Live

Maite Bidarte

«Asierri esan diot nobela askatzeko! Zaila da nobelatik zinea egitea, lengoaia ezberdinak dira»

Zazpi astez luzatuko da 'Karmele' pelikularen filmaketa. Asier Altunaren proiektu berriak Kirmen Uriberen 'Elkarrekin esnatzeko ordua' nobela du oinarri. Pozik dago idazle ondarrutarra, batez ere, Karmele, Manu eta Txominengatik, «jende horren bizitza audientzia zabal batek» ezagutuko duelako.

Audio_placeholder

«Asierri esan diot nobela askatzeko! Zaila da nobelatik zinea egitea, lengoaia ezberdinak dira»

Loading player...
Kirmen Uribe, ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ nobelaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Kirmen Uribe, ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ nobelaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ez zaude Euskal Herrian, baina izango duzu 'Karmele'-ko filmaketa bisitatzeko aukerarik? 

Bai!  Azken egunean iritsiko naiz. Asierrek esan zidan egun berezia izaten dela. Zazpi asteko tentsioa eta gero, bukaera ospatu egiten dute eta poz horretara hurbilduko naiz. Nafarroan da azken eguna, Iruritan. Bitartean, argazkiak bidaltzen dizkit Asierrek eta zoragarriak dira: kolorea, aktoreak, argazkia...dena. Gustuz egindakoa iruditzen zait.

‘Karmele’ pelikularekin zein garaira egingo dugu atzera?

‘Karmele’ pelikula hasten da 30eko hamarkadan eta 40. eta 50ekoa kontatzen du. 30eko hamarkadan Karmele erizaina zen, oso gaztea, unibertsitatetik atera berri, gerrak Ondarroan harrapatzen du. Gudariekin joanen da libre zegoen aldera, Ondarroa frankistek hartu baitzuten. Lekeitiotik hara joango da eta erizain lanetan arituko da gudariekin, handik Iparraldera. Han ezagutuko du Txomin Letamendi tronpeta-jotzailea, jazz musikaria. Hor badago maitasun historia bat, gero, handik Venezuelara joanen dira....

Istorio luzea da: naziak, espioitza Bigarren Mundu Gerran...baina benetako istorio bat da, eta hori da hemen politena. Gainera liburua atera genuenean, eta Altunak ere hori azpimarratu du, hori nahi genuen, hau benetako historia bat dela argi uztea. Fikzioa dago, bai. Baina nobela eraikitzeko behar delako fikzioa, fikzioak ematen baitio martxa nobleari. Baina gertakizunak eta historia bera egia dira.

‘Bideokluba’ zine programa da eta generoaz asko hitz egiten dugu. Thriller baten urrean gaude? Espia film bat?

Badu thrillerrik asko, baina, autore zinea dela esango nuke. Oso oso poetikoa izango da. Oso ederra da estetikoki eta  Asierrek beti asko kontatzen du irudiekin. Benetan, autore zinema izanen dela uste dut.  

Maitasuna ere badago, baina gaur egungo maitasuna da. Karmele oso pertsona librea zen, ikasketak zituen, independentea zen ekonomikoki...

Asier Altunak hartu du erabaki bat, hainbat protagonista daude nobelan, eta Asierrek 'Karmele' izena jarri dio pelikulari. Pozik zaude erabaki horrekin?

Asko gustatu zait. Azkenean nobelako bihotza Karmele da, eta berak argi ikusi du hori liburua irakurri duenean. Karmele da nobela osoa lotzen duen pertsonaia. Gero daude Txomin gazte idealista, musikari eta artista, eta Manu Sota. Manu oso tipo berezia zen, oso kultua, Eresoinka sortu zuen, AEBetako lehen ordezkaritza, Euskal Selekzioa...eta hiruren arteko jolasa egiten da nobelan, baina erdigunea beti da Karmele.

Izugarria da garai horretan egiten zituzten festak. Nire aitatxi eta amatxi behintzat,  ez ziren horrela bizi!

Bai, bai, batzuk hala bizi ziren (barrez). Nire aitona arrantzalea zen eta nire amona kontserba lantegiko langilea, orduan, ez ziren horrela bizi. Baina Frankismoak hori asko markatu zuen. Konturatu ginen bai ni eta baita Gorka Arrese ere (garaian, SUSAko editorea), sekulako bizitza kulturala egon zela 20 eta 30 hamarkadetan. Gero, frankismoarekin hori dena itzali egiten da. Oso garai eferbeszenteak bizi ziren. Antonio Gezalaren mihise hori, non Bilboko Ibaiganeko festa bat irudikatzen duen, Gatsby handia dirudi! Ematen du oso giro librean bizi izan zutela garai hori. Baina hori dena, pun! Desagertu egin zen, zulo handi bat dago 40. eta 50. hamarkadetan.

Gidoi aholkulari bezala aritu zara?

Tira  aholkulari, (barrez), ez dakit. Aholkulari esatea asko da. Asierrek pasatu dizkit gidoiak, eta nik esaten nion ba, igual, hutsuneak non zeuden edo nik indartuko nituen aldeak.  Baina nik argi esan diot:  hartu nire iritzia kontuan, edo ez. Askatu zama horretatik! Oso zaila da  nobela batetik zinea egitea, bi hizkuntza ezberdin dira.

Eta zu, prest zaude, zure noblea pantaila handian ikusteko ? Zeren eta dena ezin da kontatu.

Bai, bai, prest nago, nola ez. Eta oso pozik nago. Liburuagatik, liburuak beste bizitza bat hartzen duelako, baina, batez ere, pertsonengatik: Manu, Txomin eta Karmele. Jende horren bizitza audientzia zabal batek ezagutuko du.

Karmele ondarrutarra zen, zu ere ondarrutarra, baina filmaketa Lekeition.

Ni oso Lekeitio zalea naiz! Askotan joaten naiz hara, eta lagun asko ditut han. Herria asko gustatzen zait, estetikoki ederra da. Asierrekin hitz egin nuen gaiaz, eta esan zidan  gaur egungo Ondarroa oso aldatuta dagoela eta zaila dela herrian grabatzea.  Garai batean ontziola ederra zegoen Ondarroan, baina 80-90 hamarkada fantastiko horietan euskaldunok erabaki genuen dena bota behar zela. Gaur egun, gauza horiek ez ziren egingo. Ondarroan, balio historiko handia zuten gauza bat galdu genuen, eta Lekeition badago ontziola bat zaharra.

Asko falta da filma pantaila handira iristeko, hau hasi bertzerik ez da egin. Zuk zer desio diozu Karmeleri.

‘Karmele’ -ri desio diot onena, eta gainera, lortuko du. Euskal zinemaren historian izango da  mugarri bat, benetan. Uste dut jendeak gustura ikusiko duela ‘Karmele’. Gure memoria berreskuratzeko modu bat da, guk geuk kontatua. Guk kontatu behar dugu gure bertsioa, eta pelikula ere hori da:  guk geuk kontatzea, guk geuk nola pasatu genuen. 

Jaurlaritza Logoa