Live

Ion Garate

«Egiten duguna erokeria dirudi, baina jende profesional asko dugu atzetik»

Ultrafondista da Ziortza Villa, pasa den uztailean Tourra Parisen amaitu eta Olinpiar Jokoetan egin ohi den bezala, lekukoa ekarri zuen Bilbora. 1000 kilometro 48 orduan, bizikletan. Erronka handia izan zen bai, baina ez lehia. Orain, begirada Californian jarria du, Munduko Txapelketan.

Audio_placeholder

«Egiten duguna erokeria dirudi, baina jende profesional asko dugu atzetik»

Loading player...
Ziortza Villa
Ziortza Villa (Ziortza Villa)

Lehia luzetan dago espezializatua Ziortza Villa bilbotarra, eta momentu berezi ugari berezi ditu, noski. Hala ere, Tourreko Grand Depárta Euskal Herrira ekartzeko iaz egindako 48 orduko erronka aski iltzatuta du memorian. «Zoragarria izan zen! Kirolari moduan lehenengo aldia da hainbeste ordu bizikleta gainean igaro nituela, eta erantzukizun handiz egin nion aurre erronkari». Traba ugari izan zituzten Ziortza Villak eta Julian Sanzek Paristik irteterako orduan eta nahi baino denbora gehiago galdu zuten,  baita Bordelen ere. Baina, bidean sufritutakoa ahantzi zitzaien helburua betetzerakoan: «Nahiz eta nazioarteko lehia askotan aritu naizen, Euskal Herrira iristea oso berezia izan zen guretzako».

Paris eta Bilbo arteko 1000 kilometroak osatu ahal izateko bi gau pasa zituzten bizikleta gainean Villak eta Sanzek, eta hori izan zen gogorrena Villarrentzat. «Donejakue bidean egin nuenean, 34 ordu egin nituen. Hortik gora inoiz ez», horregatik beldur zion, batez ere, bigarren gauari, eta egiari zor, ez zen makala izan. «Bigarren gaua izan zen gogorrena, geldialdi teknikoak egiten genituen batez ere janari solidoa hartzeko eta masajeak hartzeko, baina ez genuen deskantsatzeko denbora askorik hartzen».

Txirrindularitzan aspaldi hasi zen Ziortza Villa, baina ohiko etapak motz geratzen zitzaizkion, hobeto esanda, berehala ohartu zen distantzia luzeetara ederki egokitzen zela. Espainiako txapelketan parte hartu zuen lehen aldian bizkorrena izan zen, eta hor ikusi zuen, baietz...bazuela bide bat egiteke. Gerora etorri ziren Europako txapelketak eta Mundukoak. Egun, bera da Europako txapelduna, eta Munduko rankingean bosgarren egin zuen 2022an. Azaroan doa berriro Kaliforniara, Munduko Txapelketa lehiatzera. «Basamortu batean egiten da eta oso gogorra da» aitortu du. Tartean, baditu hitzordu gehiago. Uztailan Polonian izanen da 300 kilometrotako erlojupeko batean, eta Paris-Brest-Paris egingo du abuztuan, 1200 kilometroko karrera. «Frantziako Tourra baina zaharragoa da karrera hau», 1891an egin zen lehen edizioa eta lau urtetik behin egiten da.

Ospitalean egiten du lan Villan, fisioterapeuta da. «Ezin naiz profesionalagoa izan, benetan», baina babesleek ez dute ematen kirolaz bizitzeko. Arratsaldetan egiten du lan goizetan entrenatu ahal izateko. Entrenamendu luzeak dira eta oso jarraian. «6-8 orduko entrenamenduak egiten ditut eta egun jarraietan, atseden gutxirekin, oso entrenamendu espezifikoak dira», egiten duena erokeria dela badirudi ere «dena oso kalkulatuta» dagoela dio, eta «profesional onak daudela atzean». Kilometro anda hori jarraian egiteko gakoa zein den galdetuta argi dio oreka mentala dela garrantzitsuena. «Hasieran musika eta bestelakoak erabiltzen nituen, orain kontzentratzen ikasi dut». Kontzenrazio horrekin lortu du berri onekin sobera ez poztea eta berri txarrekin ez atsekabetzea.

Jaurlaritza Logoa