Live

Sute handien urteurrenean: herritarren bateratasunak salbatu zuen herria

Urte bat joan da Nafarroan inoizko suterik handienak gertatu zirenetik. Herritarrek, hala ere, atzo gertatu izan balira bezala oroitzen dituzte. Bateratasun sentimendua nagusi da haien gogoan: «Egindako lanari esker, herria salbatu genuen». Auzolanak etenik izan ez dezan, ekimena abian du Errigorak.

Audio_placeholder

Sute handien urteurrenean: herritarren bateratasunak salbatu zuen herria

Loading player...
San Martin Unxeko bi bizilagun
San Martin Unxeko bi bizilagun (Naiz Irratia)

Ardo gorriaren hilabetea ospatzen ari zirela, 2022ko ekainean, minutu gutxitan sutea San Martin Unx, Uxue eta beste herri batzuetara iritsi zen.  «Larunbata zen, igande goizaldea ordurako, denak afaltzen ari ginen herriko plazan. Pertsona batek abisatu zuen sua zegoela toki zehatz batean, herritik zortzi kilometrora. Hori baieztatu ondoren martxan jarri ginen herri osoa», oroitu du bizilagun batek. «Sute bat dago Uxueko mugan eta hona dator zuzenean», egin zuten alarma deia. Bost minutura jende guztia ari zen korrika, botekin, traktoreekin... Hasieran sinesgabetasuna izan zen nagusi, baina herriak sua gainean zuela ikusi zuenean denak jarri ziren martxan, batez ere gazteak. Jendeak, oro har, bikain erreakzionatu zuen.

Ebakuazio prozesuan estres handiko uneak bizi izan zirela azaldu diote hainbat lagunek NAIZ Irratiari. Koordinazio handirik gabe, bakoitzak ahal zuena egin zuen, eta herri osoa elkarlanean aritu izana da, batez ere, miresten dutena. Herritarren hitzak ez ezik, Errigora elkarteko ordezkarienak ere bildu ditugu; diru bilketa bat abiarazi baitzuten, auzolanak etenik izan ez zezan.

Herritarren hitzetan, amore emateko sentimendua oso agerian egon zen une larri horietan, suaren aurka ezer gutxi egin zezaketela uste baitzuten. «Lehenengo momentutik sartu ginen suhiltzaileekin mendira; suaren aurretik edo atzetik ibili ginen momentu oro», dio mendian ibili ohi den herritar batek. «Ziur jakin genuen herria kondenatuta zegoela. Titanic itsasontzi erraldoia hondoratuko zela jakin zutenean bezala».

Aitzitik, «egindako lan azkarrari esker herria salbatu» zelako harro daude. Biharamunean, elkarrekin afaldu zuten plazan. Bazuten zer ospatua.

 

«Suhiltzaile eta basozainek esaten ziguten bosgarren belaunaldiko suteak izan zirela iazkoak. Horrek esan nahi du ezin daitezkeela gelditu nahiz eta zerua hegazkinez josi eta ura litroka bota. Prebentzioa da gelditzen zaiguna», azaldu du Imanol Iberok

 

Urtebete igaro denean, herritarrek gertatutakoa memorian iltzatuta geratu zaiela diote. «Hurbil egon ginenoi barrenean gelditu zaizkigu sentsazio horiek, emozio handiak, momentu latzak. Eskerrak egoerak ez zuela okerrera egin».

Oroitzen dutenean oilo-ipurdia jartzen zaie oraindik, eta aitortu dute berriro ere gerta daitekeen beldur direla. Hala ere, herriak momentu hartan izan zuen batasun sentimendua da bizilagunek gehien oroitzen duten emozioa.

Kaltetuena, ingurumena

Nafarroan izan ziren suteek kalte material nabariak utzi zituzten. 15.000 hektarea kiskali ziren hiru egunez, ekainaren 18, 19 eta 20an, herrialdean inoiz erregistraturiko suterik handienetan. Zorionez, ez zen inor larri zauritu. Baina ingurumenarentzat hondamen handia izan zen. Urtebete igaro da eta osatze bidean dago oraindik natura. Herritarrek adierazi dute kalte nagusia biodibertsitateari eta bertako fauna eta florari eragin zitzaiela. Ahaztu gabe bertako jarduera nagusia den ardogintza ere nabarmen kaltetu zela, mahastiak erre baitziren. Ganadua bazkarik gabe gelditu zen eta animaliak menditik ez ateratzeko hesiak ere kiskali ziren.

Suhiltzaile, basozain, nekazari, abeltzain eta herritarren arteko auzolana erabakigarria izan zen erabateko tragedia saihesteko. Oraindik ere jende aunitzen gogoan dago traktoreek nola zabaltzen zituzten lubakiak ke-laino artean.

Errautsak ongarri

«Lurra, sua, ura, herria» lelopean, Errigorak diru bilketa egin zuen suteen zabalpena zailtzeko; herriguneak babesteko, su ebaki berdeak sortzeko zein abeltzaintza estentsiboa sustatzeko. Errautsak ongarri bihurtuta, 85.000 euro lortu zituen, eta diru hori kudeatzeko sei adituk osatutako mahaia sortu zuten. Bertako kide dira Imanol Ibero eta Ibai Sueskun Errigorako kideak.

NAIZ Irratiari azaldu diotenez, «belaunaldi berriko suteen aurrean» zirela ikasi zuten iaz. «Beldur hori barruan gelditu zaigu, agian betiko. Nork daki klima larrialdi honen aurrean nolako agertokiak zabalduko diren. Agertoki berrietara igarotzen ari gara. Eta urteurren honetan gertatutakoa gogora ekartzen ari gara, nola aurre egin diezaiokegun halako egoera bati. Oso zaila da, baina prebentzio neurri eta bestelako politika batzuekin posible da beste eredu bat bultzatzea», defendatu dute.

 

«Egoera zail hauetatik ikasteko unea da. Administrazioak bertako biztanleok entzun behar gaitu, herri jakinduria oso handia dagoelako. Goitik datozenei kasu egiten zaie, baina inportantea da herriarekin batera lan egitea», defendatu du Ibai Sueskunek

 

Ibero Oibarkoa da eta Galipentzutik gertu bizi da. «Sua hurbiltzen ari zela jakin genuen, eta igande arratsaldean motozerrak eta sasia garbitzeko makinak hartu eta laguntza eskaini nahian abiatu ginen, baina bidean foralen kontrol batekin egin genuen topo; laguntza ematera joan nahi zutenei debekua ezarria zieten, bortizki batzuetan. Bagenuen gaitasuna, esate baterako, Aiesa herri bazterretan sasitza kentzeko. Aldiz, administrazioaren papera jendearen borondate horri atea itxi eta, legearen eta segurtasunaren argudioa hartuta, auzolana eragoztea izan zen. Lergan, adibidez, desobedituz aurre egin zioten suteari».

Gure lurren zaintzaile

Etsipenez bizi izan zuen hori guztia nekazariak eta Errigorako kideak. «Lehen baginen gure eremuen zaintzaile, auzolanaren bidez zaintzen genituen gure baliabideak herriz herri, mendiz mendi; gaur egun, ordea, administrazioa da guztion guraso».

Auzolanaz gain, eguraldi aldaketa ere funtsezkoa izan zen suteak kontrolatzeko. «Garrak itzali ziren, baina zerbait egin beharra zegoen. Administrazioak egin ezean, herriak egin beharko zuen. Zerbait antolatzea erabaki genuen berriro gerta ez dadin. Gure inguruko ekoizleekin hitz egin genuen, nola zeuden galdetzeko aurrena, eta zer egin genezakeen ikusteko gero», kontatu du Ibai Sueskunek.

Errigoraren sutearen mahaia

Lehenengo lana mahaia osatzea izan zen. Herri jakinduria ordezkatu nahi zuten, sektore ezberdinak batuz: suhiltzaileak, basozainak, alkateak, Errigora eta bertako ekoizleak... «Erabakiak hartzeko eta argazki bat ateratzeko aukera polita zen. Hortik abiatu ginen», azaldu du.

Dirutza lortu zuten kanpainan, eta hura zertan inbertitu erabaki zuen mahaiak. Garbi ikusi zuten prebentziorako erabili behar zutela, «etorkizunean herriguneak babesteko, abeltzaintza estentsiboaren bitartez eta lurraren kudeaketan bestelako eredu bat ezarriz». Finantzatutako proiektuak adibide izatea ere nahi zuten, beste herri batzuetan aplikatzeko.

«Oso marko polita sortu genuen, bakoitza bere esperientziatik abiatuta, sekulako ilusioarekin», deskribatu du Imanol Iberok. «Marko horren gabezia ere sumatzen zen. Oso interesgarria izaten ari da. Orain erronka da beste udal eta komunitate batzuentzat ere baliagarri izatea».

Dioenez, «atzera begira jarri gara, bestelako abeltzaintza eta nekazaritza eredu batzuetara, gure aitona-amonek egin zuten zaintzara. Kuriosoa da: pentsatzen dugu teknologiek eskainiko digutela aterabidea eta askotan erantzunak gure arbasoek egindako horretan ditugu. Alde horretatik, polita da. Aukerak badaude; nahi badugu, jakintza horri errepara diezaiokegu eta ditugun baliabideekin berritu dezakegu, lurra modu osasuntsuan zaintzeko».

Suteen urteurrena aprobetxatu nahi dute San Martin Unxeko herritarrak batzeko, jasotako diruarekin zer egin den erakusteko, baita proiektua Euskal Herrira zabaltzeko ere, «ispilu edo tresna izateko beste lekuetan ere».

Aurrera begira, San Martin Unxeko eta Uxueko herritarrek azaldu dute prebentziorako lanak eta proiektuak egiten ari direla. Aldiz, Errigoratik jasotako laguntza ikaragarri eskertzen duten moduan, instituzioek lan gehiago egin beharko luketela uste dute.

Epe luzera begira pentsatu behar dela aldarrikatu dute bizilagunek, eta ingurumenean lan egin behar dela ere bai, abeltzaintza estentsiboarekin eta artzaintzarekin besteak beste, Errigora ari den noranzko berean.

Jaurlaritza Logoa