Live
Euskal pop berria bezala bataiatu du gaurko tartea Iker Bárbarak: «Ideia poperoa eta arima poperoa duten kantuak dira aukeratu ditudanak, baina beste gauzekin nahastu direnak. Izan rocka, izan elektronika edo izan abesti tradizionalen bat».
Anne Lukin - Ni olvidar
Soinuz guztiz aldatuta dator Anne Lukin abeslari nafarraren azkena eta beste bide batetik doa orain erakutsi duenez: «Jarraitzaile asko ditu eta hori guztia lan asko egitearen poderioz izan da. Zahara, Miss Cafeina, Gorka Urbizu edota Chica Sobresaltorekin egin ditu kolaborazioak eta hori ere zerbaiten adierazle bada. Orain ikusi beharko dugu zein bidetatik jarraitzen duen. Beti aurrerapauso bat eman nahian dabilen horietakoa da, aldaketari beldurrik ez diona eta hori eskertzekoa da entzulearentzat».
Ghau - Murru bat
Proiektu askotan ikusi dugun pertsona da Gartxot Unsain, urte asko bait darama musikaren munduan: «Orain oso interesgarria da musika eta interpretazioaren mundua nola ari den nahasten Ghau proiektuan. Hilabetero abesti bat aterako zuela esan zuen eta martxoaren 17an ‘Arinira’ izeneko diskoa kaleratuko duela iragarri du. Trebezia handia du musika egiteko eta bere trebezia beste proiektu baten zerbitzura jartzen duenean ere ikusi dugu sekulako lanak sortzen direla».
Dupla - Alta gama
«Badirudi oso urte gutxi pasa direla Aguraingo zelaietan agertu zirenetik, baina dagoeneko 5 urte pasa dira. Rural Kids bezala agertu ziren, baina hirira iritsi dira eta erabat txertatuta daude mundu urbanoan. Oso gomendagarria da talde hau zuzenean ikusteko, eszenatokian sekulako festa sortzen dutelako. Nahiz eta estiloa gogoko izan ez, ondo pasatzera eramaten zaitu Duplaren emanaldi batek. Nazioartean, The Black Keys, Royal Bloods eta halakoek ere lortzen dute antzerako zerbait eta magia da hori lortzea. Oso zaila da bikoa izan eta jendea gisa horretara izatea kontzertuetan», esan digu Iker Bárbarak.
Txopet - Neska zaharrak
Azken proposamena agertu berri den talde horietako bat izan da: «Gaur egungo rocka egiten dutela esango nuke, elementu berriak erabiliz. Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuten, EP bat kaleratu dute, eta, printzipioz BBK Live jaialdian izango dira. Azkena Rock jaialdiko kartelean ere sartu zitekeen taldea da Txopet, baina ez dago zalantzarik festibal egokia dela Bilbokoa haientzat. Villa Sound Bilbaon ikusi nituen, hasiberritan zirela, eta asko gustatu zitzaigun epaimahaikooi. Hortaz, behetik gora datorren talde horietakoa da nabarmen, indarra dute eta zikintasuna eta melodiak nahasten dituzte modu orekatuan».