Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Le Mur eta Uger taldeen rock indartsua eta Queens Of The Stone Age taldearen berriena

Folk gozoarekin hasi du aste honetako tartea Izkander Fernandezek, baina laster aldatu du gitarra eta distortsioen zikintasunera bere zerrenda, rock proposamen interesgarriak luzatu baitizkigu aste honetan lemoaztarrak.

Audio_placeholder

Le Mur eta Uger taldeen rock indartsua eta Queens Of The Stone Age taldearen berriena

Loading player...
Azkena Rock jaialdian izan ziren 2011ko edizioan Queens Of The Stone Age taldekoak.
Azkena Rock jaialdian izan ziren 2011ko edizioan Queens Of The Stone Age taldekoak. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euria ez da arazoa izan Lemoakustik jaialdian aurtengoan ere: «Iaz sekulako ekaitza izan zen eta handik ikasi genuen karpa bat behar genuela, bada, aurten, ia ia kartelburua izatera pasa da, karpa izateari ezker jende asko pilatu zelako Olaia Inziarte eta Audiencen kontzertuetan. Ghau Kotxepin kultur etxean izan zen eta txiki geratu zen, ziurrenik eguraldi onarekin jende gehiagok izango zuen eskaini zuen ikuskizunaz gozatzeko aukera».

Mugan - BEDN (ft. Asier Beramendi)

«Lehen unetik ikusi genuen pertsona garden eta onak zirela, ilusioz ari direla guztia egiten eta zuzenean ikusteko gogoz nintzen, diskoa entzunda zerbait ona espero genuelako. Eta ez nintzen bakarra izan, jendea pozik izan zelako eta diskoak ere erosi zituztelako. Konposatzeko modu berezia dute, kolorea ere bai eta ‘Bizirik ez bagaude’ maketa eta lehen diskoaren arteko zerbait bada ere, badakigu gauza berriak sortuz badabiltzala eta prest gaude sorpresaren bat edo beste jasotzeko», aurreratu digu Izkander Fernandezek.

Uger - Hirugarrengaiak / Hitz-mitz

«Badirudi talde onek gauzak asko pentsatu ordez bihotzarekin funtzionatzen dutela. Argi utzi dute aurreko lanaren eta datorrenaren arteko zubia dela abesti bikoitz hau. Zorte itzela daukagu Uger sortzen ari dena denbora errealean bizitzen gabiltzalako. Badakit aurrekoan bigarren zatia hartu zuela Iker Bárbarak, geldoagoa eta introspektiboagoa dena, nik zikinagoa, rockeroagoa, bortitzagoa dena hautatu dut. Akaso gure izaerekin bat doaz, ez dakit. Dagoeneko hamar bider edo entzun dut abestia, baina kosta egiten zait soltean entzutea, diskoak entzutera ohituta nagoelako, baina etorkizunean etorriko denaren lagina da hau. Bazkarekin batera ikusi nituen Bilboko Kafe Antzokian eta sekulako kontzertua izan zen», kontatu digu lemoaztarrak.

Le Mur - Prometeo

«Ez dut Murtziako talde gehiegi ezagutzen, M-Clanez aparte. Le Mur taldea da aukeratu dudana, The Brave records zigiluarekin atera dutelako diskoa, Catorce bezalako taldeen lanak kaleratzen dituena. Hasieran ez zidan konbentzitu, baina berriz heldu eta aztertu dudanean, urteko zerrendetan agertuko dela esango nuke. Epiko samarrak dira, math-rock zerbait badute, baina Liher edota Zea Mays bezalako taldeak etortzen zaizkit burura», esan du Izkanderrek.

Queens Of The Stone Age - Emotion Sickness

Aurreko ostiralean erredakzioan Mikel Jauregik abestia aipatu ostean, Izkander Fernandezek ekarri du aste honetan MusikHaria saiora Queens Of The Stone Age taldearen berriena: «Bitxia da alde guztietan agertzen ari dela Phoebe Bridgers eta berak ere izen bereko kantua du kasualitatez. Aurten 25. urteurrena betetzen du taldeak eta diskoa ekainaren 16an kaleratuko dute. Single eta diskoaren bide klasikoak jarraitzen ari dira eta badirudi disko bikoitza izango dela. Onartu behar dut Kyuss nahiago dudala Queens Of The Stone Age baino, zuzenean asko ikusi ditut, bi aldiz Bergarako Jam areto mitikoan eta etortzen badira berriz ere ikusiko ditut. Baina beno, zaleak asetuko ziren abesti honekin, dagoeneko egarriz izango zirelako».

Jaurlaritza Logoa