Live

Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

1936ko emakumeen errepresioaren... eta erresistentziaren historia

Ione Zuloaga Aranzadiko historiagileak gidatuta, 36ko gerraren eta ondorengo errepresioaren argazki zehatza jaso duen azterlana argitaratu berri dute. Izugarrikeriak jaso dituzte, baina baita faxismoari aurre egin zion emakume belaunaldi baten bizipena ere.

Audio_placeholder

1936ko emakumeen errepresioaren... eta erresistentziaren historia

Loading player...
Gerrako Garrak Oñatin filmeko frame bat
Gerrako Garrak Oñatin filmeko frame bat (Kepa Aranburu | Youtube)

‘1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua’ izenburua darama Ione Zuloaga (Aranzadi) historiagileak gidatu duen lanak; Queralt Sole (Bartzelonako unibertsitatea), Enara Garro (EHU) eta Lourdes Herrasti (Aranzadi) izan ditu bidelagun; Gipuzkoan lurreratu arren ikuspegi orokor batetik abiatzen da lana. 

Emakumeen aurkako errepresioaren inguruko dokumentazioa lortzea bide nekeza da. Liburuaren aurkezpenean kasu bakanetako bat aipatu zuen, Bienvenida Agirrezabalarena, «atxilotu eta epaiketa egin zioten eta auziaren dokumentazioan aipatzen da Tolosara frankistak sartzean ilea moztu ziotela». NAIZ Irratian beste kasu bat ere aipatu du, «Euskadiko Guduontzidiaren inguruko lana egin zuen Juan Pardo San Gilek, horko dokumentazioan agertzen da Getariako bi emakumeri ilea moztu ziotela». Beste erreferentzia apurretako bat Clara Moranen kasua da, Francisco Artasanchez milizianoaren memorietan jasoa, edo bilobek ilea moztu zioten Joana Gallastegirena.

Ione Zuloaga liburuaren aurkezpenean (Jon URBE / FOKU)
Ione Zuloaga liburuaren aurkezpenean (Jon URBE / FOKU)

Errepresio kasu bortitzenak jaso ditu liburuan, baita horren ezagunak ez diren beste batzuk ere, «gutxi hitz egin da irteten direnean kartzelatik zer kontrol eta neurri jartzen zitzaizkien; desterrua, norbere herrira joateko debekua edo Saturraranen hiru urte betetzean haurra kendu eta jasotako hezkuntzaren ondorioz ama ukatzera iristen zirenen kasua». 

Kasurik basatienak gogoratzean ondorio argia dakar Ione Zuloagak, «munduko gerra guztietan emakumeen gorputza gatibu egin eta bortxaketarako erabili izan da; gizonezkoa ere umiliatzen da, baina emakumearen gorputza nola erabiltzen den umiliatzeko... Gerra garaian objektu bezala erabiltzen da emakumea eta ez subjektu gisa...» 

Emakume militanteak jo puntuan 

... baina subjektua da, «garbi dago Bigarren Errepublikan militante politikoak ziren emakumeak izan zirela frankistek errepresaliatu zituztenak; eta militanteez gain, errepublika hartako irudia babesten zutenak. Frankismoak guztiz umiliatu zituen ama bakarrak, adibidez. Emakume horiek izan ziren eredu gainerako emakumeentzat, zer egin behar ez zutenarena». 

Gertatutako ez galtzearen beharra nabarmendu du Zuloagak. «Jakin jakin, garaiko denek dakite zer pasa zen, baina oraingo belaunaldiak testigantza haiek jaso eta bildu ezean galtzeko arriskua dute».

Liburua lantzeko, herriz herrika errepresioa aztertu du Aranzadik, udal artxiboak, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako diputazioetako artxiboetara eta Salamankakora jo dute. «Jaurlaritzari errekisatutako dokumentu asko dago, errefuxiatuen ingurukoa».

Gipuzkoak Foru Aldundiaren webgunean eskuratu daiteke liburua.

Jaurlaritza Logoa