Live
«Inguru oso ona daukagu eta aurrera jarraitzeko indarra eman digute»
Gazte izanaren bizipenetatik sortu dute hein batean Leihotikan taldekoek ‘Etorkizuna ginenean’ diskoa. Hitz zuzenak, hardcore melodiko indartsua eta izerdia ditu hogei minutu baino gutxiagoko lanak. Gorka Urbizu izan da ekoizlea eta Gorka Armendariz abeslariak kontatu dizkigu xehetasun guztiak.
«Inguru oso ona daukagu eta aurrera jarraitzeko indarra eman digute»
Gorka, zer moduz?
Ongi eta zu?
Ongi! Disko berria bart aurkeztu duzue Akelarre tabernan, Txantrean, baina denona da dagoeneko. Zer nolako sentsazioak dituzu?
Denbora asko daramagu honekin lanean eta lasaitze moduko bat izan da diskoa kaleratzea.
Aurpegian kolpe bat emanaz hasten da diskoa ‘Zaila’ kantuarekin. Energiaz betea, laburra eta zuzena da, minutu eta erdiko aurkezpen eskutitz borobila.
Gure intentzioa intro moduko zerbait egitea zen. Diskoko lehen abestia ez zaigu esanguratsuena izatea, baizik eta ziztada moduko bat izatea nahi genuen. Definitzen gaitu gaiak ere. Soldatak behera doaz eta prezioak gora. Nola iritsi gara hona? Zer egin dezakegu? Gaur egungo hainbat galdera planteatzen ditu eta energiaz kontatu dugu hori.
Itun soziala aipatzen da kantuan. Esan daiteke burokraziak langile klasea garaitu duela?
Nik, langilea naizenez gero, ezin dizut hori esan eta ez dut nahi hori sinistu. Garaiak asko aldatu direla uste dut, ez langileriarentzat soilik. Lehen langileriak bazituen indar handia zuen esparru txikiak, baina mundu hegemoniko batean bizi gara eta bestelako plataforma handiagoak behar dira indar hori egiteko. Gizartearen isla izaten ari da hori. Gure gurasoek edo aurreko belaunaldiek baino eskubide indibidual gehiago ditugu eta horrek gizarte bezala kohesioa galtzea ekarri du. Gizarteak ez digu babes demokratikorik ematen indibidualizatuta gaudelako, eskubide horiek bigunagoak dira eta kontrobertsia handia dago hor.
Itun sozialak balio digu? Bada, bai, baldin eta gure bizitza propioa bizitzeko aukera emango badigu. Eta hori ez da ematen ari, nahiz eta ez garen ez esklabu ez eta analfabetoak ere. Ez dakit hirugarren modernitate baten aurrean gauden edo ez, baina bizitza aurrera ateratzeko geroz eta zailtasun gehiago ditugu. Ez dakit langile klaseko aristokrazia baten aurrean gauden edo zer, baina horren kontra efizienteagoak izan behar dugu borrokan.
Gazteak zinetenean ere etorkizuna zineten, diskoaren izenburuan diozuen moduan, baina orduan ere gauzak ez ziren errezak izango.
Ez ziren errezak, ez. Baina 90. hamarkada horretan talde pila bat ginen Iruñean, 80etako belaunaldiak eman digu hemen egoteko aukera eta ilusioa. Denok genituen gure saltsak, ez genuen goi mailako ikasketarik behar gauzak aurrera atera ahal izateko. Horrek hasierak errezten ditu, baina gero denboran mantentzea da zailena. Zirkuitu batzuetan sartu behar duzu, euskarak ateak ireki dizkigu toki batzuetan, baina baliabide eskasekin eta ahal zena egiten genuen askotan. Sufritu eta disfrutatu dugu hori guztia. Gazteetxen edota txoznen kontua ere aldatuz doa, orduan dena zuk egin zenezakeenaren sentsazioa zenuen, zerbait oso lokala bazen ere.
Berak bere burua ekoizletzat hartzen ez duen arren, Gorka Urbizu izan duzue disko honetako ekoizle.
Jakina, izan ere zer da ekoizle izatea? Nik ere ez nekien zer zen hori. Berak abesten duen ‘Etorkizuna ginenean’ abestia, berak konposatutakoa da, taldearen mesedetan jarri eta gure esentziara eraman du. Gorka Urbizu bidea gurekin egin duen oso gertuko pertsona izan da betidanik, Leihotikan asko gustatzen zaio, baina ulertu ere egiten du eta erosotasun egoera horretatik ateratzera behartu gaitu bere lanarekin. Hori bai, gure identitatea mantendu du hasieratik bukaeraraino. Aipatu dugun abestian gaztetasuna eta orain gauden aroaren arteko inflexio puntua aipatzen du, non ginen eta non gauden ikusarazten diguna.
Zuk esan duzun moduan, esentzia mantentzea lortu du, baina bere ukitua eman dio hainbat kanturi.
Bagenuen pixka bat beldur hori hasieran, egiari zor. Kontua da La M.O.D.A.-koei entzun geniela eskubide unibertsala izan beharko lukeela Gorka Urbizuk zure disko bat ekoiztea, eta horrela eman genuen pauso hori. Gorka guretzat nolabait ere baserritik mundua ezagutzera joan den anaia txikia da, gu, bitartean, baserriko uzta zaintzen ari ginen bitartean. Mundua ikusi du eta eskuratu duen esperientziarekin orain gu bere mailan egongo ote ginen beldurra geneukan. Lan asko eginarazi digu, baina oso erreza izan da guztia. Lokalean ere sartu da bere instrumentuarekin eta taldekide bat bezala izan da guretzat.
Esan dezakegu ibilbide nahikoa paraleloak eraman dituzuela, etxe beran hasi zinetelako, itxi berri den GOR disko-etxean. Orain, zuek ere zuen zigilu propioa sortu duzue, Txorimalo Records. Nola izan da prozesu hori?
Guk uste genuen GOR zigiluak ateratzen zuen azken diskoa izango zela, Leihotikanek eta Berri Txarrakek izan dutelako zigiluarekin halako harreman estu bat. Baina Patxik esan zigun ezetz, Balerdi-Balerdiren diskoa izango zela azkena. Guk horren aurrean ez genekien zer egin, gainera, orain ateratako disko guztiak ere gure eskuetara pasa ziren eta hori guztia nola kudea genezakeen pentsatuz hasi ginen. Bada, zigilua sortu dugu, probatuko dugu, mobida bat izan da hau dena hastea, baina bai GORekoek eta baita Gorka Urbizu eta Only In Dreamsekoek asko lagundu digute, baita Fermin Göok ere Farmway Recordsekin. Dena ordena batean joatea lortu dugu orain arte, ingurune ona daukagu eta aurrera jarraitzeko indarra eman digute.
‘Zu gabe’ kantuan justu kontrakoaz, ausentziaz, hitz egiten da. Noren zain dago abestiko pertsonaia?
Bada, begira, hau oso pertsonala da eta nitik abesten dut hemen, amari egindako kantua delako. Marisa Zubiriren poema bat da, hark beste ausentzia baten inguruan hitz egiten du, eta, kasualitatez txio batean edo irakurri nuen eta barruraino iritsi zitzaidan. Kantuarekin bueltaka genbiltzan, oso teknikoa zen abestia eta poema horrek ematen dio emozio berezi hori kantuari. Hortaz, bai ala bai kabitu behar zuen. Gainera, gerora jabetu naiz ez dela nire kasua edota Marisarena bakarrik, baizik eta gure belaunaldikoen gurasoak, lagunak… joaten ikusten ditugu eta ausentzia horietan guztietan bizi daiteke kantua.
Riff potente bat du sarreratik, hortik abiatu zen kantuaren musika?
Bai, eta ez da ohikoena, Aitorrek egin zuelako eta ez Patxik. Normalean kantuaren oinarria Patxik egiten du, baina Aitorrek kantu hau nahikoa egituratuta ekarri zigun eta atzetik melodia jarri eta borobiltzea falta zen. Eta bai, riff hori da abestia markatzen duena.
Lehen singlea, ‘Izaeraren erreka’ izan zen. Hasierako arpegioetan surf ukitu bat badu, gero koroak eta sartzean americanatik ere edaten du… Baina armonizazioan eta Jule Goñiren ahotsa dira diferentzia markatzen dutenak. Nola garatu zen abestia?
Arpegio hori Patxik ekarri zuen eta hasierako akorde horiek bagenituen, pop mundukoak. Errepika pianoan eginda dago etxean, eta hor akaso ikusten dira bestelako hainbat gauza eta apurtu egiten du. Estilo aldetik oso berezia da, melodia sortzea asko kosta zitzaidan, oso irekia geratu zen eta denok sartu dugu zerbait. Nik oso lasaia ikusten nuen, baina taldekideek indar pixka bat gehiago eman nahi zioten. Gorkaren errepikako gitarrek eta bertako armoniek beste norabait eramaten dute, kantua behar den tokiri iristen deneraino.
Jule Goñiren ahotsak kolore berezia eman dio zuen musikari.
Bai eta asko eskertzen dut, gainera. Emakume gutxi ikusten ditut nire inguruan musikan ari garenean. Marisa Zubiriren poesia ere horregatik ekarri nahi izan dugu, gure inguruan denok gizonak garelako eta emakumeen begirada eta emakumeen presentzia asko eskertzen ditut musikaren munduan. Kantu honetan Iñigo Ibarrarekin bazterreko identitateei buruz aritu gara lantzen testuan, genero desberdinek egon behar genuen kantuan, horrek indartu egiten zuen mezua.
Testuan «inozentzia» da niretzat hitz gakoa, bazterrean bizi den horrek hori mantentzen baitu askotan gizarte krudel honen aurrean.
Bueltak eman genizkion gai honi, inozentzia galdu edo ez galtzearen kontuari. Oso zaila izan behar du normatiboa ez den identitatea izatea edota gorputz normatibo bat ez izatea eta horrekin gizarte honetan bizitzeak. Munduak tirano bihurtu gaitzake, eta hori oso posible da, are gehiago tratu txarrak ematen badizkigute, baina justu kontrakoa da behar duena normatiboa ez den pertsona horrek, inguru sano bat behar du, nahikoa baduelako bere barne gatazkekin bizi garen gizarte honetan. Inozentzia hori ez galtzeko gizartearen babesa behar duten pertsonak dira.
Bestela, ‘Azken misioa’ martxan jartzeko moduan ginateke. Musikalki beste garai batetara garamatza eta Nafarroan jorratzen diren doinuak dira.
Justu kontrakoa da abesti horretan kontatzen dena, kar-kar. Doinuak entzutean askori Tatxers etorriko zaio burura, baina guk beti eduki izan ditugu halako kantuak, Bad Brains edota Itoitz bezalako taldeek gugan eragina izan dutelako. Erdi tenpoko indarra eta intentsitatea gitarra garbi edota chorusarekin nahasten ditugu. Letra berriz aipatuz, Harold Pinterren nobela poliziako batean oinarritzen da, ‘The Dumb Waiter’ deiturikoan, asko gustatzen zaizkit sortzen diren irudiak eta Patxik oso dotore marrazten ditu irudi horiek musikarekin. Bi sikarioren istorioa kontatzen du, beste atmosfera batean, iluntasunean, 80etako zera bat baduena.
‘Armarik ez dut baina…’, baina baduzu listua. Nori botako zenioke listua zuk?
Kar, kar, kar. Oso metaforikoa da gero! Batzuetan izaten dut gogoa horretarako ere, baina W.H. Auden idazlearen esan bat da abiapuntua. Askotan, zarata asko dago kanpoan baina zuk zure baitan zerbait egiteko nahia izaten duzu. Zuretzat bizia izan behar zuenak, ordea, ezin du nahi bezalakoa izan, sistema honek ekiditen duelako. Geroz eta azkarrago goaz eta horrek antsietatea ere sortzen du, barruko burrunbada hori guztia sortzen du. Sistemak izango ditu pistolak, izango du boterea… baina nik ere badut zerbait nire amorrua kentzeko, eta horregatik aipatzen dut listuarena. Leihotikanen esentzia hori badu abestiak edo nik horrela ikusten dut abestia.
Kaxa eta gitarraren kolpeak kontran doaz abesti honetan eta zerbait oso berezia iruditzen zait.
The Police izango baginake bezala? Kar-kar. Bada, horrelako gauzak oso natural etortzen dira, ez ditugu pentsatzen. Erritmika horiek barneratuak ditugu eta batzuetan oso bereziak gara, bereziki jorratu gabe.
Nahi gabe ez, 30 urteko ibilbideak sortzen du hori. Eta duela 30 urte ere oso aktuala izango zen ‘Askatasuna’ kantua, diskoko bortitzena. Frankismoaren lakrak presente jarraitzen du 2023an.
Esperimentu modukoa da abesti hau eta hitz horren esanahaia edota abesten deneko testuingurua asko aldatu da denborak aurrera egin duen heinean. Horregatik sartu dugu hasierako sampler hori. Askatasuna gaur egun justu lehengoaren kontrako inertzian erabiltzen da, horregatik diogu haien kontzientzia gure zigorra dela, gure kontzientzia haien zigorra den bezalaxe. Kontzientzia hori da kendu ezin digutena.
Iruñean, gainera, kaleetan ere ikusi ditugu bestelako kontzientzia hori dutenetako batzuk.
Desatsegina izaten ari da eta arduratzen naute. Beldurrik ez dit ematen, Europan gaudelako eta monarkia lasai dabilelako, alegia, horietako batzuk ez dutelako hainbesteko atzerapausorik behar. Bainan gauza hauek guztiek balantza eskuinera erortzea ekartzen dute. Gizarteak behar dituen neurri sozialak balaztatzen ditu, izan hipoteken auzia edo dena delakoa. Eskuineko jende horri minik ez egiteko, dena ezbaian jartzen da. Argi urdinak ere beti berdinengana zuzentzen dira eta badira botere batzuk ez direnak eskuz aldatu, eta, hori aldatzen ez den bitartean, jai daukagu.
Ander Xabier Tejadasek egin du biniloaren diseinua, fina benetan. Edizio fisiko hori non eskuratu ahal izango da?
Bada gure webgunean bada halako denda bat eta bertan jarriko dugu saltzeko, eta, bestela Durangoko Azokan ere izango da diskoa eskuratzeko modua. Gainerakoan, binilo denda batzuk badira Euskal Herrian eta haietako batzuetan jartzea nahiko genuke, disko fisikoak mimatzen dituzten tokiak direlako.
Bart, aurkezpena Akelarren, eta Totemen badakit baduzuela beste data bat. Zeintzuk dira konta daitezkeen gainerakoak?
Abenduaren 23an izango gara Atarrabiako Totem aretoan eta inguruko guztiak bertan izatea espero dugu. Oso data seinalatua da guretzat. Abenduaren 16an Mungian izango gara eta, horiez gainera, 2024an Bilboko Kafe Antzokian, Tolosako Bonberenean, Azpeitian… izango gara. Laster kaleratuko ditugu data guztiak gure informazio kanaletan. Horiez gainera, nahiko genuke Madril, Bartzelona edota Zaragozan kontzerturen bat eskaini disko hau aurkeztu ahal izateko.
‘Betidanik eta betiko’ kantuak ixten du, single moduan NAIZ Irratian aurkeztu zenutena eta horrek ixten du diskoa. Izan zaiteztela betiko zuek ere eta, kantuan aipatzen den ardoarekin ospa dezazuela hau guztia!
Mila esker zuei, ondo izan.