Live
Burdin Hesia Larrabetzuko mendialdean zartatu zen; bertatik sartu ziren Bizkaira 1937ko ekainaren 12an faxistak. Larrabetzu hartu eta ekainaren 19an Bilbora iritsi ziren. 36ko gerraren eta gerraosteko memorian sakontzeko lan handia egin da Larrabetzun. Hamaika egitasmo bultzatu ditu herriak eta udalak urteetan zehar.
Oraingoan, artetik eragin nahi izan dute. Beste herri batzuetatik ideia hartu eta EHUko Arte Ederretako Fakultatearekin jarri ziren harremanetan. Hitzarmena egin zuten eta hiru lan artistiko garatu dituzte. Igor Elourdi zinegotziak «paradigma aldaketa txiki bat» izan dela azaldu dio NAIZ irratiari. Gerra eta gerraostekoa lantzeko moldeak eta ikuskera aldatzeko eta publiko berri batengana iristeko baliatu dute egitasmoa. Baita “euskal gazte sortzaileei euren arte lanak hortik tiraka egiteko aukera” zabaltzeko ere.
Fakultateak ikasleen proiektuen artean 3 lan aukeratu zituen, guztira bost artistek gauzatutakoa. Urtebete baino gehiago luzatu den sorkuntza prozesuaren ostean, proiektuek argia ikusi dute. Eriz Moreno (Bilbo, 1982) eta Amaia Molinetek (Lodosa, 1988) ‘Zirrikitua’ izeneko proiektua ondu dute. Argitalpen itxura hartu du. Gatazkari beste ertz batzuetatik begiratzen saiatu dira; gertakari historikoak aintzat hartzeaz gain, analisiak tokiko ikuspegia eta egileena ere batu ditu.
Ane Seijasen (Amurrio, 1996) eta Julen Saiz de Rozasen proposamenak ‘Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena’ izena du. Ikus-entzunezko bat osatu dute Bertrol Brechtek 1930ean idatzitako ‘Der Jasager und der Neisager’ (Baietz esaten duena eta ezetz esaten duena) idazlanean oinarrituta. Brecheten lana Larrabetzuko gertakizunekin lotzeko Bizkargin eta Gaztelumendin filmatutako irudiak baliatu dituzte.
Liben Svaartena (Leioa, 1994) da azken proposamena. Formatu fisikoan landu ditu zenbait testu eta horrekin batera 31 minutuko soinu pieza bat osatu du, sol nota oinarri hartuta, gerra egunetatik gaurdaino igaro diren ilunabar eta egunsenti guztiak irudikatu asmoz. Animazioek lagundu dute soinu pieza, «irudi formalak» landuz. Artista gisa, lan zaila izan dela azaldu digu: «Zauriak sendatu nahi dituzu eta azken finean oso zaila da proiektu bakar batekin zauri guztiak sendatzea. Baina gero konturatzen zara artista bezala gure eginkizuna hari horretan jarraitzea dela». Gaztea da Liben, eta proiektu honek gertakizunetara gerturatu du. Esperientzia aberasgarria izan dela aitortu digu.