Live
1964. urteaz geroztik, udaldean ospatzen da Baztandarren Biltzarra, Baztan udalerri eta haran nafarra osatzen duten 15 herrien arteko senidetasun jaialdia. Ez du data zehatzik, baina uztailaren 25aren aurreko edota ondorengo igandean ospatu ohi da, Elizondoko jaiegun nagusia den Done Jakue Egunaren testuinguruan.
Bi aldiz eten da soilik Baztandarren Biltzarra: 1997an, eguna birpentsatzeko beharrak bultzatuta, eta 2020an covid-19ak eragindako izurriteak hala behartuta. 6 hamarkaden ostean, festaren etorkizuna ez dago bermatua. Astelehenean Baztandarren Biltzarra antolatzeaz arduratzen den elkarteko kideek prentsaurrekoa egin zuten Elizondon. Zikloa ixteko erabakia hartu du lantaldeak eta ez du festa antolatzen jarraituko. Erreleboa hartzeko inor prest balego, ordea, laguntza eskaintzeko prest agertu dira.
Oihana Retegi talde motorreko kideak azaldu du urtez urte egin duten «aldarrikapen festa» zer den: «Baztandarren Biltzarra elkarte bat da, Baztango gazte batzuk sortu zuten garaiko hutsunea betetzeko: euskal giroa politikoki zein kulturalki indartzea. Eta erabaki zuten Baztan osatzen duten 15 herrien arteko festa bat egitea».
Antolakuntzako kide baztandarrak adierazi du lantaldeak «zikloa ixteko ordua» iritsi zaiola sumatu duela. Egun 15 bat kide daude elkartean eta lan talde bezala ongi funtzionatzeko 30 behar izaten direla azpimarratu du, hala ere esan du ez dela aurtengo kontua: «Urte dezente daramatzagu gainbehera batean, jende asko behar da, eta bertan gaudenok urte asko daramatzagu, ez dugu belaunaldi aldaketa egoki emateko aukerarik izan».
Auzolanean egindako antolakuntza
Antolakuntza prozesua ere kontatu du Retegik, antolatzeko modua asko aldatu bada ere, «denbora luzeko antolakuntza» dela aipatu du. Urtarrilean abiatzen dira festa egingo den edo ez erabaki eta lehen kontratazioekin, eta ondoren, hilabetean behin bildu ohi dira.
60. edizioa kolokan dago aurten, baina oraindik badute «elkartearen biziraupenarekin jarraitzeko esperantza». Izan ere, gidaritza hartuko dituen taldetxo bat hurbilduz gero, egun taldean dauden kideak laguntzeko prest daudela adierazi du Retegik: «Prest gaude laguntzeko, lehenengo urteetan aholkulari izan eta festaren antolakuntzan bidelagun izateko. Eta taldean ere badago jarraituko lukeen jendea».
Beldur da pandemia belaunaldi berrietara ez iristeko oztopo izan delako, are gehiago, gazteriaren konpromisoa «jaitsi» dela sumatzen du «bai Baztandarren Biltzarrean eta baita bestelako ekimenetan ere». Hala ere, gogoratu du 2017an antzeko egoera batekin egin zutela topo: «Ez ginen behar beste antolakuntzan, bilera zabal bat deitu genuen eta bertatik 10 kidek ardurak hartu behar zituztela esan, festa egin nahi bagenuen behintzat. Eta atera ziren 10 bolondres horiek». Oraingoan ere, dei egin die baztandarrei ardurak hartzera animatu eta beraiengana hurbiltzeko.