Live
2003an zabaldu zituen ateak Andoaingo Bastero Kulturguneak. Bi hamarkada hauetan kultura kontsumitzeko modua asko aldartu den arren, bizi-bizirik jarraitzen du antzokiak bere 20. urteurrenean. Horrelako mugarriak ospatzeko modukoak izaten direnez, Bigarren Kafea saioa Basterotik egin dugu.
Gurean izan ditugu Garbiñe Agirre, kultur teknikari ohia, ondo baino hobeto ezagutzen duena Basterok bizi izandako prozesu guztia; Joni Ubeda musikaria, Bide Ertzean taldeko kidea eta Aiurriko kazetaria; Ana Mari Aranburu, Bastero Kulturguneko bazkide eta kontsumitzailea eta Mikel Emezabal, Andoaingo Musika Bandako zuzendaria.
Udaleko ordezkariak ere bertaratu dira gure estudiora; herriko kultura ekosistemaren inguruan hitz egin dugu Andoni Alvarez alkatearekin eta Marta Lasa Hezkuntza, Kultura eta Euskara zinegotziarekin.
Gainera, herriko eragile batzuk Basteron bizitako anekdotak kontatu dizkigute. Aitor Mendiluze bertsolari andoaindarra, Ixiar Oreja musikaria eta gaurko ekitaldiko aurkezleetako bat, Mikel Moreno musikaria eta Jon Oiartzun 'Jomes', BAP!! taldeko kidearen ahotsak entzun ahal izan ditugu.
Entzun saio berezia osorik hemen.