Live

Errefuxiatuen errealitatea Lesbosen, euren hitzetan

Pasa den astean Greziako Lesbos uhartean dauden errefuxiatuen egoera lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zuen Hegoi Belategi lankideak Zaporeak GKEren gonbitari helduta, eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza baten parte. Egeotik iritsi berritan, bertako egoera aurkeztu digu, bertan daudenen ahotan.

Audio_placeholder

Errefuxiatuen errealitatea Lesbosen, euren hitzetan

Loading player...
WWTk eskaintzen duen deguro-giroan, haurrak jostari agertzen dira kameren
WWTk eskaintzen duen deguro-giroan, haurrak jostari agertzen dira kameren (Hegoi Belategi)

Lesbos uhartean, Grezian, dauden errefuxiatuen egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du NAIZ Irratiko Hegoi Belategi kazetariak, Zaporeak GKEaren eskutik. Ikusitakoaren berri eman du itzulitakoan, han daudenen ahotsen bidez.

«Oso aukera izan da denek ikus dezaten zein behar dauden uhartean, zein krisi egoeratan dauden asilo eskaera egin duten guztiak. Gu oraintxe bertan 2.200 otordu ematen ari gara, baina, badakizuenez, Kara Tepeko eremuan 3.300 pertsona inguru daude», azaldu zion Helena Ruiz de Azua Zaporeak-eko kideak Belategiri. «Matematikek diote 1.000 pertsonari ezin dizkiegula otorduak banatu» eta, horregatik, finantziazio beharra azpimarratu zuen GKEko langileak.

Dituzten bi behar nagusiak azpimarratu zituen balorazioa egitean: batetik, babes ekonomiko beharra; bestetik, ingurumenari dagokiona, erabilera bakarreko edukiontziak erabiltzen dituztelako; helburu dute aluminiozko edukiontzi batzuk lortu eta egunero garbitzea. Atzera begirakoa eginez, Zaporeak-ek 2019. urtetik egiten du lan Lesbos uhartean, baina 2016tik ari dira errefuxiatuen arloan. Kioseko uhartean hasi ziren, bertatik Atenasera eta Patrasera joan ziren, kontinentean, eta 2019tik, errefuxiatuen iritsiera tokia Lesbos bilakatu zela ikusita, bertan ari dira lanean. Sukalde nahiko handia daukate Mitilene hiritik gertu.

10-15 lagun ibiltzen dira egunero sukaldean lanean; gehienak errefuxiatuak dira eta, zentzu horretan, normalizaziorako eta integraziorako bide bat ere ematen dute. Haietako bat da Hadi. Belategik aitortu du beregana gerturatu zela Eibarreko elastiko bat jantzita zeramalako, eta hurrengo egunean Euskaltel Euskadikoa. Talde horiek gustuko zituen galdetuta, ezetz erantzun zion, baina lanerako ondo datozkiola eta Eibarrekoa polita zela. Hain zuzen ere, Eibar da elkartasun gehien eskaintzen dien futbol taldea.

Hadi irandarra da eta sei aldiz ukatu diote asilo eskaera; herrialde gehienetan ez dutela kanpalekuetako egoeraren berri azaldu du. Zazpi urte daramatza Lesboseko uhartean eta bere herrialdeko egoera metafora batekin azaldu zion Belategiri: «Irango egoera soziopolitikoa gau ilun eta isil baten antzekoa da, ezin duzu aldamenekoaz fidatu, ezta gertukoekin hitz egin ere». Depresio larria dauka aspalditik. Ezin du Europara joan, ezta Turkiara itzuli ere, eta bere herrialdean ez dute arriskupean jo, nahiz eta erregimen islamiko baten kontra dagoen gazte ezkertiarra izan.

Afganistanen negozio pertsona arrakastatsua zela eta orain Lesbosen ogia egiten duela azaldu zuen Rezak. Bost urtera arte egon da zain bere egoera erregularizatu ahal izateko. Europara joan nahi du, berdin zaio herrialdea, nahi duen gauza bakarra da bizimodu normal bat garatu eta etxekoei lagundu ahal izatea.

Euskal Herriko boluntarioak

Euskal Herriko zenbait boluntario ere badaude sukaldean, iritsi berriak, asko. «Badakit ezagutzen ez ditudan egoera asko biziko ditudala eta suposatzen dut mesede egingo didala. Laguntzeko gogoz nator, badakit gogorra izango dela», azaldu zion Belategiri Tuteratik heldutako Izarok. Tuterarra ez bezala, boluntario asko nahiko helduak dira, asko, jubilatuak.

‘When We Band Together’ GKEa ere badu lagun Zaporeak-ek. Stavros Mirogiannis erakundeko presidentearen arabera, emakumeak eta umeak laguntzen dituzte bereziki, haiek baitira zaurgarrienak. Gizon oso errespetatua da errefuxiatuen artean, bere hitzek baino, bereziki ibilbideak erakutsi dielako beti egongo dela errefuxiatuen giza eskubideak berma daitezen.

Kara Tepeko lehen errefuxiatu guneko buru izan zen eta, gero, Mouria hiritik hurbil dagoen kanpalekuan ere aritu zen 2019. urtera arte. Kargutik kendu zuten eta orain GKEtik egiten du bere ekarpena. Arazoak egiturazkoak direla dio, are okerrago, azken 7-8 urteetan ez dela aldaketarik eman egoeran.

Bizimodu lasaia helburu

Iftu Eritrean jaio zen, baina bi urterekin Etiopiara joan zen amarekin, indarkeriatik ihesi. Urtebete geroago hil zitzaion ama eta pixkatxo bat hazita, etxe bateko langile bezala topatu zuen ogibidea, baina beti zailtasunen artean bizi izan zen, aukerarik gabe. Etiopian etorkizunik ez zuela konturatuta, eta familia gehiagorik gabe, Turkiara jo zuen, ontzi txiki horietako batean Lesbos arteko bidea egiteko. Hilabete pasatxo darama irlan 25 urteko gazteak eta ez du helmuga maitatu bat, bizimodu lasaia baino ez du nahi.

Plastikozko edukiontzietan bizi

Kanpalekuan 7 lagun ere bizi dira plastikozko edukiontzietan, egunean behin jaten dute eta, batzuetan, ezta hori ere. Bereziki kexu ziren ez zituztelako haien eskariak entzuten.

«Acnurren daukagun politika da kanpalekuak azken aukera direla», azaldu zion Danilo Valdiviezo Acnurren ordezkariak. Hala ere, ez da hori Greziako agintariek aukeratutako bidea: «Erabaki dute beste kanpaleku bat eraikitzea hemendik ordubetera, Vastrian. Espazio isolatua da eta ez da aukerarik onena, uste baitugu errefuxiatuei integratzeko eta lan egiteko aukera eman behar zaiela».

Jaurlaritza Logoa