Live
Egindakoaz harro, damurik gabe eta elkarbizitzarako urrats garrantzitsua izan zela konbentzituta deklaratutako dute datozen apirilaren 2an eta 3an Parisko Auzitegi Korrekzionalean Beatrice Molle-Haranek eta Jean Noel 'Txetx' Etxeberrik, 2016an izandako Luhusoko delako operazioarengatik. Ez da txantxa bat egozten dietena, lehergailuak gorde eta garraiatzea. Hain zuzen, ordura arte Frantziar eta Espainiar Gobernuek euren gain hartu nahi ez zuten ETAren armen kudeaketa. «Arriskatze politiko kolektibo bat» izan zela uste du Bake Bidea elkarteko Anaiz Funosas bozeramaileak, «helduleku bat» ostera, «presoen gaia, elkarbizitza eta gatazka politikoaren muinera heltzeko».
«Fiskaltza antiterroristaren tematzea» kritikatuz, absoluzioa nahi dutela dio Bake Bideako ordezkariak, Euskal Herrian eta bereziki Lapurdin, Baxenafarroan eta Xiberoan elkarbizitza eta ziklo politiko berri baten alde eratu den «bateratasuna» aldarrikatuz.
Molle-Haranek eta Etxeberrik deklaratu beharko dute, baina milaka lagun izango dira Euskal Herriko zazpi hiriburuetan bakegileen alde, eta garaiz kanpo dauden prozesuen kontra batuko direnak. Eguerdian jarri dute hitzordua Hego Euskal Herriko hiriburuetako udaletxeen aurrean eta 19:00etan berriz, Maule, Donibane Garazi eta Baionako herriko etxeen aurrean. «Guretzat bada zerbait berezia jakitea Parisen auzian izango diren momentu horretan Euskal Herri osoan mobilizatuko garela bakegileentzat», nabarmendu du Anaiz Funosasek.