Live

Interview
Nadeth Agirre
Orioko patroia

«Udara disfrutatzen saiatu naiz, azkena balitz bezala eta lortu dut; asetuta sentitzen naiz»

Nadeth Agirre (Orio, 1993) atzo azken aldiz ureratu zen estropada eremuan. Bere azken estropada izan zen, 15 urtetatik arraunean murgilduta egon ostean. Emozio handiko udara izan da berarentzat. NAIZ Irratian onartu du Kontxan irabazi ez izanaren pena baduela baina, oro har, disfrutatu egin duela.

Audio_placeholder

Nadeth Agirre: «Udara disfrutatzen saiatu naiz, azkenengoa balitz bezala eta lortu dut»

Loading player...
Nadeth Agirre, Orioko trainerua zuzentzen, Kontxako lehen asteburuan.
Nadeth Agirre, Orioko trainerua zuzentzen, Kontxako lehen asteburuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bizitza erdi arraunean eman ostean, Nadeth Agirrek albo batera egitea erabaki du. Orioko emakumezkoen trainerua sortu zenetik dago arraunean eta beraz, «denetarik bizi izan» du. Hasierako urte gorabeheratsuak, trainerua osatzeko jende faltan egotea eta baita azken urte gozoak ere. Azken denboraldia ez da gozoena izan –Arraun Lagunakek irabazi ditu bai Euskotren liga eta baita Kontxako bandera ere–.

Penaz geratu dela onartu du orioarrak, batez ere Kontxako estropadarekin, «denoi eragiten digulako ilusio berezi bat». «Saiatu gara momentuik onenean aiatzen. Egia da atzo nahiko estropada txukuna egin genuela baina alde egin ziguten eta horren aurka ez dago ezer egiterik», azaldu du.

Arerioak ere indartsu aritu direla onartu du eta beraz, emakumezkoen arraunak mailan gora egin izanarekin pozik agertu da. Horren erakusle da, estropadetan errekorrak hautsi direla: «Kasu batzuetan hiru ontzik hobetu dituzte denborak eta horrek esan nahi du maila oso ona dela». Beste adibide argi bat da hiru ontzi aritu direla banderen lehian eta nahiko orekatua izan dela.

Oriok ezin izan du aurreko urteko balentria errepikatu –Kontxa eta Euskotren liga irabaztea– eta Agirrek argitu nahi izan du horrek ez duela baldintzatu arrauna uzteko erabakia. Udara hasi aurretik hartua zeukan hautua eta beraz, emozionalki «udara gorabeheratsua» izan duela onartu du. Denboraldia amaitzeko unea urreratu ahala ere emozio hauek indarra hartzen joan dira eta ziurtatu du «disfrutatzea» izan dela helburua nagusia eta «lortu» duela.

«Emaitza onekin zapore gozoagoarekin geratzen zara baina saiatu naiz disfrutatzen ahal nuen gehiena. Estropada eremuetara mentalizatuta joan naiz azkena izango zela eta bandera bakoitza disfrutatzera. Lortu dut; beraz, gustora», nabarmendu du.

Bizitza osoa arraunaren arabera antolatu ostean, ez da bat-batean arraunetik aldenduko, animatzen jarraituko du, «noski».

Erreferente izan da arraunean eta kirolean, oro har. Arraunak harrapatu zuen 15 urte zituela, hazten ikusi du, bai kluba eta baita diziplina, eta bere ametsa betetzeko parada izan du: Kontxako bandera eta liga irabaztea. «Asetuta sentitzen naiz, bilakaera bat ikusi dut eta horrekin pozik nago».

Jaurlaritza Logoa