Live
Geoffrey Hinton britainiarra, adimen artifizialaren garapenean aitzindari nagusietako bat (IA), Googlen duen lana utzi du teknologia berri horiek planteatzen dituzten arriskuez askatasun handiagoz ohartarazi ahal izateko, ‘The New York Times’ egunkariak astelehen honetan argitaratutako elkarrizketa batean adierazi duenez. Azken aldian, handik eta hemendik, inteligentzia artifiziala deabrutzen duten albisteak iristen zaizkigu. Baina, inteligentzia artifizialak izan baditu onurak ere, ezta? Adibidez, osasungintzan. Unai Elordi Hidalgorekin Vicomtech-eko ikerlariarekin heldu diogu eztabaidari.
«IAk metodo estadistikoak dira, nola erabiltzen diren da kontua», Elordiren arabera. Gakoetako bat erabileran dagoela esan digu Elordik, berez entrenamendu handia duten tresnak direlako. «Sare neuronalek gaitasun handia dute parametro asko antolatzeko. Horretarako soilik diseinatuta daude. Gauza batzuk guk baino hobeto egin ditzakete, horretarako entrenatuta daudelako».
Aplikazio ugari izan ditzakeela ere azaldu du Elordik, «nik erabili dezaket adimen artifiziala gaixotasun bat detektatzeko, baina baita fraude bat antzemateko, zerbait txarra egiteko edo niregatik idazteko ere, antzeko metodoarekin».
Osasungintzara ekarrita, aurreikuspenak egiteko gaitasuna azpimarratu du Elordik eta adimen artifiziala eta medikuak elkarren osagarri izan daitezkeela gaineratu du. «Diagnostikoa egiterakoan, kontua ez da adimen artifiziala medikua baino hobea ote den edo ez. Gakoa da bata bestearen osagarri izatea». Adibide bezala jarri du gaixo kronikoen kasua. Izan ere, kontrolatu beharreko parametro batzuk izaten dituzte, eta medikua gainean egon beharrean adimen artifizialak neurtu ahalko lituzke gorabehera horiek, «laguntza bat izan daiteke».
Ahalera darabil Elordik, oraindik inplementatu gabeko baliabideak direlako. «Ez daude horren garatuta industria barruan», dagoeneko badaude ere, bidea egiteke baitago. Badaude garapen eza azaltzen duten hainbat arrazoi, Elordik azaldu duenez. «Behar den datu kopurua liberatzea ilegala izan daiteke» eta horregatik trabak jartzen zaizkio batzutan. «Anonimizazioa» deiturikoa egiten da horrelakorik ekiditeko, pertsona identifikatu dezaketen elementuak gainontzekoez banatuz.
Erantzukizunen gaiak ere badu pisua alor honetan. «Diagnostiko bat gaizki egiten baldin bada eta ezer ez duzula esaten badizute, nork hartzen du erantzukizunaren zama? Nork du ardura? Zuk algoritmo bat ateratzen baduzu, horrek estimazioak soilik egiten dituela argi eta garbi azaldu beharko da eta atzean erantzuleren bat beti egon behar du».
Izan ere, asko dira neurtu daitezkeen parametroak eta horren arabera jakin daiteke, adibidez, norbaitek aurpegi «txarra» daukan. Edonola ere, adimen artifizialak ateratako ondorioak mediku batek gainbegiratu beharko lituzkeela azpimarratu du Elordik, ez baita erabat zehatza.
Antzeko zerbait gertatzen da ibilgailu autonomoen kasuan, «azken ardura gizartearen gain dago». Ardura delegazioaren kontua sartzen da afera honetan, «ardura enpresaren esku dago ibilgailua piloto automatikoan badago, aldiz, bolantea hartzeko esan eta gidariak ez badu hartzen, bere esku». Horregatik, osasungintzaren kasuan are zorrotzagoa izan beharko lukeela azpimarratu du adituak: «Nik oraindik nahiago dut robot batek baino, mediku batek egitea ebakuntza».