Live

Interview
Leire Villanueva ‘Iseo’
Iseo & Dodosound taldeko abeslaria eta konposatzailea

«Erlaxatuago gaude, gure buruari lizentziak emateko moduan»

Iseo eta Dodosoundek ‘En la tormenta’ diskoa atera zuten duela egun gutxi eta dagoeneko martxan dute bira ere, Euskal Herrira iristear, gainera. Leire Villanueva, Iseo, izan da MusikHaria saioan diskoaren xehetasunak kontatzen, eta, batez ere, sormenean izan duten askatasuna nabarmendu du nafarrak.

Audio_placeholder

«Erlaxatuago gaude, gure buruari lizentziak emateko moduan»

Loading player...
Iseo eta Dodosound otsaileko lehen astean izango dira ‘En la tormenta’ aurkezten Euskal Herrian.
Iseo eta Dodosound otsaileko lehen astean izango dira ‘En la tormenta’ aurkezten Euskal Herrian. (Petra MAYO)

Kaixo Leire, zer moduz?

Kaixo! Oso ongi eta zu?

Ongi eta oso pozik, zurekin beti giro ona sortzen delako. Baduzue energia bat zuen baitan Alberto Iriartek eta biok, ekaitza bera ere giro oneko zerbait bihurtzeko gai zaretela.

Itzaletan ere gauza onak atera daitezke, ezta? Hortaz, nahiz eta ‘En la tormenta’-n egon, irribarrea mantentzen da batzuetan.

Zuen bizitokiak badu zerikusirik diskoaren izenburuan?

Agian bai, baina ez kontzienteki.

Sehaska kanta moduko batekin hasten duzu guztia. Ekaitzaren aurreko beldur hori goxatzeko nahia duzula dirudi.

Alberto Iriartek, Dodosoundek, izan zuen ideia hori. Abestia bukatua geneukan, hi-hataren kolpeekin hasten zen berez, baina, bidali aurreko egunean, goizaldeko 2:00etan Dodok esan zidan halako a capella intro bat egin genezakeela. Bruselan kontzertua ematetik bueltan gentozen eta bizpahiru ordu baino ez genituen lo egin bidetik. Nik esan nion ez zela posible, ahotsa nekatuta nuela, baina saiatzeko esan zidan, bagenekielako diskoa kantu honekin hasiko zela.

Zure abesteko modua desberdina izan da diskoko pasarte batean edo bestean. Ahotsean bereziki zentratu zarela iruditu zait, kantuak eskatzen zizunera egokitzapen handia eginaz.

Oso iruzkin interesgarria iruditzen zait, izan ere kontzienteki akaso ez dut gehiegi pentsatu horretan. Iseo eta Dodosounden abestietan ahotsa beti dago erdigunean, osagai garrantzitsuena izan da.

Musika estiloak ere zabaldu dituzuelako izan daiteke, akaso.

Noski, paleta dezente ireki dugu. Ahotsaren kontura itzulita, hizkuntzaz aldatzeak ere eragina izan du, noski. Jolas moduko bat izan da eta oso berezia izan zen niretzat. Grabatu eta nire burua entzutean, nahiz eta jakin ni nintzela, ez zitzaidan iruditzen. Oso arraroa izan da nire ahotsa beste hizkuntza batean entzutea, kasu honetan gazteleraz.

Haizeetan flautak momentu batez hartzen duen tokia esaterako interesgarria da.

Bai, ahots nagusia hartzen du abestiren batean eta hori oso polita izan da, normalean tronpetak hartzen duelako nahasketa egiterakoan protagonismoa edo pisua. Baina kasu honetan, aipatu duzun moduan, oso goian jarri dugu harmonian berea zelako ahots pintzipala.

Mousehunters haize sekzioarekin segitzen duzue lanean, ezta?

Bai, baina aldaketa bat bada, bi gehiago dira orain. Orain arte lau ziren, saxofoi tenorea, saxofoi baritonoa, tronpeta eta flauta, eta, orain, bigarren tronpeta bat eta tronboia ere gehitu da taldera, azkenik.

‘Como un volcán’ abestia bera sumendi batean grabatu duzue, Teiden, Tenerifen.

Bai, baina oso inprobisatua izan zen guztia. Bideoa grabatu behar genuen, bigarren single moduan kaleratu behar genuelako. Bada, ideiak botatzen ari ginen bitartean Tenerifera joatearena bota genuen erdi-txantxetan, eta han joan ginen. ‘En la tormenta’ hemen, Asturiasen, grabatu genuen eta ‘Como un volcán’, berriz, Tenerifen.

Abestiak badu reggaearen eragin gehixeago, ez dakit kostaldeak hor eraginik ba ote duen.

Gu barrukaldean bizi gara baina hamabost minututara dugu kostaldea egun, eta Iruñekoak izanda ere maite dugu kostaldea. Abesti honen energia lasaiagoa da, ez da hain gogorra, melodia bera ere leunagoa da… pila bat gustatzen zait.

Errepika oso itsaskorra da eta sumendi goxo bat zarela irudikatzen duzu. Haizea bezain askea, ura bezain leuna eta sua bezain gogorra. Sumendi goxorik bada, hau da.

Eta badaude, lokartuta dauden sumendiak, Teide bera adibide.

Zuri ere itsaskorra dela iruditzen zaizu errepika hau?

Lehendabiziko singlea atera genuenean bagenekien abestia askoz zuzenagoa zela, kantutzarra denaren efektua eragiten du horrek, eta, uste dut honetan bigarren aldiko maitasuna sortzen duen abestia dela. Abestian sartzen zoaz, kateatzen zoaz, baina entzun ahala, ez da lehenengo kolpean harrapatzen zaituen abestia.

Hori bai, sumendiaren barrukaldean lurrikara sortzen duten baxu lodi-lodiak daude. Zuzenean dar-dar egingo du lurrak abesti honekin, ezta?

Baxuek ezin dute hutsik inondik inora ere. Gure disko guztietan hori izan da hautu estetiko garrantzitsua eta disko honetan ez zuen gutxiago izan. Bai bai, erabat, ados nago zurekin. Justu abesti honetan nire ahotsa hegan doa guztiaren gainetik, fin, polit, baina azpitik sumendi hori bero bero dago, eta horrekin jolasten dugu, nire ahotsaren erregistroa ere oso altua delako. Hortaz, ahotsaren eta nota apalenen artean tarte zabala dago eta hor elementu txiki ugari sartzen ditugu.

Abesti honen espazioa betetzen ez zen erraza, haize sekzioak ere nahiko nota altuak aukeratu dituelako. Zuek, ordea, betetzea lortu duzue erdiko frekuentzien tartea. Buruhausterik ematen du horrek?

Egiari zor ez, ez zaigu gertatzen halakorik. Abestia sortzeko prozesuan ahotsa izaten da lehendabizi agertzen den elementua. Lehendabiziko diskoetan akaso instrumentala izaten zen, baina orain nahikoa batera sortzen da dena. Batzuetan gertatu zaigu baxua izatea azken elementua, eta hori lehen ezin zen halakorik irudikatu. Horain skank bat hasi daiteke, hau da, akorde batzuk eta bateria bat eta gero ahotsa dator, hortaz, erdiko frekuentziak beteta ditugu une horretatik aurrera.

‘Lo que fué’, ordea, baxutik hasiko zen ezta? Bestela erokeria galanta egin duzuena. Cumbia bat delako diot. Manu Chaoren unibertsora ere eramaten gaitu kantu honek. Bizia bizitzeko dela aldarrikatzen duzue, gainera.

Hasieran sartu genuen baxu hori, bai. Konposatzen azkena izan zen abesti hau eta konfesatu behar dut, behin diskaren barrunbeetara iritsi garela, diskoa entregatu baino bi egun lehenago konposatu, grabatu, nahastu eta masterizatu genuela. Berez beste abesti bat geneukan, baina deskarte moduan geratu da hura. Disko bat lantzen gaudenean lasterketa moduan ikusten dut guztia, hau da, abestiak beren artean bata besteari aurrea hartzen ikusten ditut prozesua aurrera doan heinean. Eta, jakina, epea bukatzear zela, abesti hau atzean geratuta zegoen, baina Dodok esan zidan honekin cumbia bat egin genezakeela. Nire aurpegia ikustekoa zen une horretan, baina zerbaitek esaten zidan baietz, hori zela bidea, eta horrela izan zen. Nik uste dut oso polita dela eta hau izan dela diskoko lehen sorpresa publikoarentzat.

Teklatuetan diskoan ere soinu dezente erabili dituzuela aipatu beharreko zerbait dela uste dut. Zer dira, digitalak, hau da, kontrolagailu bat eta plug-in asko erabilita ordenagailuz jotakoak edota etxera teklatu berriak iritsi dira?

Denetarik dago, ‘Lo que fué’ kantuan hasten dena guk egindakoa da, plug-in batekin hemen behean, estudioan, nik neuk egindakoa. Beste hainbat ere horrela izan dira eta gitarrak ere nik grabatu ditut. Baina teklatu batzuk Madrilgo musikari batek grabatu dituela esango dugu, logela bat teklatu mota desberdinez beteta daukalako. Hirugarren diskoan, ‘Blossom’-en ere, berak jotako teklatuak badaude, eta disko honetan testura asko protagonismora ekarri nahi izan ditugu.

Grabatu, orokorrean, etxean egin duzue?

Bai, instrumentalak eta ahotsak bai, aipatu ditudan teklatuak eta haizeak kenduta. Azken horiek Lalavalab estudioan, Carabanchelen, Madrilen, grabatu ditugu bi asteburutan. Urrian eta azaroan egin genuen hori.

Eta gogoratzen duzu zer eguraldi izan zen? Hau diot ‘Cuando salga el sol’ kantuak zuzenean berotara eramaten gaituelako. Rocksteady bat da?

Guk diogu ‘euska’ dela abesti honetan dagoena.

Gero reggaea dator, ordea. Road movie bat balitz, eguzkia parez gidatzen zoaz kostaldera eta bapatean labar baten ertzera iristen zara abestiarekin, itsasoa ikusteraino.

Total, horrela da. Ska eta reggaea eskutik doaz eta nahasketa hori talde askok egin duen zerbait da. Diskoko abestirik dibertigarriena dela esan dezakegu eta orain arte egin dugun guztitik desberdinena ere bai, konfort egoeratik guztiz atera garela esango nuke. Gabonetan nire ahizpari eta lagun pare bati kotxean diskoa jarri nien halako bidaia labur bat egiten. Haien iruzkina izan zen oso disko ausarta zela, aldaketa eta sorpresa asko dituena, eta, orain, iritzi hori partekatua da askoren artean. Nik uste dut bai ausartu garela disko honetan zentzu askotan. Argiena hizkuntza aldaketarena da, baina soinu eta estilo kontuan asko zabaldu dugu gure burua. Pentsa, gure abestiak 85 eta 95 BPMko (minutuko taupada kopurua) erritmoan izaten dira eta ska bat egiteko auskalo noraino igo garen. Baina aizu, laugarren diskoa da, lehenengotik euri asko egin du, eta probatzeko garaia zen. Aurretik ere egin dugu diskotik diskora halako ariketaren bat, baina ez hain nabaria. Erlaxatuago gaude, gure buruari lizentzia emateko moduan ginen.

Zuzenean hau jotzeko gitarra zintzilikatuko duzu edo dantza egiten disfrutatuko duzu abesti honetan?

Gitarra zintzilikatuko dut kontzertuetan, baina abesti honetan ez, hemen dantza egingo dut.

Abestiaren musikari buruz hitz egin dugu, baina ‘Cuando salga el sol’ itxaropenari egindako abesti bat dela esan dezakegu?

Bai eta gainera oso abesti dibertigarria da. Sakoneko irakurketa bat badu, nahiz eta ez dudan mistiko jarri nahi horrekin. Agerikoa dena agerikoa da eta ongi pasatzeko eta ospatzeko kantua da. Baina, zuk esan duzun moduan, badago halako argi hori, gauzak ospatu eta elkarrekin egoteko momentuak sortzeko ere balio du kantuak. Bikote bati edo lagun bati eskaintzeko balio du, «goazen elkar zaintzera» esateko, adibidez.

‘Ahora sé’ kantuan, single moduan etorri zenean, denborak dena konpontzen duela esaten duzue. Eguzkiaren zikloa kontuan hartzen bada, denboraren erreferentzia ere hor badago. Ekaitza ere aipatzen da, eta hori entzun orduko nire barruan halako zartada bat sentitu nuen eta galdera hau etorri zitzaidan burura: Leire, ondo egon zara denbora honetan?

Kar-kar. Badira une txarrak bizitzan eta musikak hori sendatzen lagundu dezake. Diskoko kanturik pertsonalena da, konposatzen azken aurrekoa izan zen, diskoa bukatu baino aste eta erdi lehenago bukatuta. Instrumentala bagenuen, beste letra eta beste abesti bat osatzen zuten. Baina ez zitzaigun erabat gustatzen, hortaz, ideia ero bat izan nuen nik oraingoan. Bi egun genituen gehienez ere ahotsak grabatzeko, hor zegoen muga, eta letra guztia aldatu genion beste abesti bat sortu asmotan. Ez bagenuen lortzen, bageneukan aurretik egindakoa. Dodok esan zidan ez ginela gai izango, baina txakurrak paseatzera irten nintzen eta bueltan hau idatzi nuen. Oso pertsonala da, hauskorra, ez dago ez artifizio ez kartoirik eta horregatik uste dut asko konektatu duela jendeak abesti honekin. Irakurri dudan azkenekotako liburu batean irakurri nuen pertsonala den hori unibertsala dela eta alderantziz. Uste duguna baino antzekotasun gehiago dugu gure artean, ditugun kezka eta beldurrak partekatuak dira askotan.

Bideoklipean Flaco eta Pepe ikusten ditugu, zuen txakurrak, baina gure baitan oihaneko animaliak irudikatzen genituen abestian. Batek Asia hego-ekialdean ikusten zuen eta, besteak, Amazonia. Gerraren bat ere ikusten nuen hor tartean, melodikaren erruz ziurrenik.

Izan daiteke, bai. Melodika hori ez da benetakoa, aurreko diskoan ‘Infinity’ abestian gurasoen melodika erabili nuen harren. Yamaha teklatu bat hartu, kontrolagailu bezala erabili eta digitalki sartutako soinua erabili dugu. Ez dakigu txirulak diren edota melodika, baina bai, malenkonia hori sortzen du. Ni ere akaso Amazonia ingurura doinuarekin.

Lizentziak hartzearena aipatu duzu elkarrizketa honetan, eta beste bat ’Sin bandera’ kantuaren sarreran hartzen duzue. Vocoder bat da, ezta?

Bai, hala da.

Ekoizpenez, era berean, xumeena iruditu zait geruzen aldetik. Ez dakit gaiak eskatzen duen solemnidade puntuagatik ote den edo ez.

Bai, erabat. Abesti hau guztietan zaharrena da guretzat, duela urtebete konposatutakoa. Errepikara iritsi ginen eta hor geratu ginen denbora luzez. Ideiak azkar atzematen ditugu, badakigu zerbait gogoko dugunean, baina gero denbora pasatzen denean zerbait falta zaion edo ez ikusten dugu. Eta bai, hemen gakoa mezua da. Guk bidaiatzeko ez dugu mugarik izaten, guk erabaki gabe eman zaigun pasaporte bat daukagu eta zortea dugu munduak ateak zabaltzen dizkigulako. Beste batzuk, berriz, jaio diren tokiagatik kontrakoa dute, ate guztiak itxita bilatzen dituzte.

Banderen azpian egiten dituzten gerretatik ihesi, banderarik gabe, etortzen da asko, harrera emango dion herri baten beharraz.

Guztiz bereizten gaitu identitate horrek. Badirudi komunitatearen parte sentitzeko behar ditugula banderak, baina horiek bereizi egiten gaituzte. Sentimendu oso arraroa da guk zer zorte dugun eta beste batzuk zeinen zorte txarra duten aukeratu ez dugun toki batean jaiotzeagatik. Bizitza osoa baldintzatzen du, zure identitatea horren bueltan sortzen da.

Bukaerako kantuak ere antzerako bidea hartzen duen arren, tartean arnas pixka bat ematen diozue ‘Esta noche’ abestiarekin. ‘Dance forever’ kantua Dub’n Bass estilora eraman duzue.

Gustatzen zait! Mezua aldatzen da zerbait, baina ez da itzulpen literal bat. Itzulpen oso-oso onak badaude, baina nik ez dut honekin halakorik egin. Hori bai, mood eta zentzu bera mantendu nahi genuen, aurretik eginda genuenaren kantuaren esentzia mantendu nahi genuen. Aurreko udan egin genuen remix hau, gure abestien drum & bass remix asko ikusi genituelako aurretik ere eta tartean honena. Bada, guk gurea egin genuen eta udako biran erabili eta jendeak eskatu egiten zigun, kontzertuetan ere jendea esperoan egoten zen. Hortaz, gure saxo tenoreak, Jon Zufiaurrek, diskoan sartu behar genuela esan zigun. Baina, noski, disko guztia gazteleraz zenez, kantua gaztelerara eraman behar izan genuen. Hortaz, abestiak beste buelta bat izan duela entzungo du udan ezagutu zuenak ere.

Hondartza batean edo festibal batean abesti honek indar berezi bar hartuko du, ezta?

Bai, bai erabat. Festibaletan, hondartzan… beti funtzionatzen du, gauden tokian gaudela ere.

‘21’ kantuan modak eta halakoak aipatzen dira eta diozu inor ez dagoela horretatik salbu. Ba al dago azkenaldian erori zaren moda edo tendentziarik?

Letran esaten dugu uste dugula horretatik kanpo egon gaitezkeela, baina ez. Oso hipokrita litzateke hori kritikatzea eta gure buruan halakorik ez ikustea. Iphonetatik ez naiz libratzen, ni baino indartsuagoa da eta errudun sentitzen naiz horren aurrean. Ezin dut garaitu eta ezin diot ihes egin eta onartzen dut. Oso zaila da halakoetatik ihes egitea eta oso ongi montatuta du hori kapitalismoak, hori da haien tranpa, beharrak sortzearena.

Apirila arteko datak atera dituzue eta dagoeneko Sevillan dena salduta egin duzue estreinakoa. Gaur bertan Granadan izango zarete. Eta Euskal Herrian, noiz?

Gasteizen otsailaren 8an eta 9an izango gara, Bilbon otsailaren 16an eta Iruñean martxoaren 2an. Otsailaren 9rako ez, baina besteetarako geratzen dira sarrera batzuk oraindik ere. Gehiago ere izango dira, jaialdi eta halakoak etorriko dira, baina diskoa aurkezteko bira ofiziala aretoetan egin nahi genuen eta, noski, Euskal Herrian ere izan nahi genuen. Iaz Galdakaoko jaietan izan ginen, eta nahiko genuke halako jai herrikoi gehiagotan egoteko aukerarik izatea ere!

Diskoa bada, ‘En la tormenta’ entzuteko, baina baita eguzkipean ere; hortaz, ea laster ikusten dugun elkar zuzenekoren batean.

Plazer bat izan da, mila esker!

Jaurlaritza Logoa