Zuzenean

Sei urte dira Lukiek taldeak estreinako lana kaleratu zuenetik eta ordutik hona hiru lan publikatu dituzte. Eboluzio bat erakutsi du taldeak bide horretan eta hori diskoen azalean ere ikusi da, komiki itxurako bi dimentsioetatik hasi, hiru dimentsiotara pasa eta benetazko figurekin egindako hirugarren bat etorri baita oraingoan Ximon Agirre eta Paula Huarteren eskutik.
Deigarria egiten den azal horretatik abiatuta, hamar abesti jaso dituzte diskoan. Pop mundua akaso gehixeago besarkatu dute abestiren batzuetan, garbiagoak diren gitarren presentzia areagotu egin dela esan daiteke, baina dinamikekin eta zaratekin jolas egiteari ez dio utzi Mungiako taldeak.
‘Vederatzi iritzi’ abesti jarraikorra etorri zen single moduan, baina, halako kantu batekin topatzeaz gainera, ‘Subaru bat doble filan’ bezalako kontraste abesti batekin egiten dugu topo. Jousilouliren unibertsora eramaten gaitu abesti horrek, adibidez. Letretan ere fantasiazko mundua eta gogoetarako bidea ematen duten hitz sakonagoak topatzen ditugu, irakurketa bat, bi edo hamaika izan ditzaketen abestiak baitira Lukiek taldearenak.
Uda honetan batean eta bestean arituko dira, ekainean zortzi herri zapaldu dituzte eta uztaila eta abuztuan ere Euskal Herria zeharkatu asmoz dira, ea laster kontatzen diguten non izango diren beren sare sozialetan. Bitartean, diskoaz gozatu eta xehetasunen inguruan Josu Ximun Billelabeitiak MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketan esandakoak entzun, ez dira eta gutxi.