Live

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Urteko bideojokorik onenak saritzera animatuko gaitu ‘The Game Awards’ ekimenak abenduaren 8an

Abendu hasieran izango da 'The Game Awards', urteko bideojoko onenak sarituko dira bertan. Noski, bideojoko berriak iragarriko dira galan, are gehiago interesatzen zaigu bigarren hori.  Bestetik, euskaratutako bi joko ekarri ditugu saiora: Live Rally Manager eta Pummel Party.

Audio_placeholder

Urteko bideojokorik onenak saritzera animatuko gaitu ‘The Game Awards’ ekimenak abenduaren 8an

Loading player...

2023ko azken txanpan sartuta, atzera begira jarriak dira asko dagoeneko. Horietako bat da Geoff Keighley aurkezle eta kazetari ezaguna; izan ere, The Game Awards ekimenaren data iragarri du. Abenduaren 8ko goizaldean hautatuko da urteko bideojokorik onena.

Onena, eurentzat, noski. Game Erauntsian badakigu halako sariak jarraitzekoak direla, baina ez kontuan hartzekoak: hobeto guk geuk antolatzen ditugun Game Erauntsia Sariak! Halere, The Game Awardsetan hainbat gai interesgarri jorratzen dira; horien artean, titulu handien iragarpenak. Iaz Hades 2, Armored Core 6 edo Death Stranding 2 bezalako erraldoiak aurkeztu ziren, eta aurten ikusiko ditugunekin amesten jarri gara gure saioan.

Etorkizunera begira bai, baina baita iraganera ere. Hori da 3D Realms argitaletxekoek Realms Deep aurkezpenarekin egin dutena. Ia lau orduko zuzenekoan tiro joko retro zein nostalgikoak erakutsi dituzte batez ere; ez hori bakarrik, beste generoetako obra itxurosoentzako tartea eduki dute.

Horrela, Quake edo Duke Nukem mitikoen seme-alabak azaldu dira zuzenekoan, baita Deus Ex edo TES bezalako maisulanei keinu egingo dieten jokoak ere. Phantom Furym Wrath: Aeon of Ruin, Core Decay, Agent 64: Spies Never Die edo Lunacid bezalako joko erakargarriak ezagutu ditugu, eta jokatzeko gogoekin utzi gaituzte.

Euskarazko jokoekin jarraitzeko aukera eduki dugu gurean: gure hizkuntzan gozatzeko bi joko berri estreinatu dira azken astean. Alde batetik, Xagu Studios donostiarrak garatutako Live Rally Manager dugu: rally autoen taldea kudeatzera eramango gaitu, baina gidatzen ere jakin beharko dugu.

Beste aldetik, Ibai Oihanguren euskal bideojokozaleen komunitateko kideak obra berria lokalizatu du: Pummel Party. Festa joko honek Mario Party dibertigarrien oinarriak ditu, baina hainbat ezaugarri interesgarri gehituta.

Bukatzeko, 2015ean estreinatutako indie bideojokoaren analisia egin dugu Game Erantsian. Galak-Z 70eko eta 80ko roboten anime klasikoak omentzen dituen akziozko abentura da. Aurkezpen bikainarekin eta jokagarritasun zainduarekin, sekulakoa dirudi, baina… merezi ote du?


Jaurlaritza Logoa