Andueza euskal sozialisten hautagaia, NAIZ irratiko estudioetan (NAIZ)

Badirudi PSE-EE gakoa izan daitekeela hauteskunde osteko negoziaketetan. Zer behar da alderdi sozialistarekin gobernu akordio batera heltzeko?

Guretzako oso garrantzitsua da jendea kezkatzen duten gauzak erdigunean jartzea. Beste batzuen proiektuetan ez dago hori. Batzuk alderdi sozialista etsai moduan ikusten dute eta akats izugarria egiten ari dira. Elkarrekin Podemos eta Sumarri buruz ari naiz.

Jendeak arazo handiak ditu osasungintzan, hezkuntzan, segurtasunarekin... Eta bestelako politikak egiteko aukera izan behar dugu; egindako politikei jarraipena emanez: etxebizitzan, enpleguan... Parez pare dugun erronka demografikoarekin adibidez, eremu batzuetan aldaketak beharrezkoak direla agerian dago.

Azken inkestek EH Bilduri eman diote lehen posizioa. Kanpainan hainbatek aipagai izan dute Iruñeko udaleko akordioa. Hor alderdi sozialista gakoa izan da. Zerk ezberdintzen ditu PSN eta PSE?

Iruñekoa tokiko gauza bat dela uste dugu eta, gainera, hori PSNko kideekin aztertu dugu askotan eta uste dugu ez duela antzekotasunik. Iruñeko udalean guk ez dugu inolako gobernu-itunik EH Bildurekin. EAJk bai, badu. Horregatik diot gertuago dagoela EAJ eta Eh Bilduren arteko itun bat PSErekin baino.

Han blokeo egoera bat zegoen, nik bertako egoera gertutik ezagutzen dut: proiektu asko blokeatuta zeuden eta Iruñean zuen desgobernua aldatzeko unea zen. Guk Iruñeari aukera bat emateko momentua iritsi zela uste genuen eta hori gertatu da. Hortik aurrera guk oposizioan jarraitzen dugu eta ahal den heinean jendearentzako onuragarriak diren proiektu horiek martxan jartzeko edo bultzatzeko aukera ikusten dugunean, gure babesa ematen diogu.

Espainiako estatuko etxebizitza lege berria dela-eta errekurtsia jarri zuen Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean eta PSEko sailburuek idatzia plazaratu zuten. Jazoera honek nolako eragina du akordio berri bat egiteko? Gutxietsiak sentitu zineten?

Ezta gutxiago ere. Gobernuan gure iritzia eman genuen, guretzako gertatutakoa EH Bildurekin duten lehiaren barne ulertzen dugu eta akats izugarria izan zen. Batez ere Espainiako legeak aukera ematen digulako  politika gehiago egiteko etxebizitza Arloan. Adibidez, eremu tentsionatuak izendatzerako orduan. Marko juridiko hori behar genuen eta guk urtetan hori aldarrikatu dugu.

Baina badakigu politikak eraginkorrak izateko politika horiek kudeatzen dituenak sinistu behar dituztela. Zorionez Euskadin etxebizitza-politikak sozialisten esku daude eta horregatik dira hain eraginkorrak.

Etxebizitza helduta ere. Etxe gehiago eraikitzeak behar besteko eragina dauka etxebizitzaren prezioetan?

Etxebizitza publiko gehiago behar dira eta beraz eraiki behar dira. Gure proposamena da babestutako 5.000 etxebizitza gehiago eraikitzea alokairuan jartzeko. Horrekin batera, gazteentzako erreserba kupoa igotzeea %50 arte. Hori guretzat ezinbestekoa da, baina baita ere hutsik dauden etxebizitza asko merkatuan jartzeko aukera dugu, baita parke publikora jartzeko. Horretarako ere proposamen bat dugu euskal sozialistek: 200 milioi euroko inbertsioa, 1.500 etxebizitza parke publiko horretan sartzeko. Gazteentzako zuzendutako diru-laguntza horien bitartez etxebizitza horiek gazteentzako eta behar dituztenentzat eskuratzeko aukera dugu.

Badugu beste arlo bat: berrikuntzarena. Oso garrantzitsua da dugun parke pribatuan dauden etxeak ere berritzea. Zahartuta ditugun auzoei beste bizi baterako aukera ematea diru-laguntzen bitartez. Igogailuak jartzeko, efizientzia energetikoa sustatzeko...

Abiadura Handiko Trenaren inguruan ere galdetuko dizut. Noizko egongo da prest? Ezkio Itsasoko geltokia erabiltzen ez bada, ardurak norenak izango dira?

Uste dut proiektuarekin geltokiari beste bizi bat emateko aukera dugula eta beste tren zerbitzu bat emateko aukera ere bai. Gure apostua, beti esan dugu, jasangarritasunaren aldetik, diru aldetik eta estrategikoki ere Iruñerako lotura Gasteiztik izan behar dela. Ezkio-Itsasoko geltokiak beste zerbitzua batzuk emateko aukera ematen digu. Hori ez da zakarrontziara joango, ezta gutxiago ere. Baina jasangarritasuna kontuan hartu behar dugu eta ez dakigu Ezkio-Itsasoko geltokiarekin zer-nolako arazo eta galerak sortuko genituzkeen AHTa bertatik joango balitz.

Hezkuntza Legearekin azken-azken unean erregistratu ziren zuzenketak. Gaur egungo hizkuntza ereduek euskalduntzea bermatzen dute?

Bai, dudarik gabe gainera. Euskadi osoan bermatua dago. Euskararen inguruan dugun erronkarik handiena ez da ezagutza handitzea, maila ona dugu. Hemen dugun arazo larriena erabilpena da. Eta zoritxarrez, batez ere gazteen artean, geroz eta gutxiago erabiltzen da. Arazo potoloa da eta ulertu behar dugu zergatik gertatzen den edota zein eragin dugun kanpotik, ikus-entzunezkoetan eta aisialdian esaterako. Erronka hor dago. Politikak egiten dira, kontzientziazioa hor dago, norbere erantzukizunaz jabetzea ere garrantzitsua da...

Nik behintzat etxean, lau umerekin, etxean beti euskaraz egiten dugu eta esaten diegu oso garrantzitsua dela euskaraz egitea gure hizkuntza delako, eta erabiltzen ez badugu galdu egingo dela. Galera hori izugarri tamalgarria izango litzateke. Euskara erabili behar dugu eta denon artean ikusi zer-nolako politikak egin beharko genituzkeen ez soilik ikasteko, baita erabiltzeko ere. Hori etxetik lantzea eta etxetik posible egitea garrantzitsua da gure hizkuntza gero eta gehiago erabili dadin.

Programan nabarmentzen duzue beharrezkoa dela euskarari prestigioa ematea. Uste duzue euskarak prestigioa galdu duela? Hala izatekotan, zergatik?

Prestigioa galdu baldin badu beti izan da batzuek egin duten erabileragatik. Erabilpen politikoa beti izan da euskararen kalterako. Euskara askatasunez bizi eta erabili behar dugu. Eta batzuek beste alderdi bati kalte egiteko erabili izan dute. Estrategia politiko hori izugarri kaltegarria da euskararentzako. Euskara askatasunez bizi behar dugu eta askotan, alde batetik zein bestetik egiten diren gauza askok kalte egiten diote euskarari. Akaso nahigabe, ez dut esan nahita egiten direnik. Horren inguruan ere hausnartu beharko litzateke.

Zergatik erabiltzen da Gernikako estatutua negoziazio politikorako dagoeneko guztiz inplementatua egon beharko lukeen arau bat izan beharrean?

Gure borondate politikoa beti estatutu hori osatzeko  da. Agerikoa da: azken legegintzaldi honetan 14 eskumen etorri dira gure eskutik eta Pedro Sanchez presidente denetik 17. Hori ez dago inorekin alderatzerik, zenbakiak hor daude eta izugarri onak dira. Guk dioguna da 45 urteren ostean akaso estatutuaren erreforma egiteko unea iritsi dela. Oraindik ez bada lortu EAJ eta EH Bildu bestelako kontuetan ibili delako izan da.

Errespetu osoz ikusten ditut besteek egiten dituzten planteamenduak; baina 45 urtetan lortutako eskubide sozialak blindatu behar ditugu eta estatutuan bildu. Eskubide horiek babestu eta bermatu behar ditu estatutuak. Auskalo zer gertatuko den etorkizunean, baina badaezpada gure estatutan sartzen baditugu, euskaldunontzako onurarako izango da eskubide horiek bermatuta izatea. Oso positiboa izango litzateke etorkizunera begira gainera; elkarbizitza, askatasuna eta pluraltasuna bermatuko duen estatua izatea oso erabilgarria izango litzateke. Denok norabide berean eginez gero, posible izango da. Bestelako kontuek sakabanatzen gaituzte, baina honek batzeko aukera ematen digu. Batuta baldin bagaude, beti izango gara askoz indartsuagoak.

Nafarroako hauteskundeetan PSNk bere inkestak publiko egin zituen. Zuek halako zerbait egingo zenukete?

Arazo oso bitxi bat dugu guk. Inkestek beti ematen dizkigute gero lortzen ditugunak baina emaitza txarragoak. Adibidez azken hauteskunde orokorretan hirugarren indar bezala atera ginen guztietan, eta azkenean irabazi genuen. Gasteizko kasua ere oso bitxia izan zen: laugarren alderdia ginen inkesta askotan eta azkenean bigarren indarra izan ginen eta alkatetzan gaude.

Inkestak inkesta dira baina hemen balio duenak igande honetakoa da. Akaso sorpresa eman dezakeen alderdietako bat alderdi sozialista izango da.

 

Ekhiñe Atorrasagasti eta Patxi Zabaleta analisi mahaiko kideek ere luzatu dizkiete hautagai sozialistari haien galderak:

E.A.: Siglak gora-behera, lehendakariaren izen-abizenak alde batera utzita,  agerikoa da aldaketa nahi bat badagoela: beste kudeaketa bat, beste gobernantza... Existitzen da aldaketarako aukera eguneroko politikagintzan?

Guk beti jokatu izan dugu eskuzabaltasunez gobernuan. Eta harro nagogai askotan lortu ditugun itunekin. Adibidez, Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Legearen inguruan lortu dugun akordioa. EAJk nahi zuen legea oso desberdina zen azkenean EAJ, PSE eta EH Bilduk aurrera atera dugunarekin. Eskuzabaltasunarekin jokatu behar dugu.

Jendearentzat garrantzitsuak diren gauzak erdigunean jartzeko eta gure zerbitzu publikoak hobetzeko aukera badugu itun zabalen bitartez, nik ez dut arazorik edonorekin paktatzeko. Baita EH Bildurekin ere.

Akordioak lortu izan ditugu Legebiltzarrean hainbat eremutan. Eta ez gu soilik. (Alberto Nuñez) Feijóo hona etortzen da beldur diskurtsoak egitera, baina PPk EH Bilduri lege bat onartu zion, eta mundua ez da apurtu.

Asko eta asko Euskadira beldur mezuekin etortzen dira haiek beldur direlako eta urduri daudelako. Euskal sozialistak oso lasai gaude badakigula etorkizuna gure eskuetan ere egongo dela eta gure klabea jendearen bizi baldintzak hobetzeko aukera izatea delako. Denok klabe berean murgiltzen bagara, etorkizuna ederra izango da euskaldun guztientzako.

P.Z.: Askotan entzun dizut abertzalea eta ezkertiarra izatea ezinezkotan ematen duzula. ERC, BNG eta EH Bildu haien burua ezkerrekotzat aitortzen du baina, eta gizarteak hala ikusten du eta ontzat ematen du. Ez al da iritsi gara hemen ere alderdi sozialistak urrats hori eman eta, hauteskundeetan ezkerreko alderdien gehiengo bat atera dela, ezkerreko gobernuari bidea emateko?

Bitxia da baina galdera hori erdigunean dago. Nik beti esan dut Eh Bilduren lehentasuna independentzia baldin bada, gu proiektu horrekin ez dugu bat egiten. Ezker politikak erdigunean baldin badaude eta bere herri proiektuak horretan baldin badatza, akordioak iristeko aukera izango dugu. Baina oraintxe bertan, entzuten diedan heinean, dena burujabetzarekin konpontzea pentsatzen dute. Eta gu horrekin ez gatoz bat.

Nik ez diot hemendik denbora batera bidean elkartuko ez garenik. Hori agian posible izango da. Baina horretarako Eh Bilduk inork baino hobeto daki zer nolako aurrera urratsak eman behar dituen. Eta ez etika aldetik, edo iraganean gertatutakoen inguruan, baizik eta bere herri-proiektuaren inguruan eman beharko dituzte. Eta beraiek ederki asko dakite, e soilik publikoki esaten dudanagatik, baizik eta nik ere harremana dudalako haiekin eta tartean behin elkartzen garelako eta gai hau ere mahai gainean egon delako. Auskalo etorkizunean ze gertatzen den.

Jaurlaritza Logoa