Live

Interview
Andoni Barinaga-Rementeria eta Iñigo Güemes
Txopet taldeko kideak

«Egon zen une bat taldearen izena aldatzekotan ginena, baina dena artifiziala egiten zitzaigun»

Txopet taldeak bide laburra duen arren, oraindik eskaintzeko asko dutela garbia da. NAIZ Irratiko ‘Beste bat’ saioetan ari dira parte hartzen orain eta urtea bukatzerako disko luzea ekarriko dutela aurreratu digute. Andoni Barinaga-Rementeria, Iñigo Güemes eta Jon Fernandezek osatzen dute Txopet.

Audio_placeholder

«Egon zen une bat taldearen izena aldatzekotan ginena, baina dena artifiziala egiten zitzaigun»

Loading player...
Txopet hirukote bilbotarrak 2023a bukatzerako disko luzea kaleratzeko asmoa du.
Txopet hirukote bilbotarrak 2023a bukatzerako disko luzea kaleratzeko asmoa du. (Nerea GARCIA BERRIOZABAL)

Kaixo bikote, udarako prest?

Iñigo Güemes: Bai, halaxe gaude, ondo.

Hasi, ordea, noiz hasi zineten Txopetekin?

I.G.: Jon eta biok etxean eta lokalean elkartzen ginen, pandemia garai horren ostean eta denborapasa moduan.

Andoni Barinaga-Rementeria: Bai, lokalean elkartu eta jotzeko asmo soilarekin.

Esan daiteke, hortaz, dorrean gora egin duzuela?

A.B-R.: Bai, pixka bat bai. Lokalean sartu eta kantu batzuk jendeari erakustea zen nahia, gero kontzertuak emateko, hori baita talde baten helburu nagusia. Azkenean Gaztea maketa lehiaketara kantu horiek bidaltzea erabaki genuen eta jendeari gustatu zaiola esan daiteke.

Inflexio puntu bat izan zen hori? Jende berria erakarri du zuen kontzertuetara?

A.B-R.: Hasieran jende ezaguna genuen inguruan eta Villasound edota maketa lehiaketaren ostean akaso bai etorri dela jende berria.

I.G.: Shock gehien ematen duena, hala ere, ezagutzen ez dituzun pertsonak zure abestiak kantatzen entzutea da. Gainera, Jonek esaten du letrak berak baino hobeto dakizkiela etortzen den jendeak.

‘Dorrean gora’ egin duzuela esan dizuet, kantu berriena hori delako. Zer estilotan kokatzen duzue zuen burua?

I.G.: Nire baxua post-punka dela esaten didate eta asko edaten dugu hortik, Euskal Herriko musikaren baitan erreferentzia asko daudelako. Hala ere pop dezente dago hemen.

A.B-R.: Nik uste denetarik esan digutela, rocka, post-punka, post-hardcorea… Hiruon nahaste bat dago ez baititugu erreferentzia berak gure artean.

Hasieratik argi akaso autotunearen erabiliko zenutela zegoen?

I.G.: Ez, ez. Jon Wallapopen erositako gailu batekin etorri zen egun batez eta ahotsarekin Bon Iverren estiloko zerbait nahi zuela egin esan zigun. Akaso berak konposatzen duenean lasaiagoak dira kantuak, baina, lokaletik pasatzen denean, beste bizitasun bat hartzen du guztiak.

Tempoz lasaitxoak zarete akaso, baina indarra baduzue. Non jartzen duzue fokua indar hori bilatzeko?

A.B-R.: Nire teoria da baxua dela indar hori gehitzen diona. Baxua tonikak ematen, plano samar, melodia gehituz batzuetan, ez dakit baditu ukitu batzuk ez direnak hain arruntak.

I.G.: Beno, eta ahotsak. Duen efektuak indar handia ematen dio, baina baxuak distortsioa du eta hori da akaso desberdintasuna markatzen duena ere.

Dorrera itzuliz, garaitezinaren tokian, goikaldean zaudete abestiaren istorioan. Rol hori hartzen duzue edota beste istorio bat dago atzean?

A.B-R.: Letrak Jonek egiten ditu eta azaltzen dizkigun arren, bakoitzak berera eramaten ditu.

I.G.: Letra ilunak dira eta gizarte-langile bezala idazten du Jonek, horretan egiten baitu lana, hortaz, beti dago sistemaren kontra. Baina beti metaforiko samar ibiltzen da.

Taldearen izena, ordea, ez da hain abstraktua.

I.G.: Orain, taldean lanean gabiltzanean serio jartzen gara, baina hasieratan kosta egiten zitzaigun serio jartzea. Txaka izeneko talde bat eduki genuen eta Txopet deitzea honi, urdaikiari bezala, natural etorri da. Egon zen une bat taldearen izena aldatzekotan ginena, baina dena artifiziala egiten zitzaigun eta dagoeneko ezagutzen gintuzten. Orain karteletan gure izena irakurtzean, barre egiten dut, oso xelebrea iruditzen zaidalako.

Mungiako soinuaren etiketa ere jarri diezaiokegu taldeari batzuetan, ezta?

I.G.: Konposatu genuen lehen abestian, nik baxua hartu nuenean Belako eta Lukiek erreferentzia garbia izan ziren.

Oihartzunaren erabilerak, erritmoak… badute hortik, baina zuen bidaide den Urtzi Izak ere izango zuen zerikusirik.

I.G.: Kantuko atmosfera guztiak Urtziren errua dira.

A.B-R.: Geruza horiek guztiak berak sartu ditu.

Zuzenekoetan ezinbestekoa zaizue bera?

I.G.: Ahal duenetan gurekin izango da, baina, zorionez, bera gabe ere momentuz nahi dugun soinua lortzea ez da hain konplikatua, elementu gutxi eramaten ditugulako.

Nahasketetan eta gainean egon zarete? Dena orekatuta entzuten delako diot.

A.B-R.: Ez gara gainean egon, baina Urtziren lan egiteko modua asko gustatu zaigu. Zerbait grabatu dugun bakoitzean, instrumentu bakoitzaren moldaketak gu aurrean gaudela egin ditu eta horrek asko laguntzen du adostasunetara iristeko.

I.G.: Urtzik ez du gogoko zerbait grabatu, utzi eta gero nahasketak egitea. Gauza bakoitzari bere soinua bilatzen saiatzen da eta bere garrantzia ematen dio. Frekuentzien kontuan, esaterako, nahi gabe asmatu genuen orekatzen lokalean. Gitarra ekualizazio estandar batean jarri genuen eta baxuarena ez genekien orekatzen, baina belarrira ondo eman zigun eta gerora jakin dugu parean asmatu genuela.

Efektuetan eta asko murgildu zarete?

I.G.: Jon hasieran gauza gutxirekin hasi zen, hastapenetan zebilelako, baina pixkanaka ari da geroz eta gauza gehiago erabiltzen. Chorus bat, delay bat, distortsio bat eta gutxi gehiago, baina estudioan gauza gehiago ere sartu zituen. Ari da ikasten, kar-kar.

Behetik gorako bidea azkar egitean, bertigorik sentitu duzue?

I.G.: Bada bai, sentitzen da. Diskoa prest daukagu, berrogei minutuko zuzeneko bat ematen dugu, bederatzi kanta eskaintzen ditugu baina aurrera egin beharra dago. Kostatzen da, batez ere udan kontzertuetan eta murgilduta zaudelako eta konposatzeko tarte askorik ez dagoelako horrekin eta lanarekin, baina ari gara.

A.B-R.: Nik bertigoa baino gehiago ez sinistearen kontua dut buruan. Jendeak taldea ezagutzea, abestiak eta letrak ezagutzea… horrek guztia harridura sortu dit.

‘Urrunean’ kantua udatiar samarra iruditu zait. Lehendabiziko EP txiki horretan hiru kantuak oso desberdinak iruditu zaizkit, propio bilatua izan zen?

I.G.: Naturalki horrela sortu dira. Zure estiloa bilatzen zabiltza, jolasten eta abar. Orain akaso dagoeneko bideratuago daukagu sorkuntza toki batetara iristeko.

Surf rock ukitua du abesti honek, baina mezua eta gainerakoa kontrastean daude.

A.B-R.: Munduarekin haserre gauden kantu bat da, berriz ere iluntasunera buelta egiten duen pertsona baten begietatik. Zerbait badoa, ez duzu onartzen, luzatu egiten duzu egoera hori nahiz eta jakin ez dela ideia oso ona…

Eta bideoklipean espazio infinitu bat, lanbroa…

I.G..: A zer nolako hotza hori grabatzen!

A.B-R.: Burgosen grabatu genuen, goizeko 6etan inor ez gurutzatzeko, lanbro hori erabili nahian… sekulako hotza egiten zuen.

BBK Live irekitzen duzue aurten, urduri?

I.G.: Halako oholtza batean egotea soilik sekulako esperientzia da, mezu asko jaso ditugu egun horretan gauzak nola egin eta abar, eta hori bada berezia inondik inora ere.

A.B-R.: Onartu behar dut baietz, halako oholtza bat handia geratzen delako askotan eta espazioa ere zabala dela. Ni behintzat ezkutatu egiten naiz bateria atzean eta errezagoa da. Inpresioak sortzen duen urduritasuna da, baina gero akaso bertan soinu froga egin eta ondoren, akaso lasai egongo gara. Baina ilusioa bai, ilusioz gainezka gaude.

Eta uda, gainerakoan, nola duzue?

I.G.: Pozik gaude, uztailean hiru eta abuztuan beste lau kontzertu izango ditugulako. Hasiberriak gara, setlista ez da luzea eta pozik gaude jasotzen dugun erantzunarekin. Uda ostean beste zerbait etorriko da diskoarekin. Uztailean batez ere Bilbon izango gara, BBK Liven, Santutxun eta San Inazion. Abuztuan, berriz, Leitzan edota Gasteizko festetan izango gara eta irailean ere mugituko gara batetik bestera.

Diskoan zer espero behar dugu, zerbait oso desberdina edota azken kantuen jarraipena?

I.G.: Zuzenekoak ikusi dituenak badaki diskoan zer topatuko duen. ‘Neska zaharrak’ ez da diskoan joango, baina EPko kantuak eta ‘Dorrean gora’ ere bertan izango dira. Bi fasetan grabatu dugu guztia, baina rolloa mantenduko da.

Uztailaren 6an ikusiko dugu elkar berriz ere eta ea elkarrekin egoten garen. Disfrutatu momentuaz!

Mila esker!

Jaurlaritza Logoa