Live

Aimar Erkiaga

Zine politikoa, Spider Man eta pop izarrak

Beste aste baten errepasatu dugu dugu zine karteldegia NAIZ irratiko 'Bideokluba' saioan. Aniztasuna da nagusi, super heroiak, zine politikoa, landa gunekoa, umore kasposoa eta terrorea. Zaila da aukeratzea, baina lau aukeratu ditugu, bi zine karteldegian eta beste bi streaming plataformetan.

Audio_placeholder

Zine politikoa, Spider Man eta pop izarrak

Loading player...
Zine eta plataformetako estreinaldiak
Zine eta plataformetako estreinaldiak (NAIZ irratia)

Astero bezala aste honetako zine karteldegiko estreinaldiak errepasatu ditugu Bideokluba saioan. Karteldegira iritsiko dira Elená Trapé eta Rocio Mesaren filmak, baita Marveleko Spider Man edo ta Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian estreinatu zen ’Los osos no existen’ film irandarra. Plataformetan, Arantza Santestebanen 918 Gau dokumenatala iritsiko da. Hemen duzue, aste honetako aukeraketa.

Los osos no existen
Mundu mailan daukagun zuzendari hoberenetako baten azken filma da estreinatzen da aste honetan, Jafar Panahi iraniarraren 'Los osos no existen'. Abbas Kiarostamiren zuzendari laguntzaile bezala hasi zen Panahi, eta gerora iraniar zinema olatu berriko zinemagile garrantzitsuenetariko bat bezala definitua izan da.

Veneziako Urrezko Lehoia, Berlingo Urrezko Hartza, Locarnoko Urrezko Geopardoa, Canneseko gidoi hoberenaren garaikurra edo Valladolideko SEMINCI Zinemaldiko Urrezko Galburua irabazi dituen zuzendari bat da Panahi.

2010ean Panahiren bizitza artistiko eta pertsonalak 180 graduko bira eman zuen. Bera eta bere familia eta atxiloketa orduan etxean zeuden hainbat lagun atxilotu zituzten. 48 ordutan ia denak aske geratu ziren Panahi izan ezik. Irango Kultura ministroak argudiatu zuen 2009ko hauteskundeen ondorengo gertakariak erakusten zituen erregimenaren aurkako pelikula bat egiten ari zelako izana zela atxilotua Panahi. Nabarmengarria da nazioarteko zine zuzendari askok erakutsi ziotela elkartasuna Panahiri.

6 urteko espetxe zigorrera eta bi hamarkadetan filmak egiteko debekua ezarri zioten. Horregatik, azken 10 urteak etxean pasa ditu zuendariak atxiloaldian. Hala ere, hori ez da izan filmak ez egiteko arrazoi nahikoa.    Modu original eta berezian jarraitu du zuzendariak zinea egiten. Adibidez,  bere pelikuletako bat tarta baten barruan zegoen pendrive baten bitartez heldu zen Canneseko zinemaldira.

Iraneko errepresioa eta zinemagileak berak duen zigorra izan dira Panahiren zinema bideratu dituzten ardatz gai nagusiak. Eta hau berriro errepikatzen da 'Los osos no existen' filmean.  
Bi istorioen arteko batuketa da filma eratzen duen oinarria. Panahi Iran eta Turkiaren arteko mugan kokatuta dagoen herri txiki batean bizi da bakarrik. Bestetik, Teheran hirian grabatzen ari den pelikula baten istorioa erakusten da.

Nahiz eta Panahi bertan ez egon, zuzendariak bideo-dei bitartez eta zuzentzen du errodajea. Hasieran, istorio lasai bat dirudiena okertzen hasiko da Panahi bizi den herrixkako herritarrak zinemagilearen kontra oldartuko direlako.

Dokumentala eta fikzioaren arteko nahasketa bat da filma. Alde batetik, zuzendariak irandar gobernuarekin jasaten duen errepresioa erakusten du,   eta bestetik, gaur egungo Irango egoera soziala kontatzen duen filmak.

 

Spider Man: Cruzando el multiverso

Denok ezagutzen dugu armiarma batek hozka egin zion mutikoaren istorioa. Hamaika pelikula egin eta aktore ezberdinek haragitu dute Spider Man azken hamarkadetan zehar. Baina gaurko gomendioaren kasua film horietatik zertxobait aldenduko gara, animazio film bat baita.
 
Orain dela 5 urte estreinatu zen ‘Spider Man: un nuevo universo’ izeneko animaziozko filmaren jarraipena da hau. Lehendabiziko horretan, Peter Parker, hau da Spider Man, hilda zegoen, eta Miles izeneko gaztetxo batek bete behar zuen bere tokia. Prozesu honen ondoren unibertso paralelo ezberdinak nahasten dira, eta horren ondorioz, une bakoitzeko Spider Man denek topo egingo dute. Bigarren film horietan,  pertsonaien arku narratiboa garatu egingo da.

PANTAILA TXIKIAN

918 Gau.

Arantza Santesteban nafarraren '918 Gau' dokumentala Filmin plataformara iritsiko da aste honetan. Dokumental gordin eta interesgarri bat bezala definituko nuke. Santesteban bera da protagonista, arrazoi politikoengatik 918 gau pasa zituen espetxean zuzendariak eta bizipen horren hausnarketa bat da dokumental hau.

Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu Arantza Santestebanek 918 gau filmean. Zaurgarritasunetik, inperfekziotik eta, noski, ausardiatik abiatuta, toki bat eman nahi die bizitako esperientzia ikusezin horiei. Txintxua Films eta Hiruki Filmak ekoiztetxeen bultzadaz egin zuen aurrera, eta 2022ko irailaren 30ean izan zuen estreinaldi komertziala, Begin Again Films banatzailearen eskutik. Dokumentalak sari ugari jaso ditu nazioarteko hainbat zinemalditan.

 

The Idol

Cannesen estreinatu berri da Sam Levinson estatubatuarraren 'The Idol' telesaila eta aste honetan bertan ikusgai egongo da lehen kapitulua HBO plataforman.

Los Angelesen girotuta, pop musikaren munduan lan egiten duen emakume bat da telesaileko protagonista. Bere abeslari karrera gero eta okerrago doan une batean gizon aberats eta misteriotsu batekin topo egingo du, eta guztiz maitemindu egingo da.

Emakume protagonistaren papera Lily Rose Deppek egiten du,   Johnny Deppen alabak. Eta gizonezkoa haragitzen duen aktorea The Weekend bandako musikari eta aktorea da: Abel Tesfaye.

Denok espero genezakeen bezala bi pertsonaien harremana estutzen hasten da, eta lehen kapitulutik jakingo dugu gizon misteriotsuak gordetzen duen sekretua: sekta bateko liderra da. Ezaugarri honek bideratuko du istorioaren trama nagusia, eta era berean telesailaren titulua ulertzeko giltza ere bada.

Azpimarragarria da telesaila Abel Tesfayek berak sortu duela Sam Levinson eta Reza Fahimekin batera. Levinson ezagun bihurtu zen HBOrentzat sortu eta zuzendu zuen EUPHORIA telesailarekin eta kasu honetan. Ez dizuet ilusioa zapuztu nahi, baina, Cannesen ikusi ziren bi kapituluek nahiko kritika kaxkarrak ekarri dituzte.

 

Jaurlaritza Logoa