Live

Interview
Jurgi Ekiza
Willis Drummond taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea

«Askok bizi izan dugu Stockholmeko sindrome hori eta maitemindu gara kondenatzen gaituenaz»

Willis Drummondek ‘Hala ere’ iragarri zuenean halako urduritasun bat sortu zitzaigun eta atera orduko pozarren entzun dugu. Vincent Bestaven taldera batu zenetik elektrikoan atera duten lehen diskoa da. Besteak, ezagunak, Xan Bidegain, Felix Buff eta Jurgi Ekiza; azken honekin aritu gara solasean.

Audio_placeholder

«Askok bizi izan dugu Stockholmeko sindrome hori eta maitemindu gara kondenatzen gaituenaz»

Loading player...
Felix Buff, Xan Bidegain, Vincent Bestaven eta Jurgi Ekiza, Bilboko kaleetan, ‘Hala ere’ aurkeztu zuten egunean.
Felix Buff, Xan Bidegain, Vincent Bestaven eta Jurgi Ekiza, Bilboko kaleetan, ‘Hala ere’ aurkeztu zuten egunean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Zer moduz zaude?

Ongi, diskoa ateratzearen lasaitasunarekin eta lehen erreakzioak nolakoak izan diren ikusten. Orain bilakatu da jendearen diskoa.

Denbora asko pasa diskoa da grabatu zenutenetik, ezta?

Aurten, lehen aldiz, denborarekin egin dugu diskoa, agendak hala inposatu digulako: biniloan argitaratu nahi genuen eta fabriketako epeak oso luzeak zirela bagenekien. Apirilean grabatu eta maiatzean nahastu genuen.

Lehen prentsa oharrean disko pausatua izango zela aipatzen zen. Nik pausa horren bila jarraitzen dut...

Sentsazio eta adierazpen horiek ziurrenik izan ziren sortu genuen lehen kanta ‘Bidasoa’ izan zelako eta kanta hori bai badelako pausatuagoa. Indartsua da diskoa, oso elektrikoa, oso gordina, eta hori bilatu dugu grabatzeko prozesuan. Akaso hain bortitza ez izatearen arrazoia da ahotsak ez direla hain oihukatuak edo  altuak. Konposizioak eta soinua argiagoak direla esango nuke, ez hain ilunak, baina elektrikoa da eta indarra eman dugu bertan.

Diskoa irekitzen duen ‘Mandarina’ kantua bada sorpresa eder bat. 70. hamarkadako psikodelia eta rock progresiboaren kutsu hori badu, baterian filtroaren erabilera introan… Diskoa Shorebreaker-en egin izanaren eraginetako bat izango da hori, ezta?

Hori da. Shorebreaker, laburki esateko, Johannes Buffen, Felixen anaiaren, estudio profesionala da. Bere lanbidea da, baina guk proiektu horretan parte hartu dugu, lagunduz, estudioa eraikitzen. Alokairuaren kolaboratzaile ere bagarenez, etxe horretan entseatzen dugu eta denbora ainitz elkarbanatzen dugu Johannesekin. Grabatu dugun estudio berean entseatzeko aukera izan dugu eta beste artista askoren lana ere bertatik bertara jarraitu ahal izan dugu, sorkuntza asko dagoen etxe bat da eta giro horrek laguntzen du. Johannesen preampak, mikroak… ‘savoir faire’-ak lortzen du disko honen soinua.

Zerbait oso gordina egiten hasi ginen baina ez diogu deus debekatu gure buruari. Pedalak eta efektuak erabiltzen hasi ginen. Entzuten den punteo txiki horretan denok ditugu flanger eta phaser efektuak eta badu halako mugimendu bat... Sekulako plazera hartu dugu hori eginez. Ideia Felixek eraman zuen eta, berak maketatu zuen modura, efektuak askoz sakonagoak-eta ziren. Gu saiatu ginen muga batean egoten eta  ‘seventies’ toke bat ematen, eta asko gustatu zitzaigun.

 «Grabatu dugun estudio berean entseatzeko aukera izan dugu eta beste artista askoren lana ere bertatik bertara jarraitu ahal izan dugu, sorkuntza asko dagoen etxe bat da eta giro horrek laguntzen du».

Mandarina diskoaren azalean ere agertzen da. Ba al du ‘The Godfather’ pelikularekin zerikusirik? Izan ere, han ere laranja bat agertzen da heriotza bakoitzaren ostean eta hura ekarri dit gogora.

Ez ez, ez dago halako kanpo erreferentziarik. Mandarina hori hor egoteko bi arrazoi daude. Bata estetikoa da: diskoaren azala egitea pentsatzen hasi ginenean Gillaume Fauveau etorri zen eta gure argazki bat jartzea pentsatu genuen azalean, 70etan egiten zen moduan. Baina une berean ohartu ginen asko maite genuela Andy Warholek The Velvet Undergroundi egindako bananaren diskoa eta baita Wilcoren azala, katu batekin. Gustatu egin zitzaigun katuaren edota bananaren diskoa bezala identifikatzearen ideia, ikonikoa zelako, eta, hortaz, gure lehen kantuan mandarina aipatzen denez, hura hautatu dugu.

Eta bigarren arrazoia hori da, ez dela kasualitatea. Mandarina aipatzen den unean, mandarinak zer sinbolizatzen duen aipagarria da.

‘Stockholmen’ ez dut ulertu zergatik gertatzen den hiri horretan.

Stockholmeko sindromearen inguruan ari gara. Biktima erasotzaileaz maitemintzen da halako kasu batzuetan eta oso harreman arraroa sortzen da hor. Hau aipatu nahi izan dut jendeak baduelako halako harreman mota bat ultra-aberatsak direnekin. Elon Musk edota Jeff Bezos krisi garaian nola aberastu diren ikusi dugu, nola akabatzen duten bertako komertzioa, zenbat kutsatzen duten… eta hala ere jendeak miretsi egiten ditu. Hala, iruditzen zitzaidan askok bizi dugula Stockholmeko sindrome hori eta maitemintzen garela kondenatzen gaituenaz, eta hori guztia kantu batean sartu nahi nuen. Beraz, salatu nahi nuen jende hori ez dela miretsi behar, baina baita aberastu diren horiek beren aberastasunak ez dituztela banatzen ere, ardura larri bat dutelako mundu honek duen egoeraren aurrean.

Kantu honetan dauden zaratak eta abar, deigarriak dira.

Hau da ene soloa, teknikoki egiten dakidana.

Balioa kentzen ari zara zure buruari, ez da gauza erraza: efektuen koordinazioa, gitarraren mugimendua… eta guztia abesten ari zaren bitartean.

Egia errateko betidanik maitemindua izan naiz akopleekin eta Laboaren kantuaren hastapenean ere egin izan dugu. Betidanik gustatu izan zait jakitea gitarra non ipini anpliaren parean eta hori guztiaren bilaketa, akopleekin jolastea ainitz gustatzen zaidalako. Gero efektuak sartu, reverb bat edo delay bat, eta kasu honetan chorus bat dago. Distortsioa ere badu eta horrek guztiak hodi baten barruan bageunde bezalako soinu bat sortzen du. Nabari da akoplearen zikintasuna, baina ematen du atzean uzteko parada eta ahotsa lehen planoan mantentzekoa.

‘Western smile’ hori ere ez dut oso argi zer den, baina nik amerindiarren eta cowboyen pelikula bat irudikatu dut, non amerindiarrak, mendeku gosez, galduta dabilen cowboy bakartiari barrez ari diren.

Izaten al dira halako irudiak, hori da. Aipatu beharrekoa da Vincentek ekarri zuela musika ideia hori eta ingelesez egindako letra bat zuela sortzerakoan, gero nik euskaratu eta musikara egokitu dudana. Istorioan xuri batzuen bizipena kontatzen da, sekulako festa egin osteko biharamunarekin basamortu batean esnatu direnak. Ez dakite bizitzen ari diren hori haluzinazioa den edo ez, izan ere amerindiar edo indigena batzuk daude beren aurrean eta haiek gauzak irakasten dizkiete gizon xuriei. Hortik sortzen da mendebaldeko irriaren zera hori, irudikatu nahi izan dugulako mendebaldeko zibilizazioa desagertzen ari dela.

Desert rocka da abestikoa, akustikoa modu finean erabili da eta horrek eramaten gaitu desertura zuzenean. Hori bai, Xanek sekulako marrazkiak egiten ditu abesti honetan.

Saiatzen gara kantua giro batera eramaten eta Vincentek kasik kantu osoa ekarri zuen etxetik. Jatorrizko kantuan tronpeta bat ere bazen, ideia mantendu eta laukotera ekarri dugu, geureganatu egin dugu. Berak sekulako lana egin du gitarraren soinuan, nik oso arruntak diren marrazki txiki batzuk egin ditut eta baxuak lerro nagusiak markatu. Kantu honetan teklatu bat sartu dugu, halako melodia sinple bat sartzeko. Gitarrarekin egin genuen proba, baina teklatua sartu genuen azkenean. Oso gutxi izan dira gehitutako instrumentuak, nahiago izan dugulako alde gordina eta zuzenekoa mantendu.

Lauok abesten duzue hemen?

Bai, koro efektua lortu nahi genuen eta ez da efektu hoberik lauok abestea baino. Nire ahotsa grabatu genuen ahots nagusi moduan, baina beste hiruak beste mikro batean jarri ziren elkarrekin abestuz.

Egia da lauok abestea maite duzuela.

Bai, eta azken urteetan asko landu dugun zerbait da, akustikoetarako hala pentsatu genuelako eta, plazer hartu genuenez, zuzenekoetan eta diskoetan ahots guztiak sartzen saiatzen gara.

Zuek, jolastu gabe ezingo zenukete musikarik sortu, ezta?

Hori ziur, eta bizi ere ez, bizitza jostaleku bat delako. Esaten dugu, baita ere, bizitza infernu bat dela jakin nahi duenarentzat, hau da, ez garela obsesibo bilakatu behar gauzen jakiteko. Bizitzaren sekretuetako bada denbora ikasten eta gustura pasatzea, eta diskoa grabatzen oso ondo pasa dugu.

Bizitza modu frenetikoan bizi dugunaren mezua iritsi zait ‘Makina’ kantuan. Zuk ere horrela bizi duzu? Frenetismorik gabe aspertuko zinateke?

Ez dakit, saiatzen baikara gure bizitzetan frenetismo hori jausten. Kritika bat da munduari, geroz eta fiteago eta fiteago doalako, baina horma baten kontra kolpatzen bukatzen dugu beti. Ziur asko guk ere frenetismo hori bizi dugu, baina orain kontziente gara, eta erritmo hori lasaitzeko asmoa badugu. Horrek ez du esan nahi gutxiago inplikatuko garenik edota pasioa jautsi denik, baina bai jakin behar dela denbora hartzen maite dituzun gauzak egiteko eta maite duzun jendearekin egoteko, eta, batez ere, gauza garrantzitsuak zeintzuk diren jakiteko eta kontuan hartzeko.

Gitarrak hartzen duen abiadura sekulakoa da. Askotan esku ezkerrari begiratzen diogu, trasteetan hatzak mugitzeko moduak txunditzen gaituelako, baina zeinen garrantzitsua den erritmoa daraman eskua ere.

Batez ere ni bezalako gitarra-jotzaileentzat, ez baitut sekula gitarra eskolarik jaso. Erritmikak egiteko eskuarekin asko jolastu izan dut eta abesti honetan zer esanik ez. Vincentek badu misio hori, kantua mantentzekoa, eta ni hor nabil erritmikak kenduz, gehituz… eta bukaera oso fite emanez. Lisabö taldearen oso zalea naiz, haien eskolakoa naiz, eta uste dut bukaeran saiatu naizela horretara hurbiltzen.

«Jolastu gabe ezingo genuke musikarik sortu, eta bizi ere ez, bizitza jostaleku bat delako. Bizitzaren sekretuetako bat bada denbora ikasten eta gustura pasatzea, eta diskoa grabatzen oso ondo pasa dugu»

Bukaeran badator pausa ‘Ez dugu behar’ eta ‘Bidasoa’ kantuekin. Lehendabizikoan dagoen baxu-gitarra elkarrizketa sekulakoa da eta zuen arteko konplizitatea geratzen da agerian. Gainera, hitzek ere laguntzen dute.

Ba pozten naiz hori entzuteaz. Aspaldi maketatu nuen ideia zen ‘Ez dugu behar’ abestiarena, bi gitarrak eta baxua zituen hasieratik eta bateriaren ideia ere banuen. Ez nekien Willisentzat zen ideia hau, baina hasi ginen probatzen eta segituan sortu zen halako groove oso natural bat, eta plazer hartzen hasi ginen. Hortaz, diskoan mantentzea erabaki eta gehiago landu genuen. Nik hasieran Pearl Jamen zerbait entzuten nuen eta gero Nirvanaren beste zerbait. Gainera, hirugarren zatian, The Strokes taldearen zerbait ere ikusi nuen. Baina ez nekien noraino iritsiko ginen. Letra egin eta ahotsa sartu ondoren bukatu dugu baxua, ahotsari erantzunak egiten dizkiolako bigarren zatian eta ahotsik gabe zaila zen Xanentzat hori bukatzea. Baina, hala ere, badirudi denak momentu berean jota dagoela eta zuzenekoaren irudi hori badu.

Letra sexualitatearen eta orientazio sexualaren inguruan idazteko nahitik dago sortua. Hasi nintzen gauzak idazten, nora nindoan jakin gabe, eta LGTBIQ+ mugimenduaren eta feminismoaren inguruan irakurtzen hasi nintzen asko, fenomenoa ulertzeko eta interesa banuelako. Baina, gero, idazterakoan, nire harreman pertsonalaren inguruan hitz egiten hasi nintzen eta, bikoteari buruz bada ere, edozein maitasun erlaziotara mugitu daiteke. Bikotea ez da kontzeptu bezala aipatzen, ez eta gizarteari plazer emateko kontzeptu bezala ere, baizik eta praktika bezala eta egunero lantzen den zerbait bezala. Hau da diskoko maitasun kantua, nolabait esatearren.

Bukatzeko, kontzertu sorta polita duzue lotuta.

Bai bai, lehenak iragarri ditugu eta Euskal Herritik kanpora ere baditugu hitz eginda hainbat gauza, baina ezin ditugu oraindik kontatu. Lehena Bilbon izan zen, gero Biarritzen izan ginen, Orion, Ahotsenean… Eta diskoa jendearekin elkarbanatzeko gogoz ginen eta hori egin dugu eta egingo dugu. Estatutik ibiliko gara, baina Donostian, Gasteizen, Azpeitian, Iruñean… izango gara eta gero etorriko dira sorpresak.

Jaurlaritza Logoa