Live
Lezoti estudioan izan dira Noa Egiguren, Manu Gestido, Gonzalo Portugal, Ibai Ros eta Paul San Martin ‘Hell's the new heaven’ diskoa grabatzen. Horiek osatzen dute Noa & The Helldrinkers taldea, 2023an European Blues Challenge lehiaketa irabazi zuena.
Ordutik hona kontzertuak, sormen prozesua eta grabaketak uztartzen ibili dira harik eta disko berria kaleratu duten arte. Zazpi abestiak ingelesez osatu dituzte, bluesa, funkya edo swinga bezalako estiloekin nahastuz. Letretan, berriz, denetariko mezuak daude, baina guztiak ere genero honetan nahikoa ohikoak diren gaitegietan oinarritzen dira.
Diskoa kalean dute, bai, baina zuzeneko animaliak dira eta hori dastatzeko sasoia apirilean hasiko da. Izan ere hilaren 13an izango dute lehen aurkezpen kontzertua Errenteriako Niessen aretoan. The Fake Cousins taldekoak gonbidatu dituzte emanaldi horretarako, baina 20:00etan hasiko den emanaldi horren protagonista nagusiak Noa & The Helldrinkers taldekoak izango dira. Diskoa gogoko duenak, badaki zer egin, beraz. Bertaratu, dantzatu, izerditu eta gozatu. Bertan sortuko den infernuko suak paradisu bilakatuko baitu Niessen aretoa.