Live
Lehen kantu kuttun gisa, Maixa eta Ixiar bikotearen 'Festetako zaldi tristeen antzera' ekarri digu Maitanek. Triki-pop edo dena delakoaren eztandaren baitan, Alaitz eta Maider zein Amaia eta Kristina bezalako bikoteen loraldiak harrapatu zuen Maitane, baina Maixa ta Ixiarri estima berezia die. «Egia da emakume asko zeudela, testuinguran emakume giro hori zegoen, ez girl power hori, berdintasunaren aldeko mezu asko helarazi zituzten eta boteretzekoak ere». Kantu honek, nahiz 25 urte dituen, gaurkotasun handia duela aipatu digu Maitanek. «Amorrazita gaude baina etsita ez, eta hortik jarraitu behar dugu lanean, erreferente izan diren horiei segika, eta horien omenez ekarri nahi nuen kantu hau, aritu direnentzat eta ari direnentzat».
Bigarren kantu kuttun gisan desagertutako Napoka Iria taldearen 'Distantziatik' kantua ekarri nahi izan digu. Miren Narbaiza eta Ander Mujikak osatutako bikote musikal hau 2006an ezagutu zuen Maitanek lehen aldiz zuzenean, baina Miren lagun zuen klasetik, beraz sorrera zein hazkundearen testigu izan zen. «2006an lehen aldiz ikusi nituen Durangoko gaztetxean, eta eragina izan zuen nigan, niretzako garrantzitsua izan zen eta da, eta orain ere Mirenen ibilbidea gertutik jarraitzen dut». Gitarraren akorde errepikakorrek osatzen dute gehien bat kantu hau, eta hortik iradokizten dio Mataneri buklearen sentsazioa. «Kantu honek bizitzan edo pentsamenduetan trabatuta egotearen sentimendua iradokitzen dit, buklea edo zurrunbiloa, baita trabatuta egon eta halako batean hortik ateratzearena».
Hirugarren kantu kuttun gisa Lissa Hanniganen 'Little bird' kantua ekarri nahi izan digu. «Betidanik izan dut lotura emozional handia Irlandarekin, eta 2007an hara joateko ametsa bete nuen lehen aldiz; Damien Rice artista ezagutu nuen eta harekin abesti bat zuelako, honen bitartez, Lissa Hannigan. Bere bakarkako ibilbideari erreparatu eta kuttun bihurtu zen». Kantu honek txori txikiaren irudiari egiten dio erreferentzia eta horrek Euskal Herriarekin parekotasuna egitera ere eraman du Maitane. «Gogoan dut 2017an hirugarren aldiz Irlandara itzuli nintzenean, txori asko ikusten nituela kableetan kantuan, maitasuna batzuetan ez da nahikoa, eta horixe da kantuaren mezua nire ustez… talentua borborka dago Irlandan eta nik gomendatzen dizuet hango musika entzutea».
Azken kantu gisa Joe Cockeren 'With a little help of my friends' aukeratu du Maitanek, saioa alai amaitzeko. Maiatzaren 20an jaio zen Maitane, Joe Cockeren gisan, eta The Beatles taldearen bertsio hau ekarri nahi izan digu. «Joe cockerek lortu zuen izaera propioa duen bertsio bat egitea, bere indar eta arimarekin». Kantuan tonuz kanpo kantatzearen aferari heltzen dio Cocker-ek, baita lagunen garrantziari ere. «Niri kantatzea beti gustatu izan zait, ez dut ondo egiten, ez dut ondo landu, baina aritzen naiz, bizilagunak kokoteraino izango dira, baina bizi poz handia ematen dit; gainera, aipatzen da ere lagunen garrantzia, eta azkenaldian asko hausnartu du sostengatzen nauen sarearen inguruan, zenbat babestu eta laguntzen nauten eta beraientzat da kantu hau, esker onez».