Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Ernairen 10. urteurrenean maitasun berezia eskaini nahi genion abestiari»

Martxoaren 11n aurkeztu zuten Elorrion ‘Orainari’, 2023ko Gazte Topaguneko abestia. Hamar urte betetzen ditu Ernaik eta «arduraz eta mimo handiz» jardun dira lanean Josune Arakistan, Süne, musikariarekin eta Leire Vargas idazlearekin sorkuntza prozesuan. Sortzaileekin eta antolatzaileekin izan gara.

Audio_placeholder

«Ernairen 10. urteurrenean maitasun berezia eskaini nahi genion abestiari»

Loading player...
2022ko abenduaren 29an aurkeztu zuten aurtengo Gazte Topagunea Elorrion bertan.
2022ko abenduaren 29an aurkeztu zuten aurtengo Gazte Topagunea Elorrion bertan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Azken txanpan sartu direla esan daiteke Elorrioko Gazte Topaguneko antolatzaileak. Duela aste gutxi aurkeztu zuten egunez eguneko kartela eta aurreko asteburuan abesti eta bideoklip ofizialak etorri ziren martxoaren 11n, larunbatarekin, jendez betetako areto batean. Sarreren salmenta modu onean doa eta orain, kantuan entzunda, «gogotsu jarriko da jendea» Ernaiko kide Ane Alavak esan digunez.

Sortzaileak hautatuz

Ez da erreza izaten halako ekimen baterako kantua nork egin aukeratzea, izan ere izen asko eta onak ditugu euskal kulturgintzan. Ane Alavak, ordea, argi adierazi digu nondik eta nora joaten den guztia: «Bi eztabaida paralelo ematen dira hori aukeratzerakoan, bata Ernain eta bestea Topaguneko antolakuntzan, eta askotan ez dira berdinak izaten. Guk, argi geneukan 10. urteurreneko abestia berezia izango zela eta Ernaik gaur eguneko eszenaren isla izan behar zuela. Hartara, emakume gaztea izatea nahi genuen ziur. Gainera hazten ari diren proiektuen aldeko apustua egiten dugu eta Süneren aukera paregabea zela ikusten genuen».

Gazte Topaguneko antolakuntzan dabilen Ixone Mendizabalek letraren gainean garrantzia berezia jarri dutela kontatu digu: «Eskualdeko emakume baten eskutik eta emakumeen arteko elkarlana sustatu dugula, eta horrek ere epika moduko bat ematen dio. Esan beharra dago honen atzean sekulako lana egoten dela lan talde propio baten eskutik».

Leire Vargasek ere taldeari buruz loreak bota dizkigu: «Azpimarratuko nuke taldearen garrantzia, oso zaindua sentitu naizelako bide guztian. Oso eroso sentitu gara lanean genbiltzala, nahiz eta jakin denboran oso estua izan dela guztia». Gogoan du azaroan edo abenduan jarri zirela berarekin harremanetan, «lagun batek kafe baten bueltan esan zidan eta baiezkoa eman nuen segituan. Aberasgarria izango zenaren susmoa neukan eta erabat horrela izan da, ekarpena egiten saiatu naiz oso motibagarria zaidan eremu batean, beraz, gustura».

Lausoago du momentua Josune Arakistainek, ez du zehazki gogoratzen noiz eta nola izan zen, baina bai zer esan zioten: «Leireren letra zegoela esan zidaten eta horrek ere asko motibatu ninduen. Pasioz eta motibazioz hartu dut hau guztia, gozagarria izan da eta gogorra ere bai denboraz larri ibili garelako, baina nire izena proposatu izana soilik ohorea izan da».

Biei hala biei Elorrioko Topagunerako kantua egiteak halako zera bat sentiarazi die barruan, izan ere 2002ko abestiak asko markatu zuen guztia. Kanpoko begiradak ere halako zerbait iradoki digu. Ane Alavaren hitzetan, «Elorrioko 2002ko kantua zegoen batetik eta 10. urteurrena zenez maitasun berezi bat ere eskaini nahi genion eta horrek presioa sentiarazten du. Gauza da musika sortzeko prozesuek ez dakigula ze tempus behar duten eta akaso gure urduritasunak gehiegi trasladatzen genizkiela sortzaileei, baina Topagunekoek mediadore lan oso ona egin dute».

Ixone Mendizabalek ironiazko mezu bat ere helarazi du horren harira: «2002ko kantuak asko eragin du eta herri bezala ere asko epaitu gaitu, jende askok kantua ezagutzen duelako eta Elorrio mapan jartzen ez dakielako». Josune Arakistainek onartu du kantu hura etorri zitzaiola lehendabizi burura, baina «niretik, motxila hori gainetik kenduta, lan egiten saiatu naiz».

Leire Vargas urte hartan jaiotakoa da, baina antzerako egoera batean sentitu da: «Nolabait ere zerbaiti erantzun beharra edota lekukoa hartzea bezala sentitu nuen, eta ardura moduan hartu nuen, baina sortzerakoan bigarren edo hirugarren planoan geratu zen gerora zorionez. Errealitatea asko aldatu da ordutik hona eta gaurkoari erantzun behar zion kantuak, eta keinutxo bat edo akaso sartzen saiatu gara. Kantu berriak egungo errealitateari erantzuten dio eta hamargarren urteurreneko kantuak orainari erantzun behar zion».

Musikari erreparatuz, countrya eta elektronika uztartu ditu Sünek, horretarako Moonshine Wagon taldeko kideak lagun izan dituela- «Moonshine Wagonekoekin kolaboratzea nahikoa instintiboa izan da. Nire erreferentziazko kantuetan countrya maiz egon da eta Süne proiektuan elektronika nahi dut jarri erdigunean. Countryak sustrai musika hori edo masa hori ematen dio eta elektronikak gaur egungora ekartzen du guztia, hortaz fusio hori saiatu naiz egiten».

Hitzei erreparatuz gero, memoria, herria, hizkuntza, zaintza eta dantza entzun ditugu edota sukaldea, gaztetxea, plaza bezalako espazioei egin die erreferentzia Vargasek. «Garrantzia berezia eman nahi izan diot ‘Bizitzeko modu bat’ hori osatzen duten gauzei. Diskurtsotik harago ekintzari begiratu nahi izan diot eta «erantzuna ekintzak» duela ere esaten dut hitzetan. Txikitasunetik jardun nahi izan dut, eguneroko lan horri, oinarrian egoteko moduari eta hurbileko elementuei begirada jarri nahi izan diet», esan du durangarrak. «Jaso nuen unetik oso erreala iruditu zitzaidan, ukigarria eta bisuala den letra bat iruditu zitzaidan. Letra puska bat iruditu zitzaidan eta oso identifikatuta sentitu nintzen», gaineratu du Arakistainek.

Irrika bizia

Gogotsu direla argi utzi digute bai antolatzaileek eta baita sortzaileek ere. Egunez eguneko kartelak ikusita, apirilaren 8an izango da Sünek ‘Orainari’ jendaurrean joko duen eguna. «Gogotsu nago jendaurrean abestea aurkezteko. Esan Irati eta Gari izan direla batez ere gurekin prozesu honetan guztian eta elkar jasaten egon direnak eta aipamen berezia egin nahi diet lan handia egin dutelako eta ondoan izan ditugulako».

Bide antzekotik joan da Leire Vargas ere, baina irrikaz dago abestia zuzenean aurkeztuko den egun horretarako: «Errespetu pixka bat ematen dit jendea abesten entzuteak. Akaso irisgarritasun gehien izango duen nire hitzak kantu honetan egongo dira, literatura undergroundagoa delako, baina irrikaz nago, jakina»

Ane Alavak ere argi utzi digu jendea gogotsu dagoela Elorrion egingo den Gazte Topagunerako: «Hasieratik harrituta geratu ginen, kartelari buruz ezer ere jakin gabe lehen tarteko abonu guztiak saldu genituen. Gero egitaraua agertzen joan den moduan halako goraka batzuk egon dira eta eguneko bonuak jarri direnean ere igo dira salmentak. Kontua da eguzkia, elurra, euria… dena delakoa eginda ere primeran pasako dugula».

Elorrion eguraldia ez da muga izango, gainera. «Euria bada aterpea dugu, eguzkia bada zelai eta parke ugari eta elurra badago elkarrekin jolastuko dugu plazan bertan», esan digu Ixone Mendizabalek. Topaguneko antolatzaileak, gainera, egin den lanari balioa eman nahi izan dio: «Prozesu bat jarri nahiko nuke balioan. Badago talde feminista bat eta haiei esker bermatu izan da beti emakumeen presentzia oholtzan eta nik uste dut irizpide horiek guztiak kontuan hartzeak eta hori betetzen dela ikusteak, horrek sortzen dit ilusio bereziena».

Alavak, bere aldetik, egiten den lanketari buruzko xehetasun batzuk gehitu dizkio horri: «Eszenan zer mugitzen den, gaztetxeetan zer dagoen, irratietan zer entzuten den, gazteen Spotify listetan zer aurkitu daitekeen, emakumeei oholtza eskaintzen zaie… hori guztia eta gehiago hartzen da kontuan. Nik uste dut gazteek gauza berriei aukera gehiago ematen saiatzen garela. Gainera, Euskal Herriko gazteen artean musikak garrantzia handia izan du, ez kulturalki soilik baita politikoki ere».

Oraindik «sorpresa ugari» falta direla ere kontatu digute antolatzaileek. Solasaldietako hizlarien izenak aditzera eman gabe dituzte, zerbitzu eta azpiegitura asko ez dituzte oraindik kontatu eta, horrez gainera, hamargarren urteurreneko ekitaldirako «sorpresatxo asko» ari dira prestatzen.

Mezua argia da: «Bizi ibili, laster sarrerak garestitu egingo dira-eta. NAIZen deskontuarekin eskura zitezkeenak agortu dira, hegan egin dute. Hala ere, egunean bertan ere espero dugu egongo dela bonuak eskuratzeko aukera, non eta denak ez diren aurretik saltzen. Batek daki!»

Jaurlaritza Logoa