Live
The Hold Steady - Sixers
«Gaurko tarteari azalpena ematearren, esango dut apirila oso hilabete potentea izan zela eta oporrak egon direnez tartean, denak ezin izan ditut ekarri. Maiatzan erritmoa mantendu da, baina kalitatea jaitsi egin da eta, horregatik, apirilean argitaratutako lau diskoetatik hartu ditut kantuak. The Hold Steady aspaldi entzun nuen, ‘Boys and girls in America’ diskoarekin. Estilo bitxia du, literaturaren eta americanaren arteko zerbait egiten dute eta abestu baino errezitatu egiten duela esango nuke. Baina ez da ez spoken worda ez eta poesia ere, estilo berezia dute. Bruce Springsteenen kutsua badute eta gozatzeko modukoa da proiektua», esan digu Izkanderrek.
City and The Colour - Underground
«Dallas Green da berez honen atzetik dagoen bakarlaria, Jeff Buckley handiaren soinura gerturatu dena azken diskoan, argazki bat ematearren. Hardcoretik dator, Alex is on fire taldean ibiltzen delako, beraz mundu indartsu eta erasokor batetik dator eta gauza gozoak egiten ditu, hortaz, paralelismo bat egitearren, Serge eta Erasoren artean gauza bera gertatzen da. Aurrerapen kantu moduan etorri zen eta bada diskoa laburbiltzen duen horietakoa», kontatu digu lemoaztarrak.
Wednesday - Hot rotten grass smell
«Diskogintzan urrats batzuk eman dituzte eta 2021etik indie planetan nahikoa fuerte jotzen dabiltzala esan dezakegu. Pitchforken nota ona izan zutela esango nuke. Urtebete beranduago, 2022an bertsio disko bat atera zuten eta, aurten, ‘Rat Saw God’ diskoa atera dute, elektronikarik gabeko indiea gaur egun zer den ulertzeko adibide bikaina esango nuke. Diskoari hasiera ematen dion kantua da eta askotan esaten dut diskoan entzungo duzun diskoko pilula bat izaten dela, bada abesti honekin ere hori egingo dugu», aipatu du Izkanderrek.
Tatxers - Labanak
«Apirila aipatzen badugu Euskal Herrian, Ibil Bediren ‘Goldea’ aipatu behar eta baita hau ere. Disko honekin Tatxersek gailur bat behintzat egin du eta sekulako kalitatea erakutsi dute. Freskoa den arren, 80etarako musikara egiten dugulako salto baita ere. Gazteek, nire belaunaldikoek eta baita zaharragoek ere entzun dezaketela uste dut. Hertzainak, Itoiz, The Cure edota The Clash bezalako erreferentziak entzun daitezke haien musikan. Hamaika kantu eder daude disko honetan, hamaika abesti dituelako soilik», bukatu du Izkanderrek.