Live

Eli Pagola

«Norbaitek iraultza egin nahi badu, egunean hiru aldiz egiteko aukera dauka»

‘Elikaldia’ aurkeztuko dute Bilboko BIRA kulturgunean. ‘Elikaldia elikadura ohiturak aldatzeko urrian egingo den ariketa soziala da eta, Bilboko Alde Zaharrean egingo den lehen ekitaldi honek, gerora, Euskal Herrira zabaltzeko moduko proiektuaren aurrekari izan nahi du. Urtzi Ugalderekin bildu gara.

Audio_placeholder

«Norbaitek iraultza egin nahi badu, egunean hiru aldiz egiteko aukera dauka»

Loading player...
Barazkiak
Barazkiak

Jan egiten dugu edo elikatu egiten gara?

Garrantzi handiko baina nahiko deskuidoan egiten dugun jarduera da. Elikatzeak osasuna, jasangarritasuna eta nutrizioa barnebiltzen ditu eta, aldiz, jatea edozer gauza jatea da, jarduera arina da eta kontsumo inkontzienteari lotua dago. Norbaitek iraultza egin nahi badu, egunean hiru aldiz egiteko aukera dauka.

Aspalditik, jende eta eragile asko dabil lanean Euskal Herrian elikadura burujabetza eta jasangarritasunaren gainean eta, ekitaldi honekin, gure aletxoa jarri nahi izan dugu, eragile ezberdinen bidez, kontsumo ohiturak aztertzeko eta eraldatzeko dinamika batekin.

Nondik dator Elikaldia?

Elikaldia ez da gauza berri bat, Euskaraldiatik hartu dugu ideia eta moldatu dugu elikaduraren eta jasangarritasunaren ikuspegira. Alde horretatik, antzeko zeharlerroak ditu: batetik, rol banaketa bidez agenteak ikustaraztea, bestetik, egun zehatz batzuetan, behintzat, gure kontsumoaren jabe izatea eta, baita ere, elikadura-moduez kontziente izatea.

Euskaraldiarekin zer antzekotasun izango ditu?

Elikadura, euskara bezala, herri ondare bat da. Ez da inorena eta, aldi berean, denona da eta, hala den heinean, guztiok zaindu eta anitzen artean egiteko jarduera bat da. Horregatik, uste dugu ez dela bakarrik herri mugimenduei dagokien lan bat, ezta ekoizle eta komertzioei dagokiena edo instituzioetako diru laguntzen bidez bakarrik egin behar dena, baizik eta denon artean eta esparru anitzetatik.

Elikaprest eta Elikabizi ez badira ere, beste rol batzuk zehaztu dituzue.

Elikaduran agente aktiboak garen rolak zehaztu ditugu: Elikalagunak, Elikaproduktuak eta Elikaguneak. Elikaproduktuek erreferentzia egiten diote bertako ekoileek egiten duten lanari, ahal dela, zero kilometro, jasangarria eta agroekologiatik eta feminismotik egina. Beste alde batetik, Elikalagunak rola dago eta zentratzen da kontsumitzaileok egiten dugun erosketa-jardueran. Hirugarren adarra Elikaguneak dira, alegia, distribuzio sarea osatzen dutenak. Denda txiki bat, kontsumo kooperatiba bat, gaztetxe bat… bitartekari eta kontsumo-gune kolektibo izan daitezkeen guneak.

2023ko urrian izango da Elikaldia Bilboko Alde Zaharrean, baina, asmo handiagoak ditu, ezta?

Hori da, esperientzia piloto gisara, aurten, Bilboko alde zaharrean egingo dugu, baina, ideia interesgarria bada eta funtzionatzen badu Euskal Herrira zabaldu nahi dugu. Poliki-poliki, autogestioaren bitartez eta jendearen inplikazioarekin, erakunde publikoekin, ekoizle txikiekin, komertzio txikiekin eta herri mugimenduekin elkarreraginez egin dezakegun dinamoka polit bat izan daiteke.

Jaurlaritza Logoa