Live

Interview
Jone Maguregi
Powerlifterra

«Kategoria absolutuan podiumera igotzea da asmoa; aukerak egon badaude»

Jone Maguregi asteburu honetan lehiatuko da powerlifting-eko Espainiako Txapelketan, eta bere kategorian irabazteko aukerak dituela adierazi digu. Murtzian bizi da egun, nahiz eta bera markina-xemeindarra den. NAIZ irratian izan dugu bera, eta bere eskutik gertuagotik ezagutu ahal izan dugu kirola.

Audio_placeholder

«Kategoria absolutuan podiumera igotzea da asmoa; aukerak egon badaude»

Loading player...
Jone Maguregi lehian.
Jone Maguregi lehian. (Jone Maguregi)

Asteburu honetan, Espainiako Txapelketan lehiatuko da Jone Maguregi powerlifter markina-xemeindarra. Bere kategorian –63 kilo azpikoan–, momentuz, lehenengoa izango litzatekeela aurreratu digu, «baina helburua kategoria absolutuan podiumera igotzea da», bere hitzetan. NAIZ irratian izan dugu protagonista eta berari esker powerliftinga gertuagotik ezagutzeko aukera izan dugu.

Powerlifting-a egiten duzu. Nola azalduko zenioke entzuleari zer den kirol hau?

Ulerterrazagoa izateko, esan daiteke halterofiliaren antza daukala. Halterofiliak bi mugimendu ditu eta gureak, hiru.

Hiru mugimendu, ‘press banca’ da bat, sentadilla beste bat eta pisu hila bestea. Ariketa bakoitza nolakoa da?

Lehiaketetan ordena izaten da sentadilla, gero ‘press banca’ eta azkenik, pisu hila. Sentadilla da barra bat hartzen duzu bi eskurekin lepoan eta ukabilkada baten antzera egin behar duzu, behera jaitsi behar zara eta gero igo. ‘Press banca’ da, etzanda zaude eta barra berdina eskuetan heldu, bularrera hurbildu eta berriro altxatu. Eta amaitzeko, pisu hila, barra lurrean egongo da eta zuk igo behar duzu gerriraino, gutxi gorabehera.

Txapelketetan hiru saiakera edo hiru altxaldi izaten dituzue ariketa bakoitzeko.

Bai, ariketa bakoitzeko hiru saiakera daukazu. Eta behin hasten zaren pisua ezin duzu sekula jaitsi, pisu berdinarekin saia zaitezke huts eginez gero, edo gehiagorekin saiatu. Oso garrantzitsua da beraz ahaleginak ondo aukeratzea.

Ariketa bakoitzean zein dira zure egungo markak?

Azkenengoz duela urtebete lehiatu nintzen, sentadillan 150 kilo, ‘press bancan’ 95 eta pisu hilean 180.

Eta txapelketa honetarako hobetzeko asmorik izango al duzu?

Bai, batez ere ‘press bancan’. Espainiako errekorraren bila goaz. Nire kategorian 105 kilo dira eta entrenamenduetan 112 kilorekin nabil, ea zer lortzen dugun.

Nola hasi zinen kirol hau praktikatzen?

Ez nuen ezagutzen. Ni gimnasiora joaten nintzen eta pila bat gustatzen zitzaidan pisuarekin ibiltzea. Ezagutu nuen neska bat sare sozialetatik, berak powerlifting egiten zuen. Eta esan zidan niri gustatzen zitzaidanarekin zerikusia zuela eta agian interesa eduki nezakeela. Berak aurkeztu zidan kirol hau, hasi nintzen praktikatzen eta hortik aurrera entrenatzaile bat aurkitu nuen. Duela bi urte serioago hasi nintzen.

Eta kirolik egiten zenuen lehenago edo zuzenean gimnasioan hasi zinen?

Ez, kirolik sekula ez. Sartu nintzen gimnasioan zerbait egiteagatik eta horrelaxe hasi nintzen.

Eta hasieratik ikusi zenuen powerlifting-a zuretzat egokia zela? Alegia, bereziki ongi eman zaizu hasieratik edo lan baten emaitza da?

Bai, hasieratik eman zitzaidan ondo. Egia da hasieran ez nekiela asko, nire kabuz aritzen nintzen. Gero, entrenatzaile batekin hasi nintzen unean ikusi nuen oso arin hobetzen nuela. Eta hor pentsatu nuen ba agian kirol hau niretzat izan zitekeela. Ikusi da baietz.

«Entrenatzaile batekin hasi nintzen unean ikusi nuen oso arin hobetzen nuela. Eta hor pentsatu nuen kirol hau niretzat izan zitekeela»

Lehiatzerako orduan, pentsatzen dut kategoria ezberdinetan lehiatzen zaretela, bakoitzaren pisuaren arabera. Zu 63 kilo azpikoan lehiatzen zara, ezta?

Bai, bertan mantentzen naiz. Orain 61 kilo inguruan nabil, momentuz denbora daukat hor kategorian ibilbide luzea izateko.

Ariketa bakoitzeko sailkapena egoten da eta gero orokorra, ezta? Ariketa bakoitzeko domina bat egoten baina suposatzen dut orokorreko sailkapena izango dela garrantzitsuean, ezta?

Bai, azkenean maila desberdinak daude txapelketetan. Nazionalean bai badagoela ariketa bakoitzeko domina bat, erregional mailan esaterako, ez dago. Eta, bestalde, bietan dago sailkapen absolutua eta hori neurtzen da puntu batzuekin: zure gorputzeko pisuaren arabera eta igo duzun pisu totala, hor puntu batzuk ematen dizute eta sailkapen absolutu bat egoten da.

Zure instagramean ikusi dut pisua altxatzea eta asko jatea ere gustatzen zaizula. Hori behar du powerlifter batek, ezta? Pisu asko altxa eta asko jan.

Bai (barrez). Gurasoak beti esaten didate asko jaten dudala, baina azken finean hori behar dut. Gure entrenamenduak oso luzeak dira, 3 ordu ingurukoak, eta horretarako jan egin behar da.

Asko jan bai baina lehiatzerako orduan pisuan sartu behar izaten da. Zure kasuan marjena badaukazu baina askok jaitsi behar izaten dute, eta hor jana neurtu beharko da, ezta?

Bai, Espainiako txapelketarako, esaterako, badago mutil bat berak lehiatzen duela 87 kilo azpitik eta orain momentuan 96 kiloan dago. Aldaketa asko egiten da urarekin, fibrarekin eta pisua erraz galtzen da.

Energia ere behar da eta hori elikadura egoki batek ematen du. Oso pautatua izaten duzue egunero zer jan? Soilik lehiatzerako garaian? Nola eramaten duzue?

Nire kasuan, nik bai eramaten dut dieta bat, niri erosoagoa egiten zaidalako eta nahiago dudalako. Dieta hori oso zabala da, ez da batere kulturismoan ikusten denaren antzekoa. Txapelketa bat hurbiltzen ari den unean, dieta hori zorrotzago eraman behar da, baina ez da kirol bat muturreko dieta bat eramatera behartzen zaituena. Denetarik jan daiteke.

«Txapelketa bat hurbiltzen ari den unean, dieta hori zorrotzago eraman behar da, baina ez da kirol bat muturreko dieta bat eramatera behartzen zaituena»

Kulturismoa aipatu duzu, hor bai da zorrotzagoa, estetikoki ere emaitza bat bilatzen duzulako, grasa neurrian eraman behar duzu eta powerlifting-ean indarra behar duzu, eta horretarako jan egin behar da.

Bai, litxarkeriak edo zumoak eta abar, gure kasuan oso ondo etortzen zaizkigu, azukrea da eta unean sekulako energia ematen dizute. Gizartean demonizatzen diren horiek guri ondo datozkigu.

Entrenamenduei erreparatuz, nola entrenatzen da powerlifting-erako?

Nik astean 4 egunez entrenatzen dut. Entrenamenduak izaten dira enfokatuak ba batez ere guk egiten ditugun mugimenduak praktikatzera, egunero. ‘Press banca’ lau egunetan egiten dut; sentadilla eta pisu hilean, agian, gutxiago entrenatzen duzu gehiago nekatzen dutelako. Nik sentadilla hiru egunetan entrenatzen dut eta pisu hila, bi. Horrek entrenamendu hasieran eginda, gero beste ariketa batzuk sartzen dituzu, gainontzeko gorputzeko atalak indartzeko, baliagarri izan zaizkizunak.

Esango zenuke lesio asko eragin ditzakeen kirol bat dela?

Ez, oso garrantzitsua da hasiera batetik teknika ona edukitzea. Ni, adibidez, ez naiz sekula lesionatu. Teknika on bat badaukazu eta altxatzen dituzun kiloak errespetatzen badituzu, ez zinateke lesionatu beharko. Gero, pasa liteke, noski, edozen kiroletan legez, mugimendu txar bat egin eta min hartzea.

Espainiako txapelketetan lehiatu izan zara. Zer sentitzen da horrelako txapelketa batean? Hainbeste denbora eskatzen duen prestakuntza baten ostean, hiru altxaldi egun seinalatu baten eman beharrak, presio dezente suposatuko du.

Bai, batez ere, nik azkenengo egin nuen txapelketa nazioartekoa izan zen eta Espainiako selekzioarekin joan nintzen. Hor presioa handia izan zen, puntuka baloratzen zen eta azkenean, selekzioarentzako gehitzen ziren puntu horiek. Azken hilabetea nahiko gogorra izan zen mentalki, ze sentitzen duzu presio hori jendea zure pendiente dagoelako egun guztian zehar. Baina behin txapelketan zauden momentuan presio hori guztia joan egiten zaizu, ze egunero egiten dituzun mugimenduak dira.

Jendeak akaso ez du pentsatuko baina estrategia garrantzitsua da kirol honetan.

Bai, hori batez ere entrenatzailearen egitekoa da.

Bakarkako kirola dela esan genezake baina entrenatzaileen laguntza oso garrantzitsua izango da, psikologo baten papera ere hartu dezakeelako.

Bai, nire entrenatzailearekin egunero egiten dut berba, egunero bidaltzen dizkiot entrenamenduko xehetasunak, sentsazioak... feedbacka garrantzitsua da kirol honetan.

«[Entrenatzailearekin] feedback handia eduki behar da kirol honetan»

Indar kirolak asko lotzen dira dopinarekin: kulturismoa, strong man, powerlifting-a bera. Hemen Federazio ezberdinak egongo dira, batzuk baimentzen dutenak eta beste batzuk ez.

Bai, nik parte hartzen dudan federazioan kontrolak daude, ezin zara dopatu. Dopatzen bazara bada, zigor bat daukazu. Gero bada beste bat, Espainian bertan, ez dituena kontrol horiek eta beraz, dopatu zaitezke nahi izanez gero eta ondo ikusita dago.

Eta zein da zure iritzia dopina baimentzen duten federazioen inguruan?

Zuk nahi baduzu dopatu eta hori baimentzen duen federazioarekin baldin bazaude, oso ondo. Baina tranpekin baldin bazabiz, baimentzen ez duen federazio batean, ba hori txarto ikusten dut. Zu beti zintzoa bazara zure ekintza eta zure pentsamenduekin, bakoitzaren erabakia da. Sustantziak hartu ahal dira eta zure esku dago hartu edo ez hartu, baina beti zintzoa izaten zure hitzekin.

«Sustantziak hartu ahal dira eta zure esku dago hartu edo ez hartu, baina beti zintzoa izaten zure hitzekin»

Noizbait tentaziorik izan duzu?

Ez, sekula.

Kontrolatzen duzu nola dagoen panorama Euskal Herrian? Txapelketak, klubak... mugimendurik badago?

Ni, oraindik, hango klub batean nago. Abenduan etorri nintzen Murtziara, baina urtarrilean klub bat behar nuen eta oraindik ez nekienez non geratuko nintzen, ba bertako klubean jarraitzea erabaki nuen. Gero eta jende gehiago dago kirol hau praktikatzen, gimnasioetan gaztetatik ikusten da kirol hau praktikatzen, neska pila bat sartu dira.

Eta posible da bizi kirol honetatik?

Ez dut uste. Babesleak lortuz gero, izan daiteke, baina kirolaz bere horretan ez ze oso kirol minorizatua da. Ez bada oso maila handia daukazula, mundu mailakoa, izan daiteke, baina horiek ere babesleak dauzkate edo entrenatzaile modura ere aritzen dira eta hortik ateratzen dute beraien bizitza, baina ez kiroletik bertatik.

Youtubeko kanal bat ere badaukazu. Ze eduki mota lantzen duzu?

Kirolaz, batez ere. Egunerokotasuna, entrenamenduak, nutrizioa... Batez ere ‘vlog’ baten modukoa da, egun bat nolakoa den. Orain apur bat utzita daukat, ze lan handia da, denbora asko eskatzen du eta gero oso hedapen txikia dauka. Daukan lan danerako, ez du askotarako balio. Orain gehiago erabiltzen dut instagrama, formatu berdinean baina askoz errazagoa da egunerokotasunean erabiltzeko.

Moda modu bat badago, powerlifting edo kulturismoari lotutako kirolari askok badute Youtube kanala, sare sozialetan ere asko mugitzen dira.

Bai, horri esker gaur egun daukate hainbeste jende. Orain dela bi-hiru urte ez zen batere ezagutzen. Agian txapelketa batean 10 neska lehiatzen ziren eta gaur egun, 1.000 neska inguru daude federatuta. Pila bat hazi da eta hori sare sozial eta horrelako jendeari esker izan da. Nire partetik, nik ere nire aletxoa jar badezaket, ba oso ondo.

«Presentzia handia hartzen ari da eta hori oso urte gutxitan izan da, hiru urtetan asko hazi da. Oraindik asko dauka hazteko»

Nola ikusten duzu powerlifting-aren etorkizuna?

Orain artean moduko hazkuntza baldin badauka, ondo. Indar dezente hartzen ari da, araudia ere aldatzen ari da, presentzia handiagoa dauka, zuzenean ematen dira txapelketak Youtube bidez... Aurten, estreinakoz, Munduko txapelketa telebistaz eman da. Presentzia handia hartzen ari da eta hori oso urte gutxitan izan da, hiru urtetan asko hazi da. Oraindik asko dauka hazteko.

Aipatu duzu Espainiako txapelketa lehiatzen duzula asteburuan eta errekorraren bila zoazela ‘press banca’ kategorian. Eta sailkapen orokorrean zein asmo?

425kg-ko totala daukat, 440kg-ra igo banaiteke ondo. Nire kategorian lehenengoa nintzateke, baina helburua da maila absolutuan podiumera igotzea. Ea nola ateratzen den txapelketa baina aukerak egon badaude.

Jaurlaritza Logoa