Live
«Ordenagailuan gero inperfekzio puntua ere bilatu behar izan dut, humanoagoa bihurtzeko guztia»
Oscar Rodriguezek eta Etxahun Arregik aspalditik ezagutzen dute eta elkar, urte batzuk egin baitzituzten Zazkel taldean. Haiek agur esan eta gutxira agertu ziren, ordea, TRB edo Turbo Retrobator proiektuarekin. Su txikian egosi dute proiektua eta debuteko diskoa duela hilabete gutxi kaleratu dute.
«Ordenagailuan gero inperfekzio puntua ere bilatu behar izan dut, humanoagoa bihurtzeko guztia»
Egun on, zer moduz?
Ondo, oso pozik hemen egotearren.
Zazkel bukatzen ari zineten eta TRB sortzen. Baina izena nola esan behar dugu?
Kontua da gure berezko izena Turbo Retrobator dela, sekulako izena dela, baina jendea «Retro Turbobator» edota «Retroboleitor» bezalakoak esaten hasi zen. Hortaz, M.C.D. taldeak egin bezala, guk ere TRB deituko dugu taldea, diskoaren tituluan geratuko da izena osorik.
Italodiscoa, synthwavea… zegoen hasieratan, baina asko zabaldu da guztia.
Estilo bakarrera mugatzea oso zaila zen eta aipatuez gainera, acid, house eta bestelakoak ere badaude.
Kantuen tituluek iradoki dezakete zerbait, ‘Azido’ kasu, baina hau italodiscoena da. Konforme jartzen zineten?
Bai, nik sortzen nituen abestiak eta Oscarrek exekutatu. UZP ni nintzen eta bera makina. Sortzerakoan zerbait potentea bada, aurrera egin dugu beti, guk gustuko badugu eta jendeak ere bai, aurrera egiten dugu beti.
Kantu honetan ahots sampleatuak, arnas hotsak diruditenak, teklatu finak… denetarik entzuten dugu.
Arnasen zera hori bonboarekin batera dator, bonboa eta ahotsa nahasten dituena.
Azul y Negro taldearen ‘Poco a poco’ kantua gogoratzen dit. Baina halakoak geroz eta gehiago agertzen ari dira, atzera begira jarrita dago elektronikaren ekoizpena Europan? Diot, technoa edota drum & bassa ere horrela agertzen ari direlako.
Egia esan behar badut ni pertsona oso outsiderra naiz eta kobazulo batean biziko banintza bezala dago nire burua. Hortaz, kobazulo horretan 80 eta 90etako gauzak etortzen zaizkit burura. Baina The Weeknd bera 80etara salto egina dago eta Dua Lipak ere ‘Let's get physicall’ kantuarekin ere hori egin zuen. Baina akaso ez da 80etara salto egin dela, baizik eta synthwavera. Kosmai Kosineko lagunek ere duela gutxi egin zuten Hemendik At! taldearen bertsio bat, 90etako technoa egin dute edota garai hartako Prodigyren kantuak ere jotzen dituzte zuzenean. Beti dago musikan atzera begira jartzeko ohitura eta hortik zerbait berria sortzeko nahia.
Hau guztia galdetzen nizun, generoaren bueltan ere ikusi dugulako ‘Cachitos de hierro y cromo bat’. Genero honetan asko sortu da munduan, baina Euskal Herrira akaso ez zaigu askorik iritsi?
Baina nori iritsi zaio gutxi? Euskal Herrian azalera bat da baina tribu desberdin asko dago. Nik uste dut Euskal Herriko diskoteketan, horteroek, hori entzuten zutela baina Euskal Herrian ez zirela oso ongi ikusiak, pekatu moduan ulertzen zen. Eta guk pekatua dugu maite.
Musikari begiratuz, zer erabili duzue beat bat sortzerakoan, pad-a, ordenagailua edota midi teklatua?
Eta zein da desberdintasuna zuretzat?
Bada, erasoko indarra, iraupenak, tempoa eta abar.
Bada guztia saguarekin dago eginda. Shuffle pixka bat ere behar izan dut, teklatuak dena oso koadratua eta zuzena egiten duela. Hortaz, ordenagailuan gero inperfekzio puntua ere bilatu behar izan dut, humanoagoa bihurtzeko guztia eta inperfekzio horrekin abestiak beste dimentsio bat hartzen du. Zientza intuitibo bat dago horren guztiaren atzean.
Gailu analogikoak ere gustatzen zaizkizu ordea, melodiak egiterakoan horrela egin dituzu?
Ez, ordenagailu bidez. Ondorioz, kontzertuetan ordenagailuetatik dena MIDI bidez sintetizadoreetara pasatzen genuen eta abar, baina berotzean eta desafinatu egiten ziren sintetizadoreak. Hortaz, katean lotzen genituen guztiak eta pixka bat zen zure buruari esatea «zorte on». Arrisku aldagai handia zenez, DJ mahai bat hartu dugu eta oinarri guztia bertatik botatzen dugu eta gero bakoitzak bina teklaturekin apaintzen ditugu abestiak.
Abestutako kantu bakarra da ‘Baztan’. Denak zureak dira?
Bai eta zuzenean koroak disparatu egiten ditugu, ahots nagusia soilik abesten dut.
Techno ukitu bat du abesti honek, baina baita trance eta progressivea ere.
Bai, kutxaren igoera hori oso progresive da.
Beat-a, erritmoa, orokorrean asko aldatzen zen sorkuntza prozesuan?
Ez beti. Lehen abestietan bai, baina Baztanen adibidez patroi bat osorik eginda dago. Baina hurrengo abestietarako lan handia egina zegoenez, berriz aprobetxatzen genituen. Hortaz, abesti batek bestea azpikontratatu duela esan dezakegu.
Kantuak bukleka sortzen dituzu?
Bai, lehenengo A buklea egin eta gero B buklea eta bat egin dezatela. Ez dut egiten zati bat sortu eta gero beste bat oso desberdina eta lotzen saiatzearen ahalegina. Sormenak kurba bat egiten du, hasieran oso azkar etortzen dira emaitzak eta gero apaltzen joaten da, sormenaren iturria ere agortu egiten delako. Izan daiteke oinarri bat sortzen 30 minutu soilik egotea eta gorde behar izatea. Hori bai, oinarri horren gainean orduak egon naiteke abestia janzten edo apaintzen.
‘Chroma noir’ sataniko samarra iruditu zait. Kosmai Kosinekin ondo, ezta?
Bai, gainera Gari satanismoaren jarraitzailea ere bada. Berekin kontzertuetan izan garenean, oso ongi etorri da abestia eta nolabait ere bi taldeon zubi bat izan da.
Baztan inguruko akelarreak entzuten dira hemen.
‘Damea damea bularretan’, Oskorriren ‘Katuen testamendue’ diskoko abestitik ateratako samplerra da, efektuak eta gehituta.
Zergatik dena Baztanen gertatzen da?
Bada inguru horretara asko joan naizelako, Saran daude erretiroa hartuta gurasoak eta beti maite izan dugu inguru hori.
Eta titulua zergatik da kroma beltza?
Bada ‘chroma’ edo ‘chromatic’ bezalako gauzak asko ikusi ditugu gure estiloaren bueltan eta ‘noir’ Oscarri bururatu zitzaion, frantsesak elektronikan beti puntu fina eman izan diolako. Gero izenburua zein kanturi jarri erabaki behar izan genuen.
Ableton programa erabiltzen duzula aipatu duzu, geruza askoko proiektuak dira?
Abestiaren arabera, eta gehien ‘Elektrik haiz’ kantuan daudela esango nuke. Izan ere abesti bat asko garbitu behar izaten da soinuak definituta gera daitezen, baina hasierako kantua da hau eta teklatuetan soinu desberdinak bilatuz 10 geruza ere egon daitezke.
Masterizatu zuk egin duzu?
Iluntasunean galduta ibili naiz. Konparaketa etengabean ibili naiz. Esaterako, erdiko frekuentzia asko nituen eta horiek jaitsi egin behar ziren, konpresioak sartu eta abar. Baxuetan, esaterako, sekulako indarrarekin entzuten diren abestiekin flipatzen nuen, ez zutelako pikorik sortzen eta nik indar laurdenarekin dena gorri-gorri nuelako bumetroetan. Ez nuen ulertzen. Kopiatzen ikasi dut gehien, oso zaila baita dena garbi eta ozen entzutea baina nahasi gabe eta saturaziorik gabe.
‘Elektrik haiz’ aipatu duzula, bertan Rolling Stones taldearen ‘Satisfaction’ eta EDMa nahastu dituzula esan daiteke?
Ez dut modu kontziente batean egin eta pozten nau hori entzun izanak, egiten ditudan gauzak zerbaitegatik sortzen direla ohartzen naizelako. Zazkelekin gertatu zitzaidan The Cure entzuten pasa nuelako denbora luze bat, adibidez. Jamiroquairen ‘Love philophy’ abestiaren estruktura kopiatuta nuela ere jabetu naiz, konturatu gabe. Eta hori beti gertatzen da, sormenean guk ezagutzen dugunetik sortzen dugulako produktu berria. Zea Mays taldearen ‘Kukutza III’ kantuko gitarra, adibidez, The Killers taldearen ‘The Reasons I Know’ taldearen bera da, tonua eta abar aldatuta. Eta hori sekulako iruditzen zait, baliabideak erabiltzeko daudelako. Picassok esaten zuen artista onek kopiatu egiten zutela eta geinuek lapurtu.
Abestia soinu aldetik gaur egungotik gertuen dagoena dela esan dezakegu?
Bai, ezbairik gabe. Abesti honen sorburuan dagoen soinutxoak 20 urte ditu, Reason programarekin sortutakoa. Eta horrekin jolasean ibiltzen nintzen eta Zazkelen ‘Blai’ deitu genuen eta zuzenekoetara eraman nahi izan genuen, baina ez zegoen aukerarik horretarako. Bada, egun batez berreskuratu nuen eta gaur egungo emaitzara iritsi zen, horregatik du gainerako abestietatik halako desberdintasuna.
Zaharrenak soinu berriena eta berrienek soinu zaharrena. Klasikoak elektronika klasikora eramatea zen helburua? 60etako Satisfaction, 70etako Laboa eta Artze eta Barroko garaiko Bachen ‘Tokata eta ihesa’ entzun ditugulako zuen diskoan.
Talkak beti geratzen dira ondo eta kolore osagarriak beti geratzen dira ondo. Erronka bat dirudi, baina errazagoa dela esango nuke. Compiler Bauck egin zuen antzeko zerbait Bachen kantu gehiagorekin synthwavean.
Beno, baina trance asko du honek, nahiz eta fidelak izan abesti originalari.
Teklatuarekin jo dezaket zerbait, baina dena idatzita dago. Hala ere zalantza dut teklatua erabili ote nuen edo ez. Hala ere bai, trancetik asko du eta espero dut gustatuko dela. Zuzenean saiatzen gara gauzak txukun egiten, eta tituluan ere horregatik diogu ‘Bach edo horrelako zerbait’. Diskoko abestiari play ematen diogu eta metabarrokoa sortzen dugu pad eta halakoekin apaindurak jarriz.
Aizu, eta zergatik ‘J. Raptor’?
Bada ‘J'Hayber’ zapatilak zeuden eta Oscarrek denari J gehitu behar dio, eta ‘Raptor’ oso interesgarria iruditu omen zitzaion, bada biak gehitu eta aurrera, ez du misterio berezirik.
Nola dator uda?
Noiz edo noiz deitzen badigute joko dugu eta akaso halako saioek balio dute jendeak beren gaztetxean edo txosnagunean ongi eman dezakegula uste badu. Loturak jaialdia egingo zen Garaziko gaztetxearen eskutik ekainaren 15, 16 eta 17an. Larzabaleko Pagolateian izan ginen 16an gu, Leire Iribarne Diaboloko Kiwi taldeko abeslari eta konposatzailearen omenez. Harekin harremana genuen taldeek jo genuen, guk Zazkelekin genuen harremana, hortaz, TRB bezala joan ginen arren, Zazkelen abestiak jo genituen. Beraz, data bakarra izan den arren, oso berezia izan zen.