Live
Baldarrak dira Lesakako Zako-Zaharrak. ‘Pizontzia’ eskuan (txerri maskuria), lastozko txapela buruan eta aurpegia estaltzen zapi txuri bat. Koadrodun alkandora eta bularrean zein hanketan zaku bana, lastoz betetan. Herriko musika bandaren erritmoan ematen diote itzulia herriari, batzuk arin, gehienak baldar, bazterrean dagoen ikuslea zirikatu eta jotzeaz gain, multzokoak egiten dituzte lurrean bata bestearen gainean salto eginez. Gaur egun, 70 Zako-Zahar inguru ateratzen dira, neska eta mutil. Baina hori ez da horrela izan beti, 1993ko urtean Izaskun Portu eta bere koadrilako beste lau emakumek izena eman, eta nahiz eta batzuk kontra agertu, lehen aldiz atera ziren emakumeak zaku-zaharretan.
Izaskun Portu berak gogoratu du lorpena bere X kontuan, eta Zebrabidea saioan kontatu digu nola gertatu ziren gauzak.
Emakumeak lehen aldiz Zako-zarraz ateri giñenekoa!!! Ixil ixilik eta zalapartarik gabe lortu genun garaipena!! ✊#Sasitxiotx#AsteanBehin#Mozorroa pic.twitter.com/6iuQYbLrvc
— Izas (@KaxkoPortu) February 2, 2024
Nola gogoratzen duzu egun hura?
Ba, emozio handiarekin. Guk urte batzuk genituen ateratzeko gogoarekin, baina urte batzuk kosta zitzaigun urratsa ematea. Izena eman genuen, eta berehala zabaldu zen. Jende aunitz kontra jarri zitzaigun. Beti da deserosoa urte aunitzetan egon den ohitura bat aldatzea. Baina egin genuen.
Beraz, zaila izan zen?
Ez zen erreza izan. Izen ematea, bai, hori erraza izan zen. Baina segituan hasi zen zurrumurrua eta jendea hasi zen iritzia ematen. Lehendabiziko aldiz 5 lagun atera ginen, eta gu koadrilan 15 gara, beste 10ak babesa ematera etorri ziren.
Tentsioa aipatu duzu. gatazkarik sortu zen?
..Gatazka gatazka zabaldu bat ez. Baina guk ez genekien nola jantzi behar ziren zakuak. Ez genekien belar asko eta gutxi paratu behar zen, eta saiatzen ginen galdetzen, baina ez ziguten erantzuten. Azkenean, baten bat hurbildu zen esplikazioak ematera. Hiru emakume ari ziren zakuak josten, ze kasualitate, eta gu azkenak izan ginen. Baziren gizon batzuk kontra agertu zirenak eta gu ateratzeagatik beraiek ez ziren atera, horietako bat Zako-Zahar garrantzitsua zen (ilarako lehendabizikoa). Baten batek leporatu zigun gure ardura zela hura ez ateratzea.
Egun polita izan zen?
Niretzako egun izugarria izan zen, izugarri polita. Kanpotik bizi izan duzuna barrutik bizitzea izugarria izan zen. Fisikoki gogorra da, baina halako poza genuen, halako emozioa, ...nik hurrengo egunerarte ez nuen minik nabaritu! Hagitz polita izan zen.
Errepikatu duzu?
Hurrengo urtean nire ahizpa atera zen nirekin, eta oso polita izan zen.
Gaur egun normalizatuta dago emakumearen parte-hartzea?
Bai. Gaur egun erabat normalizatuta dago. Emakumeek ez dute planteatzen ateratzen ahal diren edo ez. Orduan gu ateratzea gaizki ikusi zuenak alabak ditu, eta ateratzen dira.
Gaur egun nola bizitzen duzu Zako-Zahar eguna?
Betitik izan da zerbait hagitz berezia. Ni kanpora joan nintzen bizitzera eta urte askotan ez naiz atera, baina beti bizitzen dut eguna inbidia pixka batekin. Aurten ez naiz aterako, gazteei utzi behar zaie bidea.
Zuk behintzat bidea egin duzu.
Hala uste dut, bai.