Live

Ion Garate
Interview
Jokin Altuna
Aspeko pilotaria

«Ezkurdia mugitzen saiatu behar naiz eta partida hasieratik nik agindu behar dut»

Gogo bereziak ditu Jokin Altunak Buruz Buruko finalerako txartela lortzeko. Horretarako, Joseba Ezkurdia garaitu beharko du larunbat honetan, Labriten. Partida gogorra aurreikusten du amezketarrak eta ez du uste bera faborito denik, modalitate honetan Arbizukoari beti irabazi dion arren.

Audio_placeholder

Jokin Altuna: «Ezkurdia mugitzen saiatu behar naiz eta partida hasieratik nik agindu behar dut»

Loading player...
Jokin Altuna, tanto bat ospatzen.
Jokin Altuna, tanto bat ospatzen. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Ez dut inongo aitzakiarik eta ondo aurkitzen naiz, gogo handiekin eta konfiantzarekin nago», dio Jokin Altunak, Buruz Buruko finalerdia jokatu bezperan. Amezketarrak ere, Ezkurdiak nabarmendu legez, balio handia ematen dio fisikoki ondo egoteari, «gauza ederra da». Ez dio garrantzi gehiegirik eman nahi Buruz Burukoan Arbizukoaren aurka beti irabazi duen datuari. Asko ezagutzen dira, askotan jokatu dute elkarren aurka baina partida bakoitza desberdina denez, «ez dut uste erreferentziatzat hartu daitezkeenik».

Ezkurdia aurreko urteko azpitxapelduna da Buruz Burukoan; Altuna finaletik at geratu zen eta «gogo bereziekin» dago. Finalerdi erakagarri honen gakoak zeintzuk izango diren eskaini ditu amezketarrak NAIZ Irratiako elkarrizketan.

Aurtengo txapelketan partida denak irabazita, Elordiren aurkakoan, hori bai, nahi baino gehiago sufrituta. Nola iristen zara joko puntutik finalerdietara?

Garrantzitsuena minik gabe eta fisikoki ondo iristea da, nire ustez goi mailako kirolean gauza handia da. Urte osoan lehiatzen gara eta partidaren bat galdu badugu-edo, buruari bueltaka aritzen gara, baina gero konturatzen zara gauza ederra dela minik gabe zaudenean. Alde horretatik ni ondo iristen naiz eta aitzakiarik gabe.

Aurrean Ezkurdia izango duzu. Esan genezake txapelketa ez zuela nahi bezain ondo hasi baina Peio Etxeberriaren aurka dagoeneko osatuago ikusi genuen. Nola ikusten duzu arbizuarra? Zein Joseba espero duzu?

Hasieran normala zen, min hartuta egon zen. Astetik astera hobeto sentitu da eta Peioren aurka nik uste dut ez zela aritu %100ean baina maila on bat eman zuen eta orain beste bi aste izan ditu hobeto jartzeko. Beti esaten dut, finalerdietara edo finaletara iristen zarenean, aurrean duzun aurkariak beti errespetu handia ematen du, baina garrantzitsuena da zuk zure mailarik onena ematea. Ez baduzu zure mailarik onena ematen maila honetako partidetan, normalean galdu egingo duzu, eta emanda ere, batzuetan ez duzu irabazten. Ni kontziente naiz dena eman beharko dudala eta horretan nago oso kontzentratuta.

Elkarren aurka asko jokatutakoak zarete, partida garrantzitsu asko tartean. Honek zaildu edo erraztu egiten ditu lanak?

Azken finean, ezagutu ere egiten zara. Beti daramazu buruan berak gauza batekin min gehiago egiten dizula beste batekin baino. Askotan jokatu dugu kontra eta era guztietako emaitzak daude, eta horregatik esaten dut ez dudala uste erreferentziatzat balio duenik. Beste partida garrantzitsu bat da. Pilotaria txapelketa guztian momentu ezberdinetan egoten da eta ikusi egun beharko da larunbatean nor iristen den hobeto. Bera modalitate guztietan beti oso aurkari gogorra da eta larunbatean halaxe izango da. Nik nire ematen saiatu behar dut eta nirea ematen badut, aukerak izango ditut.

Datutxo batzuk ematearren, Buruz Burukoan bost aldiz gurutzatu zarete Ezkurdiak eta biok. Lau garaipen zuretzat eta iazko ligaxkan jokatu ez zenuena eskuko minagatik; Lau eta Erdikoan, berriz, badirudi neurria hartuta dizula, finaletan behintzat. Buruz Burukoak zuri mesede egiten dizu eta Lau eta Erdikoak Josebari?

Ez dakit. Lau eta Erdian berak justu finaletan irabazi dit eta nik dauzkadan hiru txapeletatik bitan bera kanporatzeko aukera izan dut. Emaitzei begira hasten bazara iruditzen zaizu agian Buruz Burukoan faboritoa ni izan naitekeela eta Lau eta Erdikoan bera. Bi txapelketetan bere aurkako partida guztiak oso konpetituak izan dira. Askotan detaileetan joaten dira eta larunbatean ikusi beharko da zer gertatzen den. Aukera hori jakingo banu, esango nizuke (barrez).

«Bi txapelketetan bere aurkako partida guztiak oso konpetituak izan dira; askotan detaileetan joaten dira»

Partidaren gakoa akaso gogortzea izan daiteke? Ezkurdiari ahalik eta gehien mugitu eta azkar samar nekatu dadila? Gorputz hori mugitzeko lan gehiago behar duela kontuan izanda...

Bai. Ez da erraza. Bera, esango nuke fisikoki oso oso gogorra dela, baina nik saiatu beharko dut mugitzen. Azken finean, bera estatiko baldin badago, kantxa erdigunean mugitu zaitzake bolearekin, airez edo ezkerrarekin; saiatu behar dut bera mugitzen eta partida hasieratik nik agindu behar dut. Berak agintzen badu, badakit zaila izango dudala. Partida gogortzen bada ere, fisikoki oso ondo aurkitzen naiz eta alde horretatik ez dut beldurrik.

Iaz finaletik kanpo geratu zinen Buruz Burukoan. Aurten gogo bereziak daude horretarako?

Bai, bai. Ez dizut gezurrik esango. Elkarrizketetan egia esatea gustatzen zait. Aurten, denboraldia hasi zenetik, nire ingurukoei argi esan nien Buruz Burukoan bai nuela ilusio berezia. Lehengo urtean, Binakakoarekin obsesio puntu bat nuen, irabazi nahi nuen, eta energia guztia gauza batean xahutzen duzunean gero beste leku batean ordaintzen duzu. Lehengo urtean ez nintzen puntu onenean iritsi; aurten behintzat ondo iristen naiz, horrek ez dizu ziurtatzen irabaztea, baina gogo handia dut eta dena ematen saiatuko naiz.

Pasa den astean ezustekoa Elordik eman zuen Laso mendean hartuta. Hor ikusten da zein zaila den urtero eta txapelketa bakoitzean hor goian mantentzea. Zure kasua da hori.

Nire ustez, oso-oso zaila da. Agian pilotari bat ikusten duzu beti hor dabilela, baina pilotari horrek bere gorabeherak dauzka eta azpitik datorrena, edo kasu honetan Elordi, adibidez, oso urte ona egiten ari da, normalean tope dabilelako izaten da. Zuk zure gorabeherak izaten dituzu eta besteak topera dabiltzanean ez da erraza izaten. Aitor konfiantza ikaragarriarekin dabil urte guztian. Zailena hor goian mantentzea dela iruditzen zait. Alde horretatik gustura nago eta ea horri eusten diodan.

«Zuk zure gorabeherak izaten dituzu eta besteak topera dabiltzanean ez da erraza izaten»

Hor datuak ere badira. Jokatutako azken hamar txapelketetan, finalerdietara sartzea lortu duzu. Banakako txapelketak kontuan hartuta, azken zortzietan izan zara lau onenen artean, bere garaian Aimar Olaizolak eta Irujok lortutako marka onenak berdinduz. Lasori gertatutakoa, besteak beste, zer pentsatu ematen du eta pentsatzen dut zuri ere pixka bat zer lortu duzun eta lortzen ari zarena preziatzeko.

Hala da. Askotan txapelketetan soilik baloratzen da irabazlea. Nire ustez, hor goian bazabiltza, beti daukazu aukera gehiago irabazteko. Orduan eta partida garrantzitsu gehiago jokatu, orduan eta esperientzia gehiago batzen zoaz eta gehiago ikasten duzu. Niri, alde horretatik, ondo etorri zait; azken finean irabaztea oso-oso zaila da. Nik sei txapel dauzkat, baina beste bost finaletan ibili naiz eta nik nahiago dut, horrek esperientzia ematen dizulako eta pixkanaka hazi eta hobetzen joaten zarelako.

Amaitzeko, xelebrekeria moduan. Elordi eta Lasoren partida ikusi al zenuen? Zuk Lasori bi sake jarraian egin zenizkion zabalera. Elordik ere gauza bera egin zuen. Zuk ikusita hartuko al zuen ideia hori?

Egia esaten badizut, ez dakit. Ostiralean jokatu zuen partida hori eta astelehenean elkarrekin entrenatu genuen. Oso lagunak gara eta beti saiatzen gara elkarri laguntzen gauza batzuetan eta besteetan, baina nik inongo momentutan ez nion horrelako ezer esan eta partida ikusi nuenean harritu egin nintzen. Horrekin ikusten duguna da Aitorrek partida guztiak ikusten dituela, detaile askotan fijatzen dela. Berak hasieratik nahi zuen aurkaria deskolokatu eta ikusi zen partida oso ondo prestatuta eraman zuela. Nahiz fisikoki prestatu eta entrenatu, gero partidak ere prestatu behar dituzu eta ikusi zen Aitorrek ondo prestatuta eraman zuela partida.

Jaurlaritza Logoa