Live

NAIZ Irratia
Interview
Jesus Uzkudun

«Alargunak pentsioa igotzea eta kalte ordainak eskatu ahalko ditu bederen»

Ohiko bilakatu da gaixotasuna amiantoarekin lan egin eta hil ondoren aitortzea. Jesus Uzkudunek esplikatu duenez, normalean eritasun hauek jubilatu eta gero sortzen dira eta sarri ezkutuan gelditzen dira. Berak ere ez luke jakingo asbestosia duenik, lan eritasunen zerrendan sartua ez balego.

Audio_placeholder

«Alargunak pentsioa igotzea eta kalte ordainak eskatu ahalko ditu bederen»

Loading player...
Jesus Uzkudun
Jesus Uzkudun (NAIZ Irratia)

Tantaka, urte askoan amiantoarekin lan egin duten lagunen elkarteen eta senideen salaketen bidez, epaiak iristen ari zaizkigu. Azkena: Gipuzkoako gizarte segurantzak Pasaiako portuan, Algeposan eta Biyakbat paper enpresan egindako lanak gaixotasuna eragin duela aitortu du. Jesus Uzkudunek, Asviamie amiantoak kaltetutakoen plataformako kideak, eman ditu azalpenak.

Izan ere, azken kasu hau, iaz hil zen Juan Carlos 66 urteko beharginarena, ez da isolatua, amiantoarekin lan egin eta hil ondoren gaixotasuna aitortzea ohikoa bilakatu delako. Juan Carlosek Biyakbat Hernaniko paper enpresan lan egin zuen aurrena galdarak konpontzen, eta gero Pasaiako portuan garabiak eta haien balaztak moldatzen. Algeposan ere ibili zen. Behin hil ondoren, Osalanek amiantoarekin lan egin duten pertsonen zerrendan sartu zuen eta horrek gizarte segurantzak alarguntza pentsioan gaixotasun profesionalagatik aitortua izan dadin ekarri du.

Osakidetzak jaramonik ez 18 urte zituenetik amiantoarekin jardun zuen lanean Juan Carlosek. Osakidetzako medikuek, ordea, «ez zioten inongo kasurik egin. Gai toxiko honekin kontaktu isolatuak baino ez zituela izan adierazi zuten». Uzkudunek espero du jarrera hori aldatzea. Asviamieko kidearen arabera, osasun zerbitzuak ez zuen egoki jokatu, gaixotasun profesionalen zerrendan egonik Osakidetza parte ematera behartua baitago legez.

Dekretu baten arabera, sendagile batek lan gaixotasun bat izan daitekeen susmo txikiena baldin badu, alarma piztu behar da. Eritasunen zerrendan dagoela detektatzen badu, segituan eman behar du parte. «Orduan, martxan jartzen dira Osasun Ikuskaritza, Osalan eta mutuak. Kontua da Juan Carlos bera errelebo kontratuarekin zegoela eta ez zeukala bajarik. Ezkutuan gelditzen da, medikuek ez dutelako legea betetzen bajarik ez baldin badago».

Horrekin kaltea sortzen da, alde batetik, gaixo dagoen pertsonarentzat eta bere familiarentzat eta, bestalde, enpresetako prebentzioan neurriak hartzeko. «Hirugarrenik, Osakidetzak dirutza gastatzen du gaixotasun horiek tratatzen eta berez mutuek ordaindu beharko lituzkete gastuak».

Azkenaldian kexa batzuk helarazi dizkio Asviamiek Arartekoari eta Lakuako Osasun Sailari, baina ez dute erantzunik jaso. «Uste dugu parlamentariek eta gizarte osoak jabetu behar dutela Osakidetzan diru pila bat galtzeko bide bat dagoela hor, inongo ardurarik gabe, mutuen alde. Legea hor dago eta ez dute betetzen. Ez dago horretarako inongo interesik ere», salatu du.

Juan Carlos amiantoarekin hil zela kasualitatez jakin zuen Jesus Uzkudunek. Lagun batzuekin hitz egiten hasi eta galdetu zien era Biyakbaten ez zuten amiantoa erabiltzen. Ezta konturatu ere. «Baina zuek bazenuten galdara». «Joño! Galdarak konpontzen ibiltzen zen mekanikoa oraintxe hil da». Txostenak eskatu, eta garbi-garbiak ziren. «Axolagabekeria ikaragarria dago hor. Lanak asko gaixotzen du eta ezin da hori ahaztu».

Juan Carlosi hil ondotik etorri zaio aitortza, baina «alargunak pentsioaren igoera bat eta kalte ordainak eskatu ahal izango ditu bederen. Kontuan hartuta kasuen %90 baino gehiago ezkutuan geratzen direla, hobe berandu heltzea aitortza ez heltzea baino».

Borrokari esker Asviamieren borrokari esker, Estatu espainolean 107 minbizia aitortu dituzte gaixotasun profesional gisa, haietako 76 amiantoarekin lotuak eta 56 Euskal Herrian. «Ez bagenu lan hau egingo, ezkutuan geratuko lirateke kasu asko. Gizarte Segurantzak zifra beldurgarri bat kaleratu du: 119.000 pertsona hiltzen dira bost urtean behin amiantoak sortutako gaixotasunengatik. Gerra ez, askoz gehiago da hori eta ez bazaio erantzuten, zertan ari gara?».

Hamaika urteko tramite luzea amaitu du amiantoaren biktimei kalte ordaina emateko legeak. Espainiar Senatuak joan den astearteko saioan onartu zuen biktimei laguntzeko funtsa. Funtsa Gizarte Segurantzak kudeatuko du, eta estatuko aurrekontuetako diruarekin ordaindu beharrekoak ez ezik, langileak amiantoaren kalteetatik babestu ez zituzten enpresek ordaindu behar dituzten zigorrak ere funtsera bideratzea da asmoa.

Momentuz, inork ez duela deus jaso kritikatu du Uzkudunek. Zerbait eskuratu dutenek epaitegietan borrokatuz lortu dute. «Arriskua ezkutatu zaigu langileoi, eta eritu ondoren gaixotasuna nondik sortu den estaltzen eta kalte ordainekin iseka egiten ari zaizkigu».


Jaurlaritza Logoa